Izenburua: Nire minaren etxean
Idazlea: Iñigo Antsorregi
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2022
Ez da txantxetako gaia: liburu honen egilea, Iñigo Antsorregi Dierez, bere burua hiltzeko zorian egon zen, agur-mezua ere prestatuta, depresioak horraino eramanda. Ez da txantxetako kontua, baina idazleak broma giroan kontatu nahi izan digu bere prozesua.
Liburu honen izenburua ‘Depresio baten historia’ izan liteke. Egileak buru-eritasun hori gainditzeko bi urte behar izan zituela kontatuko digu. Familiari, Txiki txakurrari, terapiari eta umoreari esker egin zuen hori. Berak dioenez, egoera berean zeuden beste pertsona batzuei laguntzeko idatzi egin zuen.
Inork ez du suizidioaren beldur izan behar, ezta hori egiten duen jendearen beldur ere; izan ere, Albert Camus-ek ‘Sisifoaren mitoa’ lanean dioen bezala: “Arazo filosofiko benetan serio bat baino ez dago, eta hori suizidioa da”.
Liburu honetan, Azkoitiko autoreak depresioari buruz ez ezik, pandemiari buruz ere idazten du. Duela astebete Eizabeth Strouthen ‘Lucy by de sea’ irakurri nuen. Liburu hori pandemiaren ingurukoa ere bada, baina pertsonaia nagusiak zaharragoak direnez, beste era batera konfinamenduaz hitz egiten da. Testu horretan asko aipatzen da maskararik jartzen ez duten pertsonen heriotza eta beldurra. Horregatik iruditu zait Antsorregiren liburuak modu ludikoagoan hitz egiten duela gaiaz.
Gaia dela eta, denbora asko behar izan nuen irakurtzen hasteko. Berehala harrapatu ninduen, ordea. Esaten duena oso erreala eta sinplea iruditzen zait, eta uste dut jende askori lagun diezaiokeela, ez bakarrik gaixotasun izugarri hau pairatzen duenari.
Testua arin eta erraz idatzita dago, umore ukituekin, nahiz eta berak onartzen duen jasan zuena kalbario gogorra izan zela.