Biodiskografiak

3

Izenburua: Biodiskografiak
Idazlea: Iban Zaldua
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2011

Mezu ezkutua Led Zeppelin IV Atlantic, 1971 Zorabiatuta sentitu naiz une batez. Beti gertatzen zaidan moduan. Gero, begiak ireki eta kokatzen saiatu naiz. Nire aurrean, morroi bat lurrean eserita, ipurdiz behera erori izan balitz bezala. Ondoan, Philips plato bat, binilo beltza kontrako norabidean jiraka. Berehala ulertu dut. Berriro ere “Stairway To Heaven”. Inbokazioa. Astunak dira gero. –Satan al zara? –galdetu dit mutilak. –Nor bestela? –erantzun diot–. Atzeraka ipini duzu kanta, ezta? –Bai, baina… –Eta hemen agertu naiz, sufre-hodeien artean, ezta? –Bai, baina… –Ez al dut Deabru itxurarik, ala? –Ez da hori, baina… –Ba orain ikusiko duzu zertarako gai naizen –egin dut orro, nire ahots latz-sakonenaz, eta hatzarekin seinalatu dut: nire madarikaziorik boteretsuena bota behar diot amateur ergel honi. Orduan, ezer burutzeko astia izan aurretik, berriro nabaritu dut: hodi batetik xurgatuko banindute bezala. Luze. Gelditu naiz azkenik, edo gelditu naute. Berriro zorabio laburra. Parean, beste gaztetxo bat, begiak arranpalo. Led Zeppelinen diskoa atzera jiraka, pick-up txiki batean. Astunak dira gero.

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Gasteiz 9.11

Istorio laburrez osatutako liburu interesgarri bat da honako hau. Idazlan bakoitza disko bati lotuta dago. Oso laburrak dira eta, gehienetan, ezusteko amaiera daukate, erdi paralizatuta uzten zaituena. Shock-a gainditu behar da hurrengo istorioari ekin ahal izateko. Hizkera bizia eta gertakari sinesgarriak erabiltzen ditu Ibanek. Oso gustura irakurtzen da.
Aukeratu duen musikaz, harritu nauena da nola bera eta biok ia adinkideak izan arren eta abiapuntu bera (The Beatles, baina nire kasuan Love Me Do eta ez Revolver) eduki arren, gure bideak noraino desbideratu diren. Spotifyren laguntzaz entzun ditut Zalduak liburuan proposatzen dizkigunak eta abesti politak direla onartu arren, estilo horiek jadanik ez dira nire unibertso akustikokoak, aspaldidanik lerratua bainaz jazz mundura

Oñati 45.2

39 ipuin laburrez osatutako ipuin-liburu honek Iban Zalduaren bizitzan garrantzitsuak izan ziren edo marka utzi duten pop-rock diskoekin lotutako ipuinak dakarzkigu. Ipuinak oso laburrak dira. Gainera, kontuan hartu behar dugu liburuaren formatua ezohikoa dela; karratua da, eta horrek orriei ohikoa baino tamaina txikiagoa ematen die. Disko bakoitzaren irudi bat ere badakar liburuak; irudi bilduma bitxi eta aipagarri bat.
Aipatu bezala, musika da ipuinetako gai nagusia. Hasieratik nabari da autoreak asko dakiela musikari buruz, pop-rockari buruz batez ere. Ipuin hauetan fikzioa eta errealitatearen arteko muga ez dago oso ondo definitua, ondorioz, ipuinetan azaltzen diren pertsonaia ugari autorearen alter egoak direla pentsa dezakegu. Joko horrekin irakurlea harrapa dezake eta une oro kontatzen denetik zer den egia eta zer fikzioa galdetzera behartu.
Liburua, orokorrean, oso irakurterraza da, bost arratsaldetan buka daiteke. Irakurtzeko modurik egokiena azaltzen diren taldeetako baten diskoa jartzea izan daitekeel uste dut, eta musikak dirauen bitartean ipuinak irakurtzen joatea. Gomendagarria baino, bi aldiz irakurtzeko ipuin-liburua dela esango nuke. Eta, amaitzeko, Fermin Etxegoienek egindako hitzaurrea zein Mikel Hernandez Abaituaren hitzatzea irakurtzea pena merezi duela aipatuko nuke.

Bilbo 54.3

Oso liburu bitxia Iban zalduaren azken hau. Bitxia bai liburuaren formatuagatik (karratua eta txikia) bai edukiagatik (pop-rockari buruzko 39 ipuin). Disko batzuen azalen ondoan ipuin labur bana jarri du Ibanek eta oso gustora irakurtzen dira, nahiz eta nik nahiago izan irakurketa patxadatsuago bat (liburu honetan hori lortuko zen ipuin gutxiago baina luzeagoekin, baina hori izan da idazlearen aukera eta ezin da esan akatsa denik). Literaturaz gozatzeaz gain, ikasi ere egiten da, musika mota horren inguruan. Nik, egia esan, ez dut inolako kultura musikalik, eta liburu honi esker talde batzuen existentzia bera ere ikasi dut. Bestalde, hizkera erraza eta bizia da, eta liburuaren erritmoa, abiadura handikoa. Beraz, oso gomendagarria da liburu hau, pop-rock musika gustatzen zaienentzat batez ere.