Beti oporretan

5

Izenburua: Beti oporretan
Idazlea: Harkaitz Cano
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2015

Harkaitz Canoren 14 ipuinek osatzen dute “Beti oporretan”. Uda, asteburu luzea, txangoa. Geure buruari opa diogun gozamen tartea da oporraldia. Atseden hartu eta indarrak berritzeko sasoi irrikatua. Beti ez dira gauzak espero bezala gertatzen hala ere. Desegokia suerta daiteke bidaidea, nahas liteke giroa edo trakestu familiako bakea.

Itsasoa, erreka, igerilekua, hondartza, irla… nabarmen urtarrak eta naturaren atseginari lotuak dira narrazio hauetako asko. Baina bizipozaren ifrentzuak ere badu bere taupada: iraganeko zoriona berritu ezinak dakarren sosegu eza. Zoriontsuak izan ginen lekuetara ez itzultzea gomendatzen dute zuhurrenek. Nola eutsi tentazioari, ordea, noizbait paradisu txikiren bat ezagutu baldin badugu?

Subscribe
Notify of
guest

5 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Roberto

Lanak izan ditut liburu hau amaitzeko, nahiz eta luzea ez izateaz gain, ipuin soltez osaturik egon. Hala ere, ahalegina egin behar izan dut azken ipuineraino iristeko. Istorioetako batzuk modu interesgarrian hasten dira, baina berehala interes hori galdu eta ohartzen zara ipuina noiz amaituko zain zaudela. Ez dakit, inpresioa izan dut egileak kaxoietan zituen istorioak atera dituela liburu bat osatzeko.

Irun 67.1

Besterik gabe. Oso ahula. Irakurri erraz egiten da baina ez du ekarpenik egiten. Bukaerak fortzatuak edota osatu gabe.

Bilbo 54.3

Aspergarria iruditu zait Harkaitz Canoren azken liburua. Asko kostatu zait amaitzea, liburua berriro hartzeko gogorik gabe geratu nintzelako. Ez dut ipuinik salbatuko, ez baitut batere gozatu horiek irakurtzen eta ez dut bat ere gogoratuko denbora pixka bat pasatuta.
Egia da inoiz ez naizela oso ipuinzalea izan, istorio luzeak gehiago gustatzen zaizkidalako, baina ez da hori liburua gustatu ez izanaren arrazoia, baizik eta ipuinen kalitate eskasa.
Beraz, ezin dut gomendatu ipuin liburu hau.
Ea Harkaitz Canoren hurrengo liburua hobea den!

Eibar 101.1

Ziur aski Harkaitz Canoren liburu txarrena, eta agian Harkaitz Canok berak idatzia ez balitz ez zena argitaratuko.
Ipuin pare baten ideia besterik ez nuke salbatuko. Niretzat ipuinek bukaera on bat izan behar dute, eta etsigarria zen ipuina irakurtzen joatea aldez aurretik jakinda ez zuela amaiera duin bat edukiko. Idazlearen alperkeria edo inspirazio falta?

Julen

Egia esan ipuin liburuen zalea ez naiz, hala Canoren liburu hau irakurtzeko gogoa baneukan, kritika nahiko onak izan dituelako.

Ipuin ia guztietan haserako pasarteak oso ondo idatzita daude, aurrera jarritzeko gogoa ematen dizu, baina bukaerak ez daukate indarrik.

Ipuinetan, bertsoetan eta laburmetraietan bezala, garrantzitsuena bukaera dela iruditzen zait. Oraingo honetan bukaera gehientsuenak ez didate zirrararik eragiten.

Modu berezian idatzitako ipuina (hegazkinekoa, punturik ez daukana) nekagarria egin zait, ez dut irakurketa osoa bukatu.

Beraz irakurri daiteke liburua, gehiegi espero gabe ordea. Oporretan irakurtzen dituzuen liburuak bezala.