Izenburua: Munduko tokirik ederrena
Idazlea: Iñigo Aranbarri
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2018
Nola bizi atzoko guztiak hainbesteko pisua badu. Horra Iñigo Aranbarrik hamar ipuinotan dakarren galdera. Errepidean hildakoen bitartez bailararen istorioa kontatu nahi duen jonki ohia, ezkontza baten lurrunetan dabilen poliziaren gogoetak, lagunaren emazte alargunari etxea hustera doakion hirukotea, amaren ordez herrira itzuli den gaztea, eredu izango den modeloaren bestaldea, galdutako pistola baten ibilerak, kondenatua hiltzen ikusita betiko mututu den emakumea… Ezinarekin borrokan, adiskidantzaren ertzen eta sentimendu primarioen artean dabiltza Aranbarriren aurreneko ipuin liburuko pertsonaiak erantzunaren bila.
Kontu kitatze bat desagertzen ari den mundu batekin, hura ederretsi gabe. “Ez dun nostalgia, garai hura ez zunan hobea”, dio pertsonaietako batek. Lehengo mundu hori oraingoarekin gainjarrita ageri da ipuinotan, giza flysch basa batean bezala.
Atzorik gabe ulertzerik ez dagoen oraina, hamar kontakizun fikziozkotan.
Oso liburu ona Iñigo Aranbarriren azkena. 10 ipuinek osatzen dute liburua eta den-denak oso onak dira. Aukeratzekotan, nik ere ‘Aldaira’ aukeratuko nuke.
Hala ere, Aranbarriren estiloa eta hizkera beti iruditu zaizkit oso ilun eta zailak. Izan ere, pasarte batzuk bitan edo hirutan irakurri behar izan ditut. Halaber, hitz mordoaren esanahia bilatu behar izan dut. Badakit hori dela bere estiloa eta horregatik, askotan, beldurrez hurbiltzen naiz bere liburuetara, baina, gehienetan, plazer bihurtzen da irakurketa, plazer sufrimenduna, hori bai.
Beraz, oso gomendagarria da liburu hau, baina bost zentzumenak erabili behar dira irakurketarekin gozatzeko.
Norbaitek Aranbarriren liburu bat erosten duenean, bertan aurkituko duena imajina daiteke. Agian ez daki zein den argumentua, baina, edozein izanda ere, badaki bikain egongo dela idatzita. Eta narrazio laburrekin esperimentatzen duen lehen aldia bada ere, azken liburu hau gauza bera da.
Azken aldian Aranbarri mugitu da, eta nola gainera, nolabaiteko dokumentazio-maila behar zuten kontakizunetan. Oraingoan ez du halakorik behar izan. Duela 55 urte jaio izanak dakarren eskarmentua, gauzak bestela zirenean, kolektibitateak jasan duen eraldaketa, ikusia eta entzuna, etxean zein kanpoan … liburu honen zumeak dira.
Egilea saiatzen da irudi lauso batetik konposizio argi bat ateratzen fondoa behar bezala enfokatuz. Adin jakin bat duen inor ez bedi harritu hamar kontakizun horietatik batean, edo gehiagotan, erretratatuta ikustean.
Lan zaila da onenen artean onena aukeratu behar izatea, baina horietako laugarrena aukeratuko nuke: Aldaira. Magistrala.