Izenburua: Mecanografiak
Idazlea: Harkaitz Cano
Hautaketa: Irati Jimenez
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2018
Idazle batzuk gauza bat egiten dakite eta oso ondo egiten dute, baina beste idazle batzuk gauza asko egiten dakite eta horiek guztiak oso ondo egiten dituzte; Harkaitz Cano bigarren talde horretakoa dugu. Euskal literaturaren azken hamarkadetako erreferentzia nagusienetakoa da Harkaitz eta gure literaturako ipuingilerik oparoenetakoa dugu. Irati Jimenez idazleak Harkaitz Canok idatzitako hamarnaka ipuinen artean genero eta formatu ezberdinetako narraziorik onenak bildu ditu, irakurlearen plazera helburu: mikroipuinak, fantastikoak, errealistak, metaliterarioak, umoretsuak, gordinak, surrealistak, satirikoak…
“Bilduma ez-akademiko bat, koherentziarik galdu gabe egiten saiatu naizena. Irakurle berri batzuk idazle handi baten mundu alegiazkoetara erakarriko ditu, beharbada, eta ezagutzen dutenei akaso irakurri ez dituzten narrazio batzuk ekarri eta beste batzuk gogoratuko dizkie. Deskatalogaturiko radiobiografia batzuk biltzen ditu, euskaraz eman gabeko ipuin bat, prentsan eta lan kolektiboetan barreiatutako narrazio batzuk eta Canoren ipuin liburuetako ale bikainenetako zenbait”.
Gure literaturak daukan idazle osoenetariko, oparoenetariko eta trebeenetariko baten mundu literario berdingabea ezagutzeko eta gozatzeko egindako oparia da antologia hau.