Mendiko gaitza

4

Izenburua: Mendiko gaitza
Idazlea: Idoia Garzes
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2020
Agustin Zubikarai Saria 2019

Gailur bateko buzoian aurkitutako txartela hartzen duenean, dena aldrebesten zaio Arlet Anaut protagonistari: duela urtebete desagertutako mendizalearen heriotzarekin lotuko dute, eta triangelu bitxi batean endredatuta ikusiko du bere burua: alde batean bera, bestean Errementeria ertzain baboa, eta erdian, hari guztiak mugituz, mendizale desagertuaren emazte Maitena, alargun beltz erabatekoa, erakargarri bezain arriskugarria.
Helduentzako bere lehen eleberri honetan izugarrizko trebezia erakusten du Idoia Garzesek, bai kontakizunaren nondik norakoen eraikuntzan misterioari eta jakin-minari eusteko, bai idazkera dotore, sinesgarri eta pertsonal bat sortzeko orduan, non narratzailearen gogoeta zartadazkoak eta pertsonaien elkarrizketa txinpartatsuak nabarmentzen diren, zein baino zein zorrotzago.

Subscribe
Notify of
guest

4 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Zornotza

Eleberri honetaz jardutean elementurik azpimarratzekotan, egileak darabiltzan hizkuntza aberatsa eta idazkera zehatza zein fina nabarmenduko nituzke. Nolanahi ere, istorioari berari erreparatuta, aitortu behar dut ez nauela harrapatu mota honetako eleberri batek egin beharko lukeen eran. Nobela beltzek izan ohi duten erritmo azkarraren eta biziaren falta sumatu dut, eta motelegia iruditu zait istorioaren aurrerabidea.

Gasteiz 9.5

Ez dut nobela beltzik irakurtzen, ez zaidalako gustatzen, nahiz eta Wittgensteinen arabera horrelako liburuek giza existentziaren zentzua oso ikuspegi kritikotik jorratzen duten. Izenburuak erakarri ninduelako erabaki nuen testu hau irakurtzea. Hasieran harrituta geratu nintzen, pertsonaia nagusia, Arlet Anaut, Aspergen sindromeak jota zegoelako. Ez nuen halakorik ikusi inongo euskal eleberrietan. Gero nire jakin-mina piztu zen protagonista eta desagertutakoaren emaztea, Maitena, harremanak izaten hasi zirenean.
Estiloari dagokionez, sinplea da. Idazleak ez du hiztegi korapilatsurik erabiltzen. Erraz irakurtzen da azpijokoa sinestea lortzen baduzu, niri gertatu ez zaidana.
Azpimarratuko nuke, Alfred Hitchcocken film batzuetan bezala, Idoia Garzesek “Macguffin” izeneko bat erabiltzen duela. Izan ere, Macguffin Alfred Hitchcockek sortutako esamolde bat da, eta pertsonaiek bilbean aurrera egitea eragiten duen suspentsiozko elementu bat da, baina ez du garrantzi handiagorik bilbean bertan. Kasu honetan, macguffinaren argudioa Koldobika Uribarri iraultza zerga ez ordaintzeagatik hil zutela da. Gertaera hau hasieran aipatzen da, baina laster ahazten da.
Eleberri hau nobela beltzaren zaleei gomendatzen diet. Beste batzuk, ni bezala, gozo eta mingots geratuko dira. Alde batetik, istorioa ez da oso sinesgarria, baina, bestetik, eleberri honek ahotsa eta hitza ematen dizkie liburuetan agertzen ez diren pertsonei.

Eibar 101.1

Idazteko estilo aldetik urteko liburua bikainena iruditu zait: Anjel Lertxundiren esaldiera berezia + protagonistaren zinismo ironiko kritikoa.
Oso ondo eragindako koktela prestatu du Idoia Garzesek: bere mendirako pasioa + nobela beltz klasikoen giroa (emakume fatal bat, matoiak) uztartuz.
Borobila eleberria, baina borobil perfektua izateko bi kontu aipatuko nizkioke: laburtzeko sexu, mendi eta elkarrizketa Bogart-ianoetako eszena pare bat kenduko nizkioke + une klabeak uste dut nabarmenago markatu behar dituela traman ez galtzeko.
Zorionak emaitzagatik.

Bilbo 54.3

Liburu bikaina Idoia Garzesen lehenengo hau. Zubikarai saria irabazi zuen iaz eta argi geratu da ondo merezitakoa dela saria.
Mendian girotutako thriller bat da. Protagonista, Arlet, mendizale bikain eta aspergerduna da, eta esan behar dut aspaldian ez dudala topatu hain pertsonaia borobila euskal narratibagintzan. Maitenaren pertsonaia ere maisuki zizelkatuta dago.
Bestalde, thriller gisa borobila da liburua, hari solterik utzi gabe eta modu bikainean amaituz. Interesa une oroz mantentzen jakin du eta izugarri zapore ona utzi dit irakurketak. Azkar irakurtzen da, elkarrizketa asko daudelako eta erritmoa bizia delako.
Hortaz, estuki jarraituko diot Idoia Garzesen ibilbide literarioari, balizko bigarren liburu bat laster irakurtzeko irrikan geratzen naiz.
Ondorioz, biziki gomendagarria da liburu hau.