Ezer gabe hobe

2

Izenburua: Ezer gabe hobe
Idazlea: Itxaro Borda
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2009

Zedarriturik dago mundu osoa. XX. mendeko gerra sutsu eta hotz guztien ondoren, oztopoa besterik ez dago denean, eta zaindaritza zorrotza gainera. Hesiak, murruak, trabak, mugak, fronterak inoiz baino gotorragoak bihurtu dira. Itxaro Bordak Susa argitaletxearekin plazaratu berri duen Ezer gabe hobe nobelako protagonista europarra da, izentzat Sigma eman zaion baionarra. Bi frontera igaro beharko ditu klandestinoki: lehendabizikoa Londreserako bidean, afrikar bati laguntzen; Mexikotik Kaliforniara bidean bigarrena. Bizi dugun garai ekonomiko bortitz, lapur eta zanpatzailearen lekukoa da eleberri sozial eta politiko hau: salaketa eta aldarrikapena aldi berean.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
2 Iruzkin
Berrienak
Zaharrenak Bozkatuenak
Inline Feedbacks
View all comments
Amasa-Villabona 1.1

Egilea protagonista denean
Itxaro Bordaren idatzietan historioak ez dute garrantzi handirik, nire ustez. Berak nahi duena azaltzeko, bere ideiak zabaltzeko erabiltzen dituela iruditzen zait beti. Pertsonaiak ere kontatu nahi duenaren araberakoak aukeratu ohi ditu, baina askotan egilearekin berarekin nahastuz. Izan ere, Itxaro Borda pertsonaia horien barru-barruan sartzen da. Leku eta espazioak ere ederki asko aukeratzen ditu, ongi ezagutzen dituenak denak, inguru horiek girotzen ere oso trebe delarik. Bi muga pasaera dira eleberri honetako aitzakia. Lehena Europa osoa zeharkatuz Londresen amaituko dena, protagonistak hara ailegatzen lagunduko dion afrikarra iristen denean. Bestea, Ipar Amerikako muga hain zaindu eta kontrolatuaren pasaera, protagonista bera delarik paserik gabe iragango duena, beste lagun batzuekin. Bi muga pasaera horiek aitzakiatzat hartuz, egoera ekonomiko, sozial eta politikoei buruzko hausnarketa egiten du egileak, tartean estatu bateko presidentea astindu behar badu, beldurrik gabe egurtuz. Horrela Berrian duen ildoari darraikio. Egiari zor, Itxaro Bordak erabiltzen dituen lexiko eta joskera ez dira guk batuaren gerruntze estuan aurkitzen ditugunak. Irakurleak, eta batez ere literaturazaleak, ahalegindu behar du mudu horretan sartzen, eta horretarako askotan hiztegiei hautsa kendu beharrean ere aurkituko da. Baina bere mesederako izango da, mundu bizi eta aberats bat izango baitu sari.

Urnieta 49.2

Itxaro Bordarekin bi zor ditugu literaturzaleok: batetik, oso maila oneko lanak eskaintzen dizkigu, giza-dramastizmoz bezain ironia eta burlaizez beterikoak, giza-nortasunaz sarkasmo apur batez hausnartzera gonbidatzen gaituztenak: azken Ezer gabe hobe hau baino gogoanago dut horretan Jalgi hadi plazara azkenaurrekoa. Baina, gainera, Itxaro Bordak zehar-ekarpen izugarria egiten dio euskal literaturari. Iparraldeko hizkera eta idazkerara hurbiltzen baikaitu, egungo globalizazio delakoak ezinbesteko dituen nazioarteko maileguen kalterik gabe, gainera. Eta agerian uzten du behenafarrerak eta zubererak euskararentzat gorde diguten altxor lexikoa eta sintaktikoa. Baina hori bera du galbide Bordak: zenbat irakur izan lezake Hegoaldean? Bere literatur idatziak irakurtzeak eta ulertzeak lanik ematen baitute, eta ez gutti, urrebitxiak aurkitzeko izango bada ere. Zenbaitzuen ahotan literatur idazkera gero eta errazagoa, irakurlearen benetako gaitasunari egokituko zaiona, eskatzen den aldi honetan, zer ibilbide egin dezake Itxaro Bordaren literaturak? Ekinaldi berezia beharko genuke euskal iteraturan Bordaren gisako ekarpenak indar eta trinkotasun handiagoz gizarteratzeko. Bien bitartean, bihoakio eskimatzen duen irakurle baten zoriona eta eskerrona. Urnieta.