Galerna

10

Izenburua: Galerna
Idazlea: Iratxe Esnaola
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2010

Abuztuko azken eguna da itsasertzeko hiri turistiko batean; beroa jasanezina da, eta galerna datorrela antzematen da. Giro sargori horretan lau pertsonaia: Nora eta Sebasian Bechener, batetik, adin ertaineko turista bikotea, zer nahi duten argi ez dutela; hoteleko zuzendaria eta bere alaba nerabea, bestetik, nora ezeko uharte banatan sartuak. Lauren arteko harreman sare bat hedatuz doa, gero eta nahasiagoa, guztiak ere korapilatuko dituena.

 

Publizitatea
Harpidetu
Jakinarazi
guest
10 Iruzkin
Berrienak
Zaharrenak Bozkatuenak
Inline Feedbacks
View all comments
Lesaka 30.1

Ausarta iduritu zait gaia, gidoia, galerna eztanda. Sentimenduen arteko txirikorda ederra zirudien, sugea bezain sugerentea.
Baina haratx, kontatzeko modua, kontaera: motela egin zait. Teknikoki ongi, doike, baina txinpartarik ez. Geza. Emoziorik gabea. Euskara bera: laua, eta era berean aldika zailaskoa, lehorra.

Gatza eta piperra falta zaio “xolomo ogitarteko honi”, Iratxe.

Alkiza (2012-01-19 18:51:16) Xabier 96,2
Hizkuntza aldetik sinplea iruditu arren, testu landua dela esango nuke. Galernaren aurreko sargoriak biltzen ditu hoteleko pertsonaiak, beren artekoa zartatzera datorren enbataren aurreko ezinegonak, alegia. Pertsonen arteko harremanak dira eleberri (narrazio?) labur honen gakoa, eta aitortu behar da baduela zer berezirik: gaiaren trataera, giroaren eta gertaeren arteko lotura, pertsonaien jokaera… Interesgarria.

Eibar 101.1

Duela hilabete batzuk irakurri nuen baina liburua biziki gogoan dut eta hori seinale ona da. Antzerki bat da argi eta garbi. Donostiako Belle Epoquean kokatuta, Hollywood filme klasikoen usainarekin (Cayo Largo). Orijinala iruditu zitzaidan eta gustatu zitzaidan, nahiz eta pertsonaien portaera aldaketek eta anbiguetateak zorabiatu egiten zaituzten. Nahiko feminista da: emakumezko indartsuekin eta gizonezko ahulekin. Guztiz gomendagarria, baina ez da irakurle ororen gustuko izanen

Larraul 39.1

Liburu hau oso gomendagarria iruditu zait. Hasteko, sexu ezberdinetako maitasunezko bi harremanetan kokatzen da. Gizon eta emakumeen arteko pasio edota maitasun harremanetan.Harreman hasiera bateko maitasun pasionala eta denboraren poderioz bihurtutako maitasun ziurra. Baita aitaren bila ibili eta lortu gabe, haren adineko gizon batekin gabezia hori bete nahi duen maitasuna ere, onespena, kaso egitea, bereganatzea… Emakumeek bere aldetik eta gizonek, bestetik, nola ulertzen duten sentimendu zabal hori eta baita adin ezberdinekoen artean ere, hala nola, gazte eta helduen arteko balore eta ikuspegi ezberdinak. Adineko emakumeak, bere heldutasuna adieraziz, nola egiten duen bere bidea, ingurukoen pasio krisietan sartu gabe. Heldutasuna adieraziz.
Hasieran oso gogorra egin zait gaia eta oso korapilatsua, baina prozesu guztia garatzeko modua oso erakargarria egin zait. Oso era dotorean garatzen du eta kontatzen ditu mugimendu guztiak. Inolako deskantsu tarterik gabe. Irakurlea, liburua utzi ezinik hor mantenduz. Hasi eta bukatu egiteko liburua. Bere laburrean oso mamitsua.

