Izenburua: Bi hitz
Idazlea: Garazi Goia
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2008
Poetak zioen maitatzen ez dakien pertsona ez dela bizi, baina asko eta itsu maite duenak ere lanak ditu. Galdutako amodio baten kontakizuna da eleberri hau, galdu den unetik hasita, obsesioaren eremuetan sartzen den unetik. Sentimendu ezberdinak korapilatzen dira, eromena, beldurra, bakardadea, sexurako grina, mina… helburu bakar batekin: galdutakoa berreskuratzea, beste behin bada ere, partekatua bada ere, edo betiko ahaztea. Kontatze modu bizia erakusten du Garazi Goiak bere lehen eleberrian, esaldi laburrez josia, gordina batzuetan, zenbaitetan amets girokoa, sortu duen fikzioari tamaina hartzen beti.
Maitemina da bizkarrezurra. Protagonistak eguneroko gisakoa egiten du, hainbesteko mina eragin dion mutil-lagun ohia ahaztu nahian. Pertsonaiak ez daude batere landuta. Nerabe batek idatzitakoa ematen du zenbaitetan. Zati batzuk beste batzuk baino hobeak iruditu zaizkit. Bukaera gustatu zait gehien. Erraz irakurtzen da, eta denborapasa ona izan daiteke. Baina nire ustez, eta bi hitzekin esateko, eskas samarra da.
Ona, ona, Garazi.
Hari nagusia: Emakume baten maitemina eta abandonatua izatearen amorrua eta etsi ezina. Sentimen mundua dantzan: maitasuna eta obsesioa, galtzaile izatearen samina eta mendeku sua eta hutsa eta bakardadea…eta sexua, jelosia, turismoa…Gauza franko, egia esateko, liburu mehe batean bildurik. Gauza franko eta ongi kontatuak, irakurlearen konplizitate bilatuz…eta konplizitatea lortuz.
Bai, aitortzen dut: perfektua da protagonistaren maitasuna, idealak bere harreman eta larru-jotzeak, joko, paisaia eta pasarte borobilak, paperezkoak, alegia. Paperetan diot, zeren bizitzan gauzak hain borobilak ez baitira izaten (edo nire gabezia ote?). Sentimendu puruenak ere beren orbanekin kontatu beharko lizkiguke autoreak, argazki zuri-beltzenen zertzelada grisak ere, tonu eta matiz onduagoak (helduagoak). Egia; baina eman diezaiogun aukera. Joanen da autorea ere ontzen. Hau bere lehenengo aldia da.
Zerari diot erreparatu liburuan, oso gurea dugun jarrera bati: apegoa, itsatsita gelditzeko joera hori, iragana idealizatu eta hari lotua bizitzeko joera-jarrera-uzia. Agian ez da horretaz esplizituki mintzo protagonista (“gauza unibertsalaz hitz egiteko, gauza txikiez hitz egin behar da lehenik”, agian). Azpimarratu egin nahi nuen nik zera hori: bikote galerak tragedi bilakatzeko joera hori, askatu nahi eza, soltatu ezina edo beldurra edo delakoa, gaitza egin arte. Oso gurea delako (latinoa?, kristau-judutarra?).
Eta kontatzeko modua: asko gustatu zait kontatzeko modua, estiloa, hitz jarioa. Esaldi laburrak, bizi-bizi, eskutik hartuta eramaten zaitu eszenak irudikatzera. Oraintxe gela batean, sarri txateo zibernetikora, geroxeago argazki albumari begira. Sentimen eta obsesio berberak antzezten, eszenario ezberdinak bilatuz. Eta erritmo aldaketa: oraintxe baltsa erritmoan, oraintxe saltsa (ederra flash aldaketak trenean doala), lasai, arnas estuka. Eszenario ezberdinak, erritmo aldaketa eta formatu freskagarriak. Ongi etorriak BBCtik datozkigun haize berriok.
Eta aldiberean, euskara mamitsua, zuztar ederrakoa, taupada sanoa, goierrikoa. Aditza ikaragarri ongi: objetutzat defini zaitzaket zu, hobeto leudekeen, norabait ninderaman, kezkaturik nirudiela, gogorregia zatekeen… Hau gazte bati aditzea gaur bada zerbait.
