Izenburua: Odolaren deia
Idazlea: Iñaki Irasizabal
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2014
Gaztetatik elkarren berri izan ez duten anaia bi berriz elkartzen dira, aitaren heriotza dela eta. Nerabe zakar eta bortitzak izan ziren biak behinola. Gazteenak ganorabako samarra izaten jarraitzen du, asteburuetako zerbitzari gisa bizimodua nola-ahala ateraz; zaharrena guraso zintzo eta eraikuntzako negozio-gizon serio bihurturik dago orain. Enpresariak kamareroaren laguntza behar du ordea.
Iñaki Irasizabalen delituetan ohi den bezala, delituak, hilketak eta azpikeriak topatuko ditugu hemen, kalean gurutzatzen ditugun gizon-emakumeen bizitzan txertaturik; egilearen begirada eta kontaera bereziari esker, ilunabarrean etxeko teilatuan zigarroak erre eta garagardoa edatea bezain eguneroko eta natural izan bailitezke xantaia, ustelkeria, sexu-abusuak.
Iñaki Irasizabalek eleberri beltz labur bat ekarri digu berriz. Izan ere, idazle hau azken urteetako oparoena da euskal literaturan.
Azkar irakurtzen da liburua eta idazleak tentsio mantentzea lortu du, amaiera arte.
Liburu honetan, eta ez bere beste liburu batzuetan gertatu zen bezala, Irasizabalek jakin izan du amaiera duina ematen liburuari. Beraz, zapore gozoa geratzen zaizu eleberria bukatzean hari solterik ez dagoelako eta istorioa amaitzen delako amaitu behar denean.
Udarako irakurketa moduan balekoa da liburu hau eta, beraz, gomendatzen dut.