Burlata 17.1

Lehenengo inpresioa: “ez zait batere gustatu, ez da inori gomendatzeko” pentsatu nuen; eta horrela utzi nuen.
Orain zerbait gehiagotan erreparatu dut.
Egia da, gaia ez zait gustatu, aizuna da, artifiziala, ZAILA gainetik ukitzeko, eleberri motza idazteko aproposa ez behintzat.
Esaldi motzak erabili arren, idazkera motela, astuna dauka; beharbada apropos egina eleberrian agertzen den sargoriarekin lotura lortzeko, auskalo!
Beste aldetik, Iratxek kontaketa egin bitartean, modu egokienean lortzen du pertsonaien emozio gorabeherak eta klimaren aldaketak lotzea, elkarrekin doaz. Ongi. Alde honetatik idazle ona dirudi.
Hiztegi aldetik eleberri irakurterraza idatzi du Iratxek.
Laburbilduz: liburua ez zait gustatu, ez dut gogoz irakurri, BAINA… Iratxe Esnaolaren lehen liburua da. Denbora emango diogu idazleari eta itxaron dezagun bigarren liburuak zapore ona ekar diezagun.

Izaskun Gracia

Liburu on-ona dela deritzot Galerna liburuari. Ematen du narrazio erraza dela, baina ez da horrelakoa. Estilo zaindua eta landua dauka liburu horrek; ez dirudi idazle baten lehenengo obra denik.
Gainera, istorioa bera interesgarria da, mingarria, benetan merezi duten horietakoa.

Gasteiz 9.5

Badira hiru hilabete eleberri motz hau irakurri nuela. Ez zegoenez ezer esateko balorazioa bertan behera utzi nuen eta erabaki nuen ezer ere ez idaztea. Berriro irakurri dut eta hainbeste gauza bururatu zaizkit… Alde batetik, argudioa ez zait oso originala iruditu eta gainera bukaerari aurreikusteko modukoa deritzot. Bestetik, ezaugarri onak ere aipatzekoak dira. Oso azkar irakurtzen da liburu hau ez delako oso luzea eta hiztegia ez delako konplikatua. Bestalde, ondo idatzita dago, egileak galerna fisikoa ez ezik, galerna metaforikoa ere ondo deskribatzen jakin baitu. Estiloari dagokionez,Azorinena erabiltzen du Donostiako idazleak. Horrek esan nahi du esaldi motzak atsegin zazkiola. Adibidez, 10,14 eta 19. orrialdeetan hau irakur daiteke: “Jasangaitza da”, “Masaila edalontziko kristalean jarri zuen”, “Norari eskumuturretik heltzera ausartu zen”. Gainera, subjuntibo dezentez baliatzen da Iratxe Esnaola. Laburbilduz esan dezakegu uda oso egokia dela eleberri hau irakurtzeko.

Irun 67.1

Oso berezia iruditu zait Iratxek erabili duen estiloa, pelikula bat ikusten ari nintzela zirudien, edo antzerkia irakurtzen! Oso bisuala. Gaia ez da edonolakoa eta oso modu arinean kontatuta dago.

Arantzazu

Istorioa gordina iruditu zait, latza, gogorra eta gustatu zait eguraldiak istorioan duen garrantzia, duen esanahia, nire iritziz pertsonaien eta eguraldiaren artean dagoen paralelismoa. Hala ere, nahiko astuna egin zait, laburra izan arren.

Alkiza 96.2

Hizkuntza aldetik sinplea iruditu arren, testu landua dela esango nuke. Galernaren aurreko sargoriak biltzen ditu hoteleko pertsonaiak, beren artekoa zartatzera datorren enbataren aurreko ezinegonak, alegia. Pertsonen arteko harremanak dira eleberri (narrazio?) labur honen gakoa, eta aitortu behar da baduela zer berezirik: gaiaren trataera, giroaren eta gertaeren arteko lotura, pertsonaien jokaera… Interesgarria.

Bilbo 54.3

Iratxe Esnaolak bere lehen liburua ekarri digu eta, egia esan, ez dit zapore onik utzi. Nahiz eta laburra izan, asko kostatu zait atentzioa mantentzea. Ez dakit zer den, baina iruditu zait zer edo zer duela faltan liburuak. Dena den, nahiago dut Iratxeren bigarren liburuari itxarotea, merezi duen idazlea den ala ez erabakitzeko.