Den dena ongi ezin izan: lastima esaldi batzuk ez dituela orraztu gehiegi, orraztu eta erraztu: “Xariar sultanak bere emaztea beste gizon batekin enganatzen ario zaiola jakin zuen egunean erail egin zuen emaztea”.
Nire idurikoz.
Seguran jaio eta Londresen bizi den idazle baten lana izatea nahikoa arrazoi izan daiteke goierritar batentzat liburua erosi eta irakurtzeko. Gainera, gogoko ditut Euskal Herritik kanpora garamatzaten euskal idazleen liburuak. Nire ustez, gure literatura aberastu egiten baitute. Kasu honetan, ordea, Berlinen hasi, Londresen garatu eta Euskal Herrian bukatzen den istorioan kokapenak ez dauka horrelako garrantziarik. Agertzen dira, bai, bi hiriotako zenbait bazter eta txoko, baina hemengoak izanik ere, berdin-berdin egingo zuen aurrera nobelak. Izan ere, maitemina da nobelaren gaia; maiteminak sortutako sentimenduak. Sentimendu horiek norbanakoarenak eta unibertsalak izanik, kontatzeko moduari nabaritu diot atzerriko zenbait usain; alegia, zinemetan edo filmetan ikusitako zenbait lagunen traza hartu diot pertsonaiari. Baina, bigarren pertsonaren erabilera eta zenbait pasartetako bizitasuna gustatu egin zaizkit.
Liburua hau, irakurterraza eta urbilekoa iruditu zait, gustora irakurtzeko bezalakoa.
Eleberritxo hau amaitzean sentimendu kontraesankorrak sortzen zaizkit. Alde batetik liburu horri originala deritzot estiloari dagokionez, hamar atal dauzka eta zein baino zein ezberdinagoak dirak.Horretaz gain Garazi Goiak oso ondo ezagutzen duela London nabaritzen da: bigarren atala irakurri eta gero, Britainia Handira joateko gogoa sartzen zaigu. Bestalde, oso testu ulergarria da, oso erraz irakurtzen da-eta. Horregatik irakurketaren inguruko krisialdia pairatzen ari direnei gomendatuko nieke. Izan ere liburu hau 2 egunez irakur daiteke. Bestetik sinpleegia iruditzen zait batik bat lexikoaren ikuspuntutik:idazleak hiztegi pobreegia erabiltzen du. Gainera eleberri hau 7.mailan dauden ikasleek irakurtzea komenigarria izango litzateke, batez ere baldintzak oso landuta baitaude (nik hogeita hamar zenbatu ditut); subjuntiboa eta ahalera ere badaude. Beraz oso ondo dago hainbat Gramatika gai berrikusteko.Zita kulturalen aldetik, liburu hau nahiko txiro iruditzen zait ezpada Gabriel Orestiren olerkiak. Xerezaderen istorioa aipatzea lekuz kanpo dago, nire aburuz. Bukatzeko ez da liburu egokia euskara maila polita dutenentzat, euskaltegietan edo eskoletan daudenentzak baizik.
Oso gustura irakurri dut.
Liburu hau gustura irakurri dut. Irakurterraza da eta gaia, pertsona baten ezintasuna maitasun galdua ahazteko, gehienontzat oso hurrekoa. Gustatu zait letra bakoitzarekin testutxo bat idaztearen ideia, agian batzuk soberan dauden arren. Arazoren bat aurkitu dut aurreneko kapituluaren ordenarekin eta pertsonaia nagusiaren sinesgarritasunarekin; umeegia iruditu baitzait maitatzeko duen eran, kontuan hartuta, bizimodua eta lana hogeita hamar urteak ondo paseak dituen emakume batenak iruditu zaizkidala. Hala ere edozeini gomendatzeko moduko liburua iruditzen zait.
Oso erromantikoa iruditu zait, eta horrekin ez dut esan nahi literatura arrosan sailkatuko nukeenik. Gustatu zait. Irakurterraza baina urragarria, oso modu errazean bere sentimenduetan barneratzen zara. Niri barrukoak mugitu zizkidan.
Oso gustura irakurri dut, erraz. Edozeini gomendatzeko modukoa.
Eleberri honetan galdutako amodioak protagonistari sorrarazten dizkion sentimendu guztiak azaltzen dira. Idazleak maiteminaren deskripzio oso zehatza egiten du. Oso liburu interesgarria iruditu zait.