Izenburua: Printzak begietan
Idazlea: Iratxe Ormatza
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2023
Handiak izan dira aldaketak XX. mendean: jendea lan bila etortzea, zinema eta bestelako asmakizunak, iraul-tza asmoak, gerra ankerra eta gerraoste luzea, txabolak, askatasun-ametsak berriro itzartzea…
Bien bitartean gauza batzuk ez dira horrenbeste aldatu: pobreen zapalkuntza, euskararen gutxiespena, emakumeen azpiratzea… Horri guztiari aurre egiteko, indartsuak izan dira libertate-egarria, langileen elkartasuna, andreen ahizpatasuna.
XX. mendeko hamarkada bakoitzari istorio bat sortu dio Iratxe Ormatzak, eta ipuin bakoitzean emakume baten bizipenak kontatu. Hamar emakume Bilboko kaleetan zehar, giro sozial, politiko eta kulturalak zeharkatzen dituela, minez eta pozez.
Liburu bikaina Iratxe Ormatzaren liburu hau. Hamar ipuin ditu eta XX. mendeko hamarkada bakoitzeko Bilboko emakume bat da protagonista. Euskararen erabileraren bilakaera Bilbon maisuki azaleratu digu ipuinetan, lehen hamarkadako San Frantzisko auzo euskaldun osotik azken hamarkadako Bilbo erdaldun petora.
Ipuin den-denak bikainak dira eta bakar bat ere ez zait maila baxuagokoa iruditu.
Erabili duen euskara ederra izan da, bizkaierazko hitz asko erabili ditu eta elkarrizketa gehienak bizkaieraz idatzi ditu, errealismo gehiago emanez istorioei.
Ondorioz, asko gozatu dut liburu honekin, niretzat ezezaguna zen idazle baten liburu honekin, hain zuzen, eta biziki animatuko nuke Iratxe liburu gehiago argitaratzera. Gure onerako izango litzateke.
Beraz, guztiz gomendagarria da liburu hau. Zorionak, Iratxe!
Iratxe Ormatza Imatzek emakumeen hamar istorio kontatzen dizkigu liburu eder honetan. Lehenengoa izan ezik, besteak asko gustatu zaizkit ez bakarrik edukiagatik, baita formagatik ere. Bakioko idazleak XX. mendeko emakume hauen bizitza modu errazean kontatu du hiztegi zabal batekin, Bizkaiko euskalkia erabiliz.
Bigarrena erraz irakurtzen da. Egileak generoaren gaia modu subliminalean aipatzen du. Pertsonaia nagusiak, bi ahizpak, oso adimentsuak izan arren –bata margolaria eta bestea biolonista–, azkenean beren lanak bertan behera utzi eta ezkondu egiten dira. Oro har, oso ondo deskribatzen du urte horietan emakume ikasia eta handinahia izateak dakarren frustazioa.
Lehenengo ipuinetan testuinguru historikoaz hitz egiten ez den arren, hirugarrenean, ‘Bilbo dramarik gabe’ izenekoan, Primo de Riveraren diktadura aipatzen da, garai hartan liburuak eta aldizkariak euskaldunen hizkuntzan argitaratzeko debekua aipatuz. 57.orrialdean: “Aita domeka gozietan irakurtzen ditu liburuak, egunkariak, aldizkariak eta Primo de Rivera diktatoreak debekatu baino lehenagoko euskarazko argiltapenak”.
‘Metxaren luzea’-k 1934an kokatu zuen historia, demokratikoki eratutako bigarren Errepublikaren aurkako Francoren estatu-kolpeak eragindako gerra baino 2 urte lehenago. Zorionez, oso garai politizatua da, eta Gabrielaren gurasoak sindikatu batekoak dira: Florentzi, ama, Euskal Obreoen Sindikatukoa eta aita, Edmundo, UGTkoa. Aitak eta amak, bakoitzak bere aldera eraman nahi izaten du Grabiela: aitaren ikuspuntu ezkertiarra edo amaren ikusmolde nazionalista (76.orrialdean).
‘Gosearen hotza’ atalak Otiliaren egoera penagarria deskribatzen du. Otilia alderdi errepublikanoan borrokatu zuten eta orain Guardia Zibilak umiliatzen, jazartzen eta bortxatzen dituen emakumeetako bat da.
Geratzen diren kapituluetatik atentzio gehien eman didatena ‘Kalera, 1976ko negua’ da, urte horretako martxoan Gasteizen izandako 5 hilketak eta gertaera izugarriak kontatzen dituena. Eta baita ‘Lainoen gain-azpian’ ere: Graziren istorioa kontatzen du, 1963an, frankismo garaian gertatutako emakume baten istoria da. Artikuluak idazten ditu emakume honek, baina bere ametsa idazlea izatea da, nahiz eta bere errezeloak dituen, berak 120. orrialdean hausnartzen duen bezala: Gainera, idaztekotan, maisulan bat idazteko izan beharko luke; maisulana ez badu idazten, orduan ez du merezi denbora umeei kentzea, etxeko ardurak baztertzea.
Oso testu gomendagarria, bereziki emakumeen historia bidegabea eta tristea ahaztu nahi ez dutenentzat.