Izenburua: Zoo
Idazlea: Goiatz Labandibar
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2024
Paraje urruneneko kanpin galduenera bakardade bila doan familia, igerilekuko monitore gisa xox batzuk atera nahi dituen ikaslea, parranda-asmotan dabilen gazte-taldea, tribu osoa inguruan biltzen duten matriarkak, autokarabanak elkarri erakutsiz lehiatzen diren bikoteak, lehenbiziko muxua, lehenbiziko ligea, lehenbiziko adar jartzea probatuko duena…
Askotarikoa da kanpinetan mugitzen den fauna, eta horren lagin eder bat dakarkigu Goiatz Labandibarrek ipuin-bilduma honetan: istorio jostalari eta argiak, begirada zorrotz baina amultsua zuzentzen diotenak giza jendeari, gure ahulguneak umorez hartu eta opor giroari dagokion arintasunaz ospatzen dituztenak.
Oso liburu ona Goiatz Labandibarren hau. Hamabi ipuin ditu eta den-denak atseginak dira. Azkar irakurtzen da liburua eta oso zapore ona uzten du amaieran.
Idazkera oso ona izan da, erderismorik gabe, eta ondo tartekatu ditu elkarrizketak eta narrazioak, baita gutunak ere, liburuari izenburua ematen dion ZOO ipuinean bezala.
Laburbilduz, oso liburu ona une atsegin bat pasatzeko.
Ondorioz, oso gomendagarria da liburu hau.
Gozatu ederra hartu dut Goiatz Labandibarren ipuin liburu honekin, Goiatzi irakurri dizkiodan beste bi liburuekin bezala (‘Amez’ eta ‘Bekatua’). Estilo propioa daukan idazle honen idazkera izugarri gustatzen zait, eta oraindik hilabete dexente falta diren arren, agian hau izango da nire hautagaia 2024ko saria irabazteko.
Ipuin liburu askotan gertatzen zait ipuinen bat edo beste gustatzea, baina beste batzuk ez; baina ‘Zoo’ko ipuin guztiak gozagarriak iruditu zaizkit. Bakoitzak bere gustuak ditu, eta Gasteiz 9.5en kasuan ez bezala, ‘Aldra’ da nire kuttuna.
Ziurtatzen dizuet barre egingo duzuela!
Goiatz Labandibari irakurtzen diodan laugarren liburua da honakoa. Baina hau ezberdina da, besteak eleberriak dira eta testu hau hamabi ipuinek osatzen dute. Kanpina dute denek gai nagusi. Batzuetan, ‘Zoo’ edo ‘Gonbidapena’ narrazioetan adibidez, haurrak dira protagonistak. Beste batzuetan, emakumeak, ‘Iniziazio’ delakoan bezala, eta beste batean erretiratuen bikote bat, ‘Ojigi’-n gertatu den bezala. Tonuagatik, estiloagatik eta gaiagatik aurrekoak baino azalekoagoa iruditu zait, ez hain sakona.Gehien gustatu zaizkidanak ‘Programa’, ‘Azkura’, ‘Zoo’ eta ‘Ojigi’ dira. ‘Aldra’ eta ‘Iniziazioa’, gutxien. ‘Aldra’ oso tetrikoa eta apur bat morbosoa iruditu zait, eta ‘Iniziazioa’-k hainbat istorio nahasten ditu, tonurik eta izaterik gabe. Formagatik ‘Hamakaldia’ nabarmenduko nuke. Ez da bi pertsonaiaren arteko elkarrizketa bat, baizik eta Aimar eta Aitana, elkarren artean komunikatu gabe, pentsatzen dutena kontatzen doaz.
Estiloari dagokionez, hizkera erraza darabil idazle oiartzuarrak, batere konplikatua ez dena. Badirudi modu azkar batean idatzia izan dela, eta modu zehatzean. Ipuin guztiak bukaera harrigarri batekin amaitzen dira, irakurlea espero ez zuen amaiera batekin harrituta utziz.
Labandibarrek zoologoa balitz bezala deskribatzen du kanpineko bizimodua, eta hortik dator irakurlea engaina dezakeen izenburua. Uda denez eta gehienak oporretan gaudenez, merezi du Goiatz Labandibarren unibertsoan murgiltzea eta idazle honek proposatzen dizkigun hainbat kanpinetan egun batzuk gozatzea.
Kanpinetako bungalowetan, igloo moduko denda txikietan eta partzela beteko kanpin-denda handietan garatu ditu Goiatz Labandibarrek hamabi ipuin eta horiekin osatu du udaberrian argitara eman duen ipuin-bilduma: Zoo.
Gustura asko irakurri ditut ipuinak ironia eta umorea dutelako osagai nagusi kontakizun gehienek, eta pertsonaiak primeran zizelkatu dituelako mailukada eta xehetasun txikiekin erreal eta ia-ia- ezagun bihurtu arte. Era eta adin guztietako pertsonaiekin egingo dugu topo Goiatzek sortutako zooan: Saturrarango kanpinera doazen gaztetxoak, bikote-harremana eten ostean bakarrik doan emakumea edo auto-karabana etxe bihurtu duten aitona-amonak. Denak daude aldez aurretik aukeratutako kanpin batean, oporretan, aisialdian, askatasunean … baina, tamalez, ez dirudi lar zoriontsu direnik. Hortaz, pena!
Orain, udan irakurtzeko oso liburu egokia; zer esanik ez, kanpin batean irakurri ahal badugu eta inguruko partzeletan dauden auzokideak begirada zorrotz eta maltzurrarekin isilean behatzeko aukerarik galtzen ez badugu. Edo, bestela, edozein urtarotan uda gogoratzeko, Goiatz Labandibarrek noizbait gure gozamenerako egin duen moduan.
Bukatzeko, izugarri ederra Irune Izquierdok oparitu digun azalerako argazkia.