Susmaezinak

2

Izenburua: Susmaezinak
Idazlea: Itxaro Borda
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2019

Aurreko mendeko laurogeiko hamarkadan gaude. Hemerotekan-eta berunezko urtetzat ezagutzen diren haietan. Iparraldean, ETAko iheslari errefuxiatuek aterpe bilatzen dute, eta hori baino gehiago ere bai. Hegoaldetik ihesi joandakoez gain, Iparraldeko militanteak ere badira erakundearen sareetan, baita hainbat komando aktibotan ere. Horien artean, luzaroan ibiltari aritutako komando bateko kideak dira elebe-rriaren protagonista nagusiak. Ez bakarrak, ordea. Protagonista baitira, halaber, komandoaren ekintzek sorturiko biktima ugariak. Protagonista dira sarraskiek eragindako erreakzio askotarikoak, gorrotoa, etsipena, dolua, tristura, sufrimendua… Protagonista dira, halaber, batzuen eta besteen argudio eta kontrargudioak, gezur itxurako egiak, egia itxurako gezurrak. Protagonista da, funtsean, giza kondizioa, bere loriak eta mise-riak agerian.

Subscribe
Notify of
guest

2 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Urnieta 49.2

Susmaezinak irakurri gabe utzi ezin den eleberria da eta Itxaro Bordak euskal literaturari egindako ekarpen bikaina. Irakurleek, oro har baina ziurrenik bereziki Hegoaldekoek, ez diogu justiziarik egiten Bordaren literaturgintzari: bere idazkera zinez aberatsa da hiztegian eta semantika jokoetan, maiz horrek Hegoaldekoei lana ematen digun arren, eta ez da txikia egiten duen ahalegina sintaxi katramilatsua saihestu eta kontakizuna zuzenekoa egiteko, itzulingurukako perifraseetan eta menpeko adieretan ibili gabe. Iparraldeko idazle handien tradizioko ezpala dugu Borda, eta Susmaezinak honetan ezin konta ahala apur utzi digu hori frogatzeko.

Gaiaz, berriz, zer esan? ETAren bortxakerian ukituriko alde askoren bizipenak, pentsaera, erraietako hausnarketak narratzaile objektibo baten jatortasunetik kontatu ditu eta hori, azken 40 urteetako kalbarioa ongi zedarritzeko oso lagungarri gertatzen da. Ezustekoa izan dut, alde horretatik, Bordaren lana, eta eskertzekoa iruditzen zait, zinez.

Ikusi dut, baina, azken egunetan Akademiak ez duela bere alde egin 2019ko saria eskura dezan. Pena galanta!! Iparraldean ez dakit, baina garbi dakusat Hegoaldetik ez diogula behar beste jaramon egin, ez garela gauza haren idazkera ulertu eta jarraitzeko… Eta hori oso zoritxarreko da!!

Bilbo 54.3

Urte asko euskal narratibara agertu gabe egon eta gero, liburu bikain honekin etorri zaigu Itxaro Borda.
ETAren komando ibiltariaren nondik norakoak fikzionatu ditu Itxarok, honako hauek maisuki azalduz irakurleari: Iparraldeko abertzaleen giroa (idazleak bikain ezagutzen duena), komandokideen bizitza bikoitzak eta ekintza odoltsuak, eta biktimen sufrikarioa eta gorrotoa. Urte horiei buruzko kontakizun edo “errelato” egiazkoa, eta ez aldebakarrekoa, egin nahi baldin bada, liburu hau kontuan hartu beharko da nahitaez, abiapuntu gisa.
Idazketa bikaina da, erritmoa bizia da amaierara arte eta interesa ez da inoiz galtzen.
Erabiltzen den euskara, Iparraldekoen idazleengan ohitura denez, hegoaldekoontzako hitz ulertezin ugariz beteta dago. Gauza bera gertatuko zaie Iparraldeko literaturzaleei Hegoaldeko idazleen liburuak irakurtzean. Beraz, ezin naiz kexatu, hizkuntz literarioaren egoera azpimarratu egiten dut soilik.
Ondorioz, biziki gomendagarria da liburu hau.