Izenburua: Ni, Vera
Idazlea: Itxaso Martin
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2012
“Kontrolik gabeko garrasi, oihu, orro eta konbultsioak erraietatik aterako zaizkizun beldur zara. Preso dagoen animaliak, giltzapean sartu duen horretatik libratzeko egiten dituen mugimendu histerikoak egiten hasiko ote zaren izu. Barruan daudela badakizu. Sentitzen dituzu. Ikusi ditzakezu. Hain gertu eta hain zure sentitzen dituzu, ez dakizu eutsi ahal izango diezun. Zure haragi eta hezur dira eurak ere”.
Erotzeko zorian sentitzen da Martina, