Zamaontzia

6

Izenburua: Zamaontzia
Idazlea: Iñigo Aranbarri
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2011

Askatu beharreko korapilo bat dauka Nereak. Kontu uher batzuk argitzeko premiarekin mintzo zaio bere aitari. Gaztetako oroitzapen eta gertakariak ekarri ditu gomutara, orain dela hamabost urtekoak…
Zamaontzi bat agertu zen Abrako badian, kapitainak eta armadoreek abandonatua. Barruan hamalau marinel, etxetik oso urrun, krosko herdoilduan gatibu, SOS aldarrika, hilabetetako soldatak kobratu gabe, bertoko jendeak emandakotik bizi behar izan zutenak bolada batez.
Akorduan dauka Nereak, aitite Mateo eta biak arrainetara irteten zirela motor-txikian, eta gero, debekatuta egon arren, ontzi misteriotsura hurbiltzen zirela, dei egiten ziotela eskifaia lander hari. Gogoratzen da Edwin marinel filipinarraz eta atoan endredatzen zaizkio zalantzak, samina, amorrua.
Iñigo Aranbarriren hirugarren nobela da Zamaontzia, kontakizun asaldagarri bat, non gatazkan sartzen diren abandonuaren atsekabea, laguntasunaren babesa, doilorkeriaren destaina.

Subscribe
Notify of
guest

6 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Bilbo 54.7

Liburua ederra da benetan. Sakon eta apur bat ilun hasi arren, berehala igarri egiten zaio istorioari nondik-norakoa. Gai askotxo lantzen dituen nobela da, maitasuna, familia harremanak, bizitzeko moduak, traizioa, … Merezi du bertan murgiltzea.

Gasteiz 9.11

Oso istorio hunkigarria eskaini digu Aranbarrik liburu honetan. Patxadaz irakurri beharrekoa, esaldi laburrez baina esnahi handikoez osatua. Tantaka dastatu beharreko 24 ataletan jorratu ditu Nereak aitite Mateorekin eta aitarekin izan zituen harremanak. Miresmena lehenengoak sortzen zion eta gorrotoa, berriz, bigarrenak. Bizitzaren bi ikuspegi kontrajarri. Zamaontzi batean iritsitako inmigrante abandonatuetako batek ere protagonismoa hartzen du kontakizunean, mamu zaharrak eta berriak pizteko. Literatura gustuko dutenentzat oso gomendagarria.

Irun 67.1

Iragana, etorkizuna… batetik bestera pasatzeko moduak nobela arina egiten du. Oso polita eta oso goxoa. Nerearen haserrea eta amarentzako kezka, bertakoa baina urruti dagoena. Mateo aitonarekin sortzen duen harremana bertan dago, eta eskuragarri. Bere aita bertan, baina egon gabe, eta gehienetan, galduta. Eta, gainera, Edwin, kanpokoa baina bertan.. Eta Nerea gaztea, horren guztiaren erdian.

Alkiza 96.2

Oso liburu gomendagarria iruditu zait “Zamaontzia”.

Aitonarekiko harremana, aitarekikoa, Abran abandonatutako zamaontziko marinel filipinarrarekikoa… bikain islatzen ditu eleberri honetako narratzaileak, Nereak. Pertsonaiak ondo marraztuta daude, eta hainbat istorio harilkatzen ditu Aranbarrik eleberrian: hamabost urteko Nerearena, aitonaren bizitza, itsasontziaren ingurukoa. Nerearen ahotsa da nagusi testuan, baina kontatzen dena gertatu eta hamahiru-hamalau urte beranduago ekiten dio kontatzeari, gertaera haiekiko distantzia egokia eta tonu sinesgarria lortuz.

Egia da lana eskatzen diola irakurleari Aranbarriren estiloak, baina eleberria ez da irakurtzen zaila. Irakurtzearen plazer handienetakoa irakurleari eskatzen zaion lan horretatik dator, nire ustez, lan horri esker istorioa geure buruan nola doan osatzen ikusteak ematen du, hain zuzen.

Bilbo 54.3

Oso liburu ederra da Iñigo Aranbarriren azkena. Nerearen pertsonaia bikain dago eratuta eta berak gidatzen gaitu liburuan zehar bere narrazio ederraz. Gai asko jorratzen dira liburuan: gurasoen banantzea, aittiterekiko eta aitarekiko harremanak, umeen lapurreta, elkartasuna, etorkinenganako ezinikusia eta abar, dena Nerearen ohar eta gogorapen ez-linealen bidez.
Oso gomendagarria da, beraz, liburu hau, nahiz eta patxadaz eta arretaz irakurri behar, zehaztapenik ez galtzeko, eta gehiago gozatzeko.

Donostia 47.17

Asko gustatu zait liburu hau. Irakurtzen ari nintzela pentsatzen nuen zergatik ote zegoen hain haserre Nerea bere aitarekin. Bukaeran ulertu dut. Ongi harilkatu du istorioa.