…eta infernuko demonioa adiskide

1

Izenburua: …eta infernuko demonioa adiskide
Idazlea: Iñaki Irisarri
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2021

1811ko uda da; hiru urte badira Napoleonen tropak Iruñeko zitadelaz jabetu zirenetik, eta jendea nazkaturik dago frantsesak jasan eta elikatu beharraz. Hori dela-eta, gero eta gehiago dira Espoz Minak gidatzen duen gerrillarekin bat egiten dutenak, soldaduak behingoz Nafarroatik botatzeko. Hain zuzen, gerrillariekin elkartzera doa Babil, txirula jotzen duen mutiko xalo eta mutua, etsaiek aita hil diotela-eta. Erakusle ipiniko diote Txarro, gizonkote zakar eta basa, eta eginkizun berezia emanen diete, biei eta Bordeletik datorren Lauren gazte ilustratuari: mugaldera joatea, handik dabilen bidelapurra atzemateko, merkatarien joan-etorriak babestearren.

Abenturazko eleberri hauxe dugu Iñaki Irisarriren letretako estreinaldia: leku, giro eta garai zehatz baten kolore eta usainez ongi hornituriko kontakizuna, botereen eta armen aurrean herritar xeheak galtzeko guztiak dituela gogorarazten diguna.

Subscribe
Notify of
guest

1 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Bilbo 54.3

Oso liburu ona Iñaki Irisarriren lehengo hau. Napoleonen inbasiopean zegoen Nafarroan kokatu du idazleak eleberria, frantses soldaduen eta Espoz Minaren gerrillarien arteko gatazkan. Ez dut gogoratzen garai eta leku horretan girotutako beste libururik. Beraz, originala izan da Irisarri eta hori eskertzekoa da.

Oso azkar irakurtzen da liburua eta interesa etengabe mantentzen da, Babilek, Txarrok eta Laurenek osatutako hirukoteari zer gertatatuko zaion jakiteko irrikan. Gainera, oso ondo errematatuta dago argumentua, hari solterik utzi gabe

Halaber, nahiz eta soldadu frantsesak liburuan agertu, euskaraz aritu dira haiek ere, beste liburu askotan gertatzen ez den bezala, soldadu edo polizia espainiarrak agertzen diren kasuetan.

Beraz, gomendatzekoa da liburu hau eta jarraitzeko modukoa Iñaki Irisarri. Ea bigarren liburuarekin sendotzen duen uste hau!