Izenburua: Mandamentu hipermodernoak. Egungo inertziak zalantzan jartzen
Idazlea: Iñigo Martinez Peña
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2021
Zerk egiten du gure gizartea den bezalakoa? Zertan eta zergatik gara aurreko belaunaldietatik desberdinak? Gure aroa bereizten duten ezaugarriak hauteman nahi ditu Iñigo Martinezek, eta, horretarako, inkontzienteki geureganatu ditugun aginduak bilatu eta definitzen ditu: bidaia ezazu, ez egon triste, izan zu zeu, zaindu zaitez, ez hartu maitasunkonpromisorik, izan zoriontsu, bilatu berriena… Horrela, 19 mandamentuko zerrenda osatu arte. Garai likidoa, kontsumoaren gizartea, globalizazioa, informazioaren, sarearen edo errendimenduaren jendartea… Hainbat izen eman zaizkio bizi dugun sasoiari, eta hipermodernitatea kontzeptua darabil egileak izendapen horiek biltzeko eta guztien azpian datzan muina ulertzeko: garaiak gehiago ematea eta gehiago egitea eskatzen digula uneoro. Pentsarazten duen gogoeta-sorta, geure munduari eta geure buruari begi berriekin begiratzen laguntzen duena, eta agian bizimodu hobe baterako gonbidapena: hora liburu mamitsu bezain atsegingarri honek eskaintzen diguna.
Saiakera polita iruditu zait. Idazle-filosofo garaikideak gaur egungo tendentziei errepaso egiten die noizbehinka filosofo zaharragoei aipu eginez eta aurreko gizarteen pentsamoldeekin konparatuz. Liburuak ez du deskubrimendu berririk egiten, baina pentsarazi egiten dizu, batez ere gizarte honetako bizio eta elementu kontsumitzaileen gainean.
Azken sentsazioa da norbanako gizaki bezala askatasunen mugara iritsi ginela -ikus zentzu horretan pandemiak ekarritako murrizpenak eta kontrako ideien pertsekuzio mediatiko-politiko-soziala-, eta gero eta zailagoa jarriko zaigula mandamentuen joeretatik kanpo bizitzea.