Suak eta hautsak

1

Izenburua: Suak eta hautsak. Herri borrokak Frantzian
Idazlea: Hartzea Lopez Arana
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2021

Frantziako estatutik maiz heltzen zaizkigu herri mugimenduen oihartzunak: greba eta blokatze luzeak; antolakundeek gidatzen ez dituzten protesta sozialak, feministak eta arrazakeriaren kontrakoak; kale borroka aldirietan eta hirietan; klimaren inguruko mobilizazioak; eta, berrikitan, ZAD edo babestu beharreko guneak.

1789ko eta 1848ko iraultzak iturburu dituen erresuman, Estatuak mespretxuz, errekuperazio saiakeraz eta oroz gainetik bortizkeria militar eta judizialez erantzun izan die protestariei. Kale itsutik ateratzeko, matxinoek hainbat egin molde eta perspektiba atondu dituzte, eztabaida sutsuen bidez eta dinamiketara batzen ari den belaunaldi berriaren bultzadarekin.

Saiakera didaktiko honek gertakari eta bilakaera horien kontaketa egin gogo du, molde kronologikoan eta garaian garaiko lekukotasunekin, Pariseko Komunatik 68ko Maiatzera, deskolonizazio gerletatik Emmanuel Macronen agintaldiak eragin jazarpenetara. Ondare eta esperientzia horien guztien ezagutza gure jarduna elikatzeko baliagarri izanen delakoan.

Subscribe
Notify of
guest
1 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Gasteiz 9.5

Nolako aurkikuntza izan den niretzat Hartzea Lopezen liburua. Testua oso modu probokatzailean hasten da, Frantziako herria harrotzat, elebakartzat eta koldartzat joz. Saiakera honen helburua da erakustea jaka horien borroka ez datorrela ezerezetik. Egileak erakutsi nahi du frantziarrak beti izan direla borrokalariak eta aldarrikatzaileak, gutxienez 1789ko iraultza burgesetik gaur egunera arte.
Lehenengo zatia 1789tik 1968ko maiatzera doa. Bertan, idazleak Olympe de Gouges feminismoaren aitzindaria eta heriotzara kondenatua aldarrikatzen du. Klase-borrokan garrantzitsuak diren beste pertsona batzuk ere nabarmentzen dira, hala nola Saint-Simon kondea, Fourier edo Auguste Blanki, teorialariaren “benetako berdintasun soziala” (21. orrialdean). 1871ko Parisko Komuna ere aipatzen du. Tamalez, bi hilabete baino ez zuen iraun, eta errepresio itzelak eten zituen esperantzak. Victor Hugok eta Emilio Zolak salatu zuten hori.
Bigarren atala 1968an hasi eta 2012an amaitzen da. Bertan Maiatzeko erreboltak ekarri zuen itxaropena azpimarratu du. Pierre Bourdieu soziologoari dagokionez, “Ordena finkatuari atxikimendua galdearazi zion denboraldia. (63. orrialdean). Lopez Aranentzat matxinada honek ahots jakin batzuen baieztapenak beste hainbat jende multzori eman zien kemena: etorkinak, presoak, herri zapalduetako abertzaleak eta ekintzaile armatuak (73. orrialdea.
2012tik 2018ra bitarteko urteak hirugarren zatian daude deskribatuta. Bertan Bataclan kontzertu aretoko eta Charlie hebdo aldizkariaren aurkako atentatuak aipatzen dira. Horiek dela eta, emigrazioaren kontrako kontrolak areagotu ziren. Haietako batean hil zen Adama Traoré, 24 urteko gazteak nortasun agirik aldean ez zeramalako.
Azken atalean azaltzen zaigu noiz, non eta nola jalgi ziren jaka horiak, nola zabaldu zen borroka Reunion Uharteraino, frantziar kolonia inperialen herentzia, eta nola pandemiak momentuz jaka horien manifestaldiak isildu zituen, berandu baino lehen itzuliko direnak.
Laburbilduz, saiakera super interesgarria, Frantziaren historia ikuspegi iraultzaile batetik berrikusten duena. Ez galdu!