Surflaria eta paradisua

2

Izenburua: Surflaria eta paradisua
Idazlea: Iñigo Urdinaga
Argitaletxea: Salbera
Urtea: 2017

Arrazoi du Bernardo Atxagak: “Paradisurako jaioak gara, hala nola txoriak airerako”.
Indigena hawaiiarrek mendeak zeramatzaten olatuak hartu eta gozatzen, baina hamarkada gutxi batzuetan zeharo eraldatuko zuten gizon zuriek surfa. Orain, taula hobeak ditugu, neoprenoak, auto eta errepideak, itsas-iragarpenak, hegazkinak… Ordainetan, porlanez bete ditugu hondartza eta itsasadarrak, surflari gehiegi dabil han-hemen, eta ez gara antzinako indigena hawaiiarrak baino zoriontsuago.
Horra, liburu sailkaezin bezain gozaerraz honen hari nagusia: Zer gaude, paradisutik gero eta urrunago ala gertuago?
Behar-beharrezkoa dugu oreka, ez erortzeko eta gozatzen jarraitu ahal izateko. Paradisura hurbiltzeko.

Subscribe
Notify of
guest

2 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Azkoitia 76.1

Inigo Urdinagak hainbat atal motzekin osatu duenez liburua, neure iritzia ere horrelaxe emango dut:
– Ezohiko liburua, sailkaezina.
– Saiakera surf-poetikoa.
– Surfaren aztarrenik ez dugunok ere irakurri beharrekoa.
– Putomuroari amorrua hartu diot.
– Paradisua aurkitzen edo bila jarraitzen lagunduko dizu.
– Xumea bezain goxoa.
– Xumea bezain handia.

Donostia 47.3

Liburua gustatzen bazaizu gomendatu, hori eskatzen dio idazleak irakurleari. Ba gomendatu soilik ez, aurtengo Akademia honen saria irabaztea opa diet liburuari eta egileari. Izan ere, Iñigo Urdinagak ederki asmatu du surfaz haratago joaten, surfarenak eta surflarienak soilik ez diren kezkak eta ametsak plazaratzen, Google ahaltsuan azaltzen ez diren hainbat kontu eta pertsona agerian jartzen, intrahistoria egiten, hainbat idazle famatuk surfarekin izan zuten harremana azaltzen, surfaren historia laburbiltzen, berak surfaz pentsatzen duena eta surfarekin/itsasoarekin/naturarekin sentitzen duen zirrara eta ezinegona transmititzen, surfak eta olatuek Euskal Herriarekin duten erlazioaren berri ematen, gizon zuriaren prepotentziaz ohartarazten…

Liburu hau eskuartean hartu nuenean HABEko Ikasbil atarian irakurri berria nuen datu bitxi bat, Felipe Pomar izeneko surflari bat, munduko txapelduna izana, demostratu nahian dabilela Perun duela surfak jatorria, eta “caballitos Totora” izeneko taula moduko batzuk erabiltzen zituztela olatuak hartzeko, Hawaiin inor bizi baino lehen. Egia esatera, datu horrek liburua irakurtzen hasteko azken bultzadatxoa eman zion itsasoa etxetik 100 metrora izanagatik hondartza zapaldu gabe urteak egin ditzakeen Akademiakide honi. Eta nahiz eta ez dudan horri buruzko aipurik aurkitu, aitortu behar dut zalantzarik gabe Joxerra Gartzia ez zebilela oker idazleari, Iñigo Fernandez Ostalaza berezko izenez, surfari buruzko liburu bat egitea proposatu zionean. Badu saiakeratik, badu literaturatik, badu pozetik eta tristuratik… Zer gehiago behar du liburu batek?