Izenburua: Gaizkileen Galtzada. Leitzako dorreak
Idazlea: Garazi Albizua
Ilustratzailea: Amaia Ballesteros
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2023
Ā«Gaizkileen Galtzada. Leitzako dorreakĀ» eleberriak fikzioa eta historia bilbatzen ditu XIV. mendeko Gaizkileen mugako gizartearen adierazgarri izan ziren bidelapurrak, ahaide nagusien boterea, herritik hesitu bezala basorantz bidalitako pertsonak, gosetea, Gaztelaren hasierako trikimailu maltzurrak eta, oro har, giroa gogortzen zuten botere nahiaren ustelkeria sarea adierazteko.
Irakurle, esku artean duzun hau, txatal askorekin ondutako testu berezia da, puzzle baten piezak bailiran, batu beharko dituzu gertaerak. Pertsonaia bakoitzaren beldurrak, asmoak eta betebeharrak jakitearekin batera, murgilduko zara giro pozoitsu eta erakargarrian.
Fikziozko liburua izanik eta liburu historikoa izan gabe ere, badute obra honetako kontakizunek testuinguru historiko bat 1327an hasi eta 1346ra bitarte luzatzen dena. Horrez gain beste hainbat erreferentzia historiko ere ageri dira narrazioan. Baina irakurri ahala ahaztu egiten zara historiaz, eta bertako pertsonaia indartsuen mundu errealean sartzen zara buru-belarri edo sartzen zaitu Garazi Albizuak. Nafarroako erresuman garai hartan zeuden ezinegonak, borrokak, traizioak, Gizpuzkoako ahaide nagusien intrigak, deserriratutako hesituak eta hauen bizimodu miserablea sarritan, lapurren tentazio iturri ziren burdinolak, gotorlekuak… denetik ageri da obra honetan, baina batez ere indar izugarria dute pertsonaiek: Erraldoe Matxingorri (Berastegiko oƱaztarren buruzagia), Azeari, bere laguntzailea, Ionandone, eta hainbat emakume zein baino zein nortasun handiagokoak: Nekoiza, Andrane, Bele, Eritze; Reta, merioa… eta bereziki Gaztelatik espioitzarako bidalitako Dominikus de Esteribar, apaiz higuingarri eta maltzurra.
Obra osoa irakurtzerakoan konturatzen zara murmurio gozoan egiten duela aurrera kontakizunak, nahiko doinu orekatua baitauka eta Leitzelarrea basoko indar izugarria transmititzen dute horko pertsonaiek eta istorio labur bezain zirraragarriek. Nik uste dut gure antzinako historia ulertzeko, miresteko eta sentitzeko baliabide oso interesgarria izan daitekeela obra hau bai gazteentzako eta baita helduentzako ere.
Garaziren idazteko era berezia da: estilo trinkotua, kontzisoa, elipsi askorekin, esaldi laburrekin (Azorinen estiloa gogoraraziz hainbatetan)… Estilo berezi horrek batzuetan kolpatu egiten zaitu, indar narratibo izugarria daukalako. Liburua atontzen eta txukuntzen aritu garen denbora horretan aitortu nion behin Garaziri ānik oraintxe bertan harrapatuko banu Dominikus apaiz putakume hori (barka espresioa), lepoa bihurrituko nioke nire eskuekin eta bertan ito.ā Hainbesterainokoa da sorrarazten dizun higuina, nazka, gorrotoa…
Kritika ofizialak ez dakit nola hartuko duen liburu interesgarri hau eta, agian, egur pixka bat ere eman diezaioke, euskal idazleok horretara ohituta gaude, baina beldurrik eta lotsarik gabe aitor dezaket liburu bikain eta oso interesgarri baten aurrean gaudela eta gazteak eta ez hain gazteak anima daitezela irakurtzera eta Leitzelarreako gertakizun zirraragarri eta paraje zoragarri eta misteriotsuez gozatzera.
Zenbat kostatzen zaigun euskaldunoi gure sentimenduak aitortzea eta beharrezkoa denean goraipamen hitzak erabiltzea. Kritika gupidagabea egiteko prest egoten gara, baina besteen balioak eta sorkuntza positiboak aitortzea… hori beste upel bateko sagardoa da. Eta ikasi egin behar dugu sorkuntza lanen alde positiboak ere balioesten eta jendaurrean aitortzen.
Zorionak, Garazi, obra bikain hau denoi eskaintzeagatik, eta zorionak Leitzako udalari ere honelako lan interesgarri baten edizioa babestu eta laguntzeagatik.