Izenburua: Ipuina engainua da
Idazlea: Iban Zaldua
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2022
Iban Zaldua, euskal ipuingintzaren aldarrikatzaile ez ezik praktikatzaile handienetakoa dugu, eta espiritu horri helduz ondu du ipuin-bilduma berri hau; aurrekoaren aldean bi berezitasun: bilduma potoloagoa dela eta aldi berean ipuin gutxiago dituela (hamazazpi); beraz, istorioak ez dira hain laburrak; edo, zehatzago esateko, ohiko ipuin laburren ondoan, nobela laburren neurrira hurbiltzen diren istorio luzeagoak ere ondu ditu, ipuinaren muina mantenduz betiere. Gaiak, berriz, askotarikoak, Zalduaren unibertsoa osatzen dutenak gehienbat: bikote-arazoak, adulterioak, guraso eta seme-alaben arteko gorabeherak, kontu fantastiko zenbait (ohi baino gutxiago), zientzia-fikzio apur bat, sare sozialetako jardueraren parodia, gizarte-kritika (segregazio eskolarra dela, armagintza dela), pop musikaren mundua, eta baita metaliteratura ere, ipuinari berari buruzko teoriak barne
Ipuin-liburu luzea ekarri digu Iban Zalduak eta ezin dut esan gustora irakurri dudanik. Hamasei ipuinek osatzen dute liburua eta gutxirekin gozatu dut. Astuna egin zait orokorrean eta asko kostatu zait amaitzea. Adibidez, azken ipuina, ‘Ipuina adulterioa da’ izenburukoa, izugarri luze egin zait eta hiru irakurraldi behar izan ditut amaitzeko, oso neketsua gertatu zaidalako irakurketa.
Ezin dut esan ipuinak txarto idatzita daudela, Iban maisua delako istorioak kontatzen. Baina argumentuak aspergarriak iruditu zaizkit eta, esan dudanez, ez dut batere gozatu.
Beraz, ezin dut gomendatu liburu hau. Ea hurrengoa!
Oso ondo idatzita, kalitatez eta ulerkortasunez. Iban Zaldua ipuinetan, edo hobe esanda, narrazio laburretan maisua dugu, baina ez espero amaiera orijinal edo ezusteko handiegirik. Bere kontakizunean bizi dugun postmodernitatearen klitxeak nonahi, noizbehinka bere literatur jakinduriaren harrotasunarekin zipriztinduz. Oro har, gustura irakurtzen diren istorioak.
Iban Zalduari irakurri diodan lehen liburua da, nahiago baitut eleberriak irakurtzea ipuinak baino. Baina esperientzia positibo honen ostean, ez dut uste irakurtzen dudan Zalduaren azken liburua izango denik.
‘Ipuina engainua da’ 16 istoriok osatzen dute, batzuk besteak baino arrakastatsuagoak, nire ustez. Idazle honek autofikzioa ukatzen badu ere (Alea, 350. zenbakia), bere bizitzako pertsonaiak eta bizipenak erabiltzen ditu. Hala, pertsonaia batzuk unibertsitateko irakasleak dira eta beste batzuek irakurle kluba zuzentzen dute, Iban Zalduak berak bezala. Egile honen aldetik, kontatzen duen istorioari ustekabeko bira emateko duen erraztasuna nabarmenduko nuke, ia beti amaiera ustekabekoa eta irakurleak espero ez duena lortzeko. Hori ‘Txio’, ‘Marta Harneckerren liburua’, ‘Tailerraren ondoren’, ‘Eskola segregazioa’, ‘Paseoa, Festibalean’ eta, bereziki, ‘Ipuina adulterioa’ ipuinetan gertatzen da.
Azpimarratzekoa da, adibidez, ‘Festibalean’ ipuinean agertzen den kritika soziala, non 74. orrialdean irakur dezakegun “Gero eta infantilizatuago batean bizi gara. Haurtzaindegiko kapitalismo batean”. Eta 82. orrialdean patriarkatua kritikatzen du: “…egitura heteropatriarkalen hamaikagarren inposaketa gisa alegia”. ‘Eskolan segregazioa’ ipuinean ere kolokan jartzen du, Euskal Herriko ikastetxe pribatu eta diruz lagundutakoetan ia biztanleria emigranterik ez dagoela.
Gehien gustatu zaidan ipuina ‘Ipuina adulterioa da’ da, non metaliteratura edo hizkuntza metaliterarioa erabiliz euskal literaturari eta literatura unibertsalari errepaso intentsiboa egiten dien, ipuinaren eta nobelaren arteko desberdintasuna zehatz-mehatz azalduz.
Azkenik, idazle donostiarrak 239. orrialdean dioen bezala, literaturaren funtzioa bizitza ulertzea edo bizitzen laguntzea bada, liburu honekin lortu du. Irakurle guztiek irakurri beharko luketen testua, eta ez ipuinak maite dituztenek bakarrik.