Herriak ez du barkatuko

4

Izenburua: Herriak ez du barkatuko
Idazlea: Irati Goikoetxea
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2021

ETAk aita hil zion Oihanari duela hogeita bi urte, berak hemeretzi zeuzkala. Zauria bizirik du oraindik, baina ez du horretaz inorekin hitz egiten; bere seme-alabei ere ez die ezer argirik kontatu, nahiz eta barruan sumatu on egingo liekeela denei. Ezustean, biktima ezberdinen lekukotasunak jasotzen dabilen antropologo baten deia jasoko du, ea berarekin bildu nahi duen. Gai minbera bat sentiberatasunez landu du Irati Goikoetxeak bere lehenengo eleberri honetan, aldarri ozenen ordez enpatia ahalegin bat eginez, delikadeziaz eta emozioz. Hitzen ukenduak ere balio duelako oinaze zaharrak leuntzeko, edertasunak ere lagundu dezakeelako pertsonak –eta herriak– hobeak egiten.

Subscribe
Notify of
guest
4 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Mutiloa-Aranguren 34.1

Euskal literaturan ohikoa ez den bortxakeriaren biktimen gaiaz ari da liburua. Irakurri ahala interesgarriago bihurtzen den eleberria da. ETAk haren aita hil ondoren, Oihanak, protagonistak, nola bizitzen dituen ondoko hogeita bi urteez ari da nobela. Gertakari horrek haren baitan sortu dituen sentipenak eta gogoetak aletuz doaie egilea trebetasun handiz: bakartasuna, distantzia, oroimena, baztertze soziala, lotsa, mina, estigma, beldurra, familiako umezurztasuna eta soziala, ama, anaia, seme-alabak, bikotekideak… Nobela irakurtzeko irrika pizten da Santik, unibertsitate bateko antropologo batek, Oihana elkarrizketatzeko deitzen duelarik biktimen inguruko ikerketa bat burutzeko aitzakian. Harreman horren inguruan sortzen baitira Euskal Herrian bortxakeriak utzi dituen biktimen askotariko aldaerak, eta agerian uzten da ere hitzak sendatzeko duen ahalmena, protagonistari dolu prozesua bururatzen eta gainditzen laguntzen diona.
Aipamen berezia merezi du izenburuak, nobelak dituen aldarrikapena eta indarra ezin hobe biltzen baititu.
Zerbait gehiago eskatzeagatik, narrazioak erdietsi duen erritmo eta interes mailari bukaerak ere eutsi behar izan ziokeen.
Irati Goikoetxeak aurkezten duen proposamena interesgarria da hagitz, liburuak laguntzen baitu gure herriak jasan duen garai iluna hobeki ulertzen.

Alegia-41.5

Oso astuna egin zitzaidan. Esaldiak asko errepikatzen dira eta, niri bereziki, ez zidan “engantxadarik” sortu.

Bilbo 54.3

Gai berri bat ekarri digu Irati Goikoetxeak bere bigarren liburuan. ETAren biktimen gorabeherak ez dira batere ohikoak euskal literaturan (bai, ordea, erdal literaturan) eta Igartza beka eskuratu zuen gai horrekin, nahiz eta ez jakin berritasun horregatik irabazi zuen.
Bikain azaldu digu Iratik nolakoa den biktimen mina, baina, hala ere, astuna egin zait liburua. Ez dakit egituragatik izan den, edo erritmoagatik, edo pertsonaia batzuen gehiegizko parte-hartzeagatik, baina ez dut gozatu irakurketarekin, ezta liburuak hunkitu ere.
Gainera, argumentua herren geratu dela iruditu zait, aspektu batzuk borobildu gabe amaitu baita liburua.
Dena den, eskertu behar zaio Iratiri euskal gatazkaren gaiari beste ikuspuntu batetik ekitea. Horregatik bakarrik gomendagarria da eleberri hau.
Beraz, gomendatzen dut liburu hau eta ea idazle gehiagok ekiten dioten gai honi.

Andoain 25.4

22 urte dira Ohianaren aita ETAk hil zuela. Baina oraindik ere, gaur egun, hark bizi duen mina kontatzen digu Iratik, xehetasunez. Hilketa gertatu zen garaiko mina eta orain-oraingoa. Lagunak galtzea, gizartearen ulermen eta enpatia falta. Iluntasuna, beldurra, mina. Seme-alabei gertakizun hura eta berak nola bizi izan duen ezin komunikatua…
Idazleak sinesgarritasunez jartzen du irakurlea protagonistaren hutsune eta sufrimenduan; nekez xoxegatzen den min izugarri horretan.
Bukaeran, euskal gatazkaren biktima desberdinen paperean jartzeko saiakera egiten du, baina hor hanka-motz geratu dela iruditu zait.
Biktima baten azalean jarri nahi duenarentzat erreferente izan daitekeen liburua.