Emakumeak teknologiaren historian

1

Izenburua: Emakumeak teknologiaren historian
Idazlea: Gontzal Avila
Ilustratzailea: Iosune Avila
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2020

Gaur egun, badakigu asko eta asko direla historian zehar teknologiaren esparruari ekarpenak egin dizkioten emakumeak. Baina gutxik lortu dute aitortza, beren asmakizunetatik eta lanetatik bizitzea eta gizartearen esker ona jasotzea. Gehienak, tamalez, ez dira aintzat hartuak izan, eta, horien artean, asko dira gutxietsirik eta zangopilaturik bizi izan direnak. Makina bat hil dira pobrezia gorrian ere, haien sormenaz baliatu den gizarteak baztertuta eta ahaztuta, askotan.

Liburu hau urrats txiki bat baino ez da teknologiarekin, asmakizunekin, enpresarekin eta beste hainbat arlorekin zerikusia izan duten emakumeak nabarmentzeko eta egokitu izan zaien egitekoa zalantzan jartzeko.

Zoritxarrez, ordea, ezagutza merezi duten emakume asko daude iluntasunean, oraindik, orri hauetan ere tarterik izan ez dutenak. Lan honek balio beza, bada, emakume horiek guztiak apaltasunez omentzeko, eta gizarte justuago bat lortzeko zer egin handia dagoela ez ahazteko. Izan ere, ez dago ulertzerik gizateriak gaurdaino egin duen bidaia luzea, emakume horien guztien bultzada eta ekarpena kontuan hartu gabe.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
1 Iruzkin
Berrienak
Zaharrenak Bozkatuenak
Inline Feedbacks
View all comments
Donostia 47.3

Izango dira 15 bat urte lagun batekin asmatzaileen erakusketa bat ikusi nuela. Eskailera mekanikotik gertuen zegoen asmatzaileak , 30 urte inguruko gizaseme batek, hara non galdetzen digun ea enpresariak ginen, eta ezezkoa jasotzean, ea norbait ezagutzen genuen bere asmakizuna, prototipoa, era industrialean sortzeko dirua jartzeko prest zegoenik. Finantziazio-bila zebilen, eta antzera zebiltzan beste asko ere, adibidez, aizto berezi bat asmatu zuten bi gizaseme edadetu andaluziarrak. Egoera bertsuan egon ziren ere, finantziazioa aurkitu ezinda, liburu honetako hainbat asmatzaile; guztiak emakumeak izatea aldea. Eta aldea gizonezko batzuek hainbat emakume asmatzaileri jarritako era askotako trabak eta egindako gutxiespena. Eskerrak gizon guztiak ez ziren traba-jartzaile. Adibidez, Amelia Earhart hegazkin-pilotuaren bidaia garestientzako dirua aurkitzen —datu hori ez dakar liburuak— trebezia berezia zuen senarrak.
Beste hau ere esan behar da, liburu honetan aipatzen diren emakume ia guztiak asmatzaileak direla, baina ez direnak ere alorren batean oso gora iritsitakoak direla, Euskal Herrikoak zein atzerritarrak. Adibidez, liburu interesgarri honi esker jakin dut asteroide batek emakume bilbotar baten izena duela.
Emakume hauek norbanako gisara aipatzen dira, hirugarren atalekoak kenduta. Atal honetan Euskal Herrian esanguratsuak izan diren hiru emakume-kolektiboren berri ematen da: liho-ehuleak, Pasaiako batelariak eta Donostiako Tabacalera lantegiko zigarrogileak.
Bukatu baino lehen bada kontu bat aipatu nahiko nukeena: asmatzaileei buruz ari naiz. Oker egon naiteke baina pertzepzio hori izan dut, ez bakarrik liburu honekin, neurri batean baita telebistan ematen ari diren asmatzaileei eskainitako saio batekin ere.
Zerbait asmatzeak, edozein delarik tramankulua edo, soka oso luzea dakar: ideia izan behar da, diseinua egin, prototipoa fabrikatu, probak egin, probak ebaluatu, ate asko jo prototipoa era industrialean egiteko dirua lortze aldera, balizko lehiakideak zertan dabiltzan jakin, asmakizuna patentatu, merkaturatu… Oso luzea da soka, oso, eta inpresioa daukat soka luze eta bide malkartsu hori ez dela geratzen behar bezainbat islatuta liburuan, eta ez ote duen indar gehiegi hartzen asmatzaileak berak. Orain dela gutxi gertatu zait Donostian, Eduardo Chillidaren Haizeen Orrazian. Mutiko batek bazekien eskultura Chillidarena zela, baina beste zerbait ere jakin nahi, eta amari galdetu zion, ondoan zeukanez, ea non fabrikatu zuten eskultura eta nola eraman zuten itsasertzera. Jakina artistaren izena, asmatzailearena jakin behar dela, eta batzuk hori jakitearekin nahikoa dute, baina obra bat, asmakizun bat hori baino zerbait gehiago da, askoz gehiago, eta ez dakit ba “askoz gehiago” horrek behar besteko leku hartzen duen liburuan. Alegia, liburuak ez ote duen gehiegi hartzen katalogo-itxura. Berriro diot oker egon naitekeela pertzepzioan.
Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi Iosune Avilaren ilustrazioak, erretratuak. Lagun batenak datozkit burura: zein ederrak diren!