Boga Boga

3

Izenburua: Boga Boga
Idazlea: Itxaro Borda
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2012

Amaia Ezpeldoi gure literaturako pertsonaia berezietarik bat da. Detektibe honen bogarren nobela dakar orain Itxaro Bordak, ezustekoz betetako kontakizun bizigarria.
Baionan zabor biltzaile lanetan jarduteaz gainera, aspaldiko desagertze bat argitzen tematuko da amaia Ezpeldoi. Badira hogeita bost urte pasa Jana Elgebeltz garaztarra azkenekoz ikusi zutela, Santizpiritu zubian, 1985eko Baionako festetan. Alabaina, Janaren anaia Danielek esan du, bilatu duela leku guztietan, mundu osoa aspertu duela galdezka eta ez duela aztarnarik kausitu. “Ameriketan da menturaz” erantzun dio Amaiak, bera hara joango bailitzateke ihes egitekotan.
Itsasoaz bestaldera joan gabe baina bost neska adiskide eta alegeraren laguntzari esker, aferaren muinera gerturatzen hasiko da detektibea, eta pixkanaka konturatuko da nor zen Jana Elgebeltz: klandestinitatean engaiatutako ekintzailea.

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Gasteiz 9.11

Detektibeen generoa ez dut oso gustukoa eta neukan interes nagusia Itxaro Bordaren idazteko moduan zetzan. Liburu hau ez da iristen %100 Basque sarituak eman zuen mailara, baina merezi du irakurtzea, erraza ez den arren. Ildo nagusiari jarraitzeko ez dago inolako arazorik, baina tokiko adierazpen asko erabiltzen ditu, Hegoaldeko irakurle arrunt batentzat arrotzak eta ezezagunak direnak. Ukaezina da liburua aberatsa dela espaideetan. Orobat, agertzen diren pertsonaiak nahiko bitxiak dira, jatorri eta kultura ezberdinetakoak, Baionako oraingo giro sozialaren isla izan daitekeena eta kontakizunari bizitasuna ematen dietenak. Giro hori ere arrotza egin zait. Istorioa ez da aparta, baina perla linguistiko asko aurkituko ditu irakurleak lerrootan.

Alegia 41.1

Hasieran, erabiltzen duen euskalkiagatik, zail xamarra egin zitzaidan, hitz askoren esanahia ulertzen ez nuelako eta irakurtzea ere kosta egiten zitzaidalako. Bestalde, aipatzen zuen gaia ere askotan erabilia izan zeneko susmoa sortu zitzaidan. Baina, pixkanaka, zenbait hitzen goxotasunak eta tramak berak ere harrapatu egin naute. Euskal Herriko hainbat gertaeren aurrean Iparraldeko biztanleen ikuspegia eta izandako jarrera ezagutarazi dizkit, eta gerra zikinaz daukagun ideiaz ere beste ikuspegi bat ematen duela uste dut, hala nola, gerra zikina erakunde barruan ere izate dela erakutsiz. Azkenean, amaitu dudanean penaz geratu naiz.

Bilbo 54.3

Berriro etorri zaigu Itxaro Borda Amaia Ezpeldoi detektibearen istorio batekin eta berriro gazi-gozoko zaporea geratu zait. Izan ere, Ezpeldoiren istorio guztiak irakurri ditut eta inoiz ez dut asko gozatu, ahalegin handia egin behar izaten dudalako, hitz pilo baten esanahia asmatuz eta normala den baino denbora gehiago erabiliz. Ziur nago Iparraldeko irakurleek arazo bera dutela Hegoaldeko idazleen lanak irakurtzean (zer esanik ez gaztelaniazko esaldiak tartekatzen dituztenean polizien eta guardia zibilen ahoetan), baina hemen azaltzen dudana da niri gertatzen dena, eta hauxe da: gero eta zailagoa suertaztzen zaidala Itxaroren liburuak ulertzea. Pena da, baina Iparraldeko euskara, murrizten den aldi berean, Hegoaldeko euskaratik gero eta gehiago urruntzen ari da.

Bestalde, Amaia Ezpeldoi beti bezain zalua eta argia agertzen da liburu honetan, askotariko lagun talde batek lagunduta, gainera. Istorioa polita eta berria izan da, eta amaiera oso duina, baina pena da gozatu ahal ez izatea.
Beraz liburu gomendagarria Iparraldeko idazleen euskararekin arazorik ez dutenentzat.