Izenburua: Hori zen dena
Idazlea: Goiatz Labandibar
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2019
“Hori zen dena” esaten da bitan ipuinotan. Bi ahots desberdinetan. Biak emakumezkoenak, narraziootako pertsonaia guztiz gehienak bezala. Eta balio desberdinekin esaten da bietan. Batean, abisu baten itxiera da. Bestean, aldarria, bizitza berri baterako atea irekitzeaz batera esana. Hamasei dira liburu hau osatzen duten piezak; 15+1, hobe esanda (eta irakurleak berehala antzemango dio zergatik). Hamasei giro, hamasei mundu, eta bilaketa bakarra: egunerokotasunaren ifrentzuaren eta pitzaduren berri ematea irakurleari. Xalo-xalo batzuetan, maltzurki bestetzuetan, ironiaz maiz, barrez zein serio, bero nahiz epel, sekula ez hotz. Eta beti dirdiraz eta bizi-bizi. Labandibar kontalaria da senez, eta lañotasun landu batez laguntzen dio irakurleari literatura eta bizitzaren arteko muga ez beti zehatzetan barrena.
Ikaragarri gozatu dut Goiatz Labandibarren ipuin hauek irakurtzen. Haize freskoa dira euskal literaturan. Bera baino lehen, nik dakidala, Jasone Osorok ‘Gretan’ izan ezik, inork ez zuen emakumeen desioen gainean hain modu argi eta zehazgabean idatzi.
Ipuin horietako protagonista gehienak emakumeak dira, ‘Alsoma’ izeneko kontuarena izan ezik, homosexuala baita, eta azken atala Haiku bat balitz bezala idatzita dago. Bestalde, liburu honetan Oiartzungo idazleak gustuak eta rolak inbertitzen ditu.
Horrela, ‘Astelehenak’-eko pertsonaia nagusiari egun hori gustatzen zaio. 70 urteko Karmele mutil-lagun bila dabil ‘Tangoa’ atalean, baina ezkonduta dagoenez, senarraren heriotza nahi du. ‘Abisua’ atalean, amak alabari, haurdun dagoenari, abortatzeko aholkatzen dio, eta ez dio bikotekideari kontsultatzen, hark ordainduko baititu ondorioak.
Kapitulu guztiak nahiko laburrak diren arren, guztiek mezu bat gordetzen dute, nire ustez, pizgarria, iraultzailea eta originala.
Carmen Elejabeitiak dioen bezala, “Agian emakumea izan behar da”. Liburu hau amaitzean nik pentsatzen dut “Agian lesbiana izan behar da”. Hori da dena.
Ideia eta gogoeta onak dakartza Goiatz Labandibarrek bere istorio laburretan, baina agian landuagoak izan beharko zuketen, ahaleginduagoak. Bere aurreko liburuak prometegarriagoak ziren, eta maila bat gorago zeuden. Dena den, arin eta erraz irensten da.
Liburu xumea Goiatz Labandibarren hirugarren hau. Hamasei narrazio labur-laburrek osatzen dute liburua eta denek oso antzeko maila dute, ez dago oroimenean geratuko den narraziorik liburua amaitzean. Narrazio baten bat nabarmentzekotan, ‘Alsoma’ ipuina aipatuko nuke, luzeena dena, hain zuzen (9 orrialde).
Oso azkar irakurtzen da liburua, oso laburra izateaz gain hizkera erraza delako. Beraz, egun batean amai daiteke irakurketa, lasai-lasai. Ondorioz, eskuragai badago liburua erosi beharrik gabe, irakurri daiteke. Beste gauza bat da horrengatik ordaindu behar izatea, nik egin dudan moduan.
Beraz, ezin dut gomendatu liburu hau. Ea hurrengoa!