Izenburua: Sano erradikal
Idazlea: Isa Díaz
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2020
Aldarria, Isa Diezen eskutik, artegintzaren bideetan barrena dabil urrats sendoez; batzuetan bizipozez gainezka, haserre beste hainbatetan, saminez bezala itxaropenez, ironiaz beste samurtasunez. Emakumezkotasuna erabatekotasunez bizitzeko aukera egin duen poeta baten kantua dario ibilbideari. Kantu amultsua aireratuz inoiz, garrasi sarkor ere bihurtzen dakien kantu errebeldea, erradikala, sanoa, egiatia. Ezinbestekoa. Mundu hobe eta justuago bat baletor –halakorik ekartzeko gauza izango bagina–, kantu hori ezpainetan ekarriko duen mundua izango baita. Edo ez da izango.
Poesiari buruzko kritika gutxi dago web orri honetan. Agian gehiago kostatzen delako poemak irakurtzea saiakera edo eleberri bat baino, batez ere poliziakoa bada. Pena da, zeren irakurleak plazer eta atsegin une handi bat galtzen baitu. Esperientziagatik dakit. Adibidez, liburu honekin gertatu zait, eta hunkitu egin nau bai ikuspegi formalagatik, bai edukiagatik.
Batzuetan poesia zaila, hermetikoa, iluna, elitista dela esaten da, poetek poetentzat bakarrik idazten dutena. Baina testu honek iritzi horiek gezurtatzen ditu, eta egileak, Isa Diazek, eskutik helduta eramaten gaitu ibilaldi hordigarri eta misteriotsu batetik.
Liburu honetako poema guztiak gustatu zaizkit, baina “Hitz on batek” eta “Udazken erroia” aipatuko nituzke, udazkena modu poetikoan deskribatzen duten olerkiak. Bere originaltasunagatik “Oh” eta “Zer berri ordoki abisalean” nabarmenduko nituzke. Inoiz ez dut hori ikusi poema liburu batean.Hala eta guztiz ere, nire arreta gehien deitu dutenak “Jakiteko duzui” eta “Falokrazia” dira, misoginiaren aurkako poemak direla-eta.
Amaitzeko, “Sano erradikal” izeneko poemaren zati txiki bat transkribatuko dizuet.
“ …elkar zaintzea
elkar maitatzea
elkar babeste
elkar onartzea
jendarte berri batentzako ongarria.
Bestela bizitzak ez du merezi.”
Eta nik gehituko nuke, poesiari esker errazagoa dela bizitzaren bidegabekeriak jasatea.