Zakur kale

3

Izenburua: Zakur kale
Idazlea: Harkaitz Zubiri
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2007

Ospitalean zain aurkitu du emaztea, burumakur. — Ondo al zaude? —galdetu dio senarrak. Emazteak hots batez erantzun du, agian baiezkoa adierazi nahian. Medikuarekin bakarka hitz egitera joan da gizona. Kezkatua dirudi medikuak. Emakumeak osatzeko hilabeteak beharko dituela iradoki dio. — Kolpe gogorrak jaso ditu. Poliziarekin hitz egin beharko zenuke —aholkatu dio. Emaztearen albora itzuli da senarra. Izutu egin du haren aurpegi zurbilak. Indartsua izan da beti emaztea, pentsatu du gizonak, baina nekez eutsiko lioke inork honelako zerbaiti. Orain gertatu behar zuen, erretiroa hartu ondoren, hainbeste urtetan Abegi SAren bulegoetan aulkiari itsatsita egon ondoren. Zenbat buruko eta bizkarreko min, Donostian bizimodu apal bat mantendu ahal izateko. Erretiroarekin, egun osoa beren buruei eskaintzeko asmoa zuten. Gizonak nahikoa lan badauka bizkarreko mina baretzen eta gehiegi ez erretxintzen. Batzuetan ezin izaten du ohetik altxa ere egin. Umetatik du gorputz ahula. Eskerrak gaztetatik emaztea alboan eduki duen, dena errazten. Emakumeak ez du sekula eritasunik izan, tarteka tristura egun batzuk. Biak makal daudenean bakarrik sortzen da zailtasunen bat. Ez dute lagunduko dien inor, eta noiz edo noiz elkarrentzat traba izango dira. Emakumea ezin batean doa ospitaleko korridorean barna. Inoiz ez du emaztea gaur bezain lur jota ikusi. Zer basapiztia motak egin diezaioke horrelako zerbait zahartzen ari den emakume bati? Gorrotoa, pentsatu du gizonak, hori bai animalia bortitza eta ezustekoa, segundo batean erraldoi bihurtzen dena. Kotxean sartu direnean, barkamena eskatzear egon da senarra. Baina ez daki zergatik eskatu beharko liokeen. Eta isilik geratu da, gauari begira. Gero eta hotzago dago kanpo aldean.

Subscribe
Notify of
guest
3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Galdakao 55.1

Harkaitz Zubirik Donostialdean (Donostian eta Pasaian) kokatzen du bere lehen lana. Hamar ipuinen artean denetik dago, baina badaude hari batzuk lotura bezala: _Hiria. Donostialdean. _Lana. Bi enpresetan egiten dute lan protagonistek. _Nola egiten dieten aurre bizitzako une zailei. Eguneroko egoerak islatzen ditu Zubirik, mileuristak” eta hasiberriak, nagusien eta politikoen ondoan, sare konplexua osatzen. Nahiko interesgarria izan da baina nire ustez oraindik bere estiloa landu behar du Zubirik. Bereziki gustatu zait zazpigarren ipuina “Mugiezinik geratzearen arriskua”.

Azpeitia 77.2

Oso ona iruditu zait liburua. Alde batetik, pixka bat gordina egin zait, baina errealitate gordin bat, gaur egungoa, deskribatzen duelako. Batez ere lan arloko harremanak, nagusi-langile arlokoak, bikote artekoak edo familiartekoak oso sinesgarriak iruditu zaizkit, eta erraz egiten da liburuan aurrera. Ez da alferrikako hitz eta itzulinguruetan galtzen. Zuzena, zorrotza, irakurterraza, eta egungo gure bizimoduaz gogoeta eginarazten dizuna.

Ibarra 44.1

Gustatu egin zait hamar narrazio hauen artean dagoen lotura (enpresa, protagonistak…) nahiz eta istorio guztiak independienteak izan. Liburuaren kontrazalean azaltzen da istorioen protagonistak donostiarrak direla; nire ustez, edozein tokitakoak izan zitezkeen. Hasierako istorioek bukaerakoek baino gehiago erakarri naute. Lapurrak narraziotik aurrerakoek, bereziki, intentsitatea (edo nire arreta) galdu dute. Hizkuntzaren aldetik, estilo zuzena du, baina nire gusturako, hotzegia.