Zu ikusteko bidean

0

Izenburua: Zu ikusteko bidean
Idazlea: Gari Garaialde
Argitaletxea: EDO!
Urtea: 2012

Jendea. Espaloia. Jendea. Espaloi gehiago. Argi batzuk. Jendea. Eta jendea. Argi gehiago. Errepidea. Eta jande gehiago. Errepidea? Errepidea. Goiza. Jendea. Eta jendea. Ura, edo jendea. Goiza. Euria. Eta jendea. Jendea oraindik. Elurra ere bai. Jendea goizean. Jendea errepidean. Jendea esna. Jendea lo. Euria. Zezen bat, bakarra, urrundik, handi izan ez, eta libre ez dagoena. Lainoa. Errepikapena. Itzala, edo errainua? Jendea. Jendea zain. Jendea errepidean. Arin bidean. Mantso airean. Gaua. Eta nekea.
Poema eder bat idatz liteke lehengai horiekin. Are ederragoa da Gari Garaialdek argazkiz osatu duen lana, ‘Zu ikusteko bidean’. Kronika da? Erreportajea? Poema bisuala? Honezkero milaka diren baina beti bakarra den eta beti bakarra izan arren honezkero milaka diren bidaiak erakutsi dizkigu egileak, 40 argazkitan. Zuri beltzean, behar zuen bezala, ilunetik argirako arkuari espresibitate guztia zukutuz. Errealitatea handikeriarik gabe -tarteka gordin, bere zipriztin errepikapen orban eta izpiekin- kontatzeko grina du Garaialdek. Inguruan gertatzen denaren berri emateko ezinegona duenaren betaurrekoekin begiratzen die egileak bazterrei eta jendeei, eta samurtasun handiz aukeratzen ditu erakutsi nahi dituenak. irudiak kameraz hartzea arrunkeria bihurtu den honetan, argazkigintzari eta norberari buruz gogoeta egiteko bidaia eta gonbita ere bada Garaialderen bilduma hau. Hainbeste jendek asteburu oroz kartzeletara joateko hainbeste errepide zergatik jan behar duen ozen galdera egiteko modu bat ere bai, noski, bide batez.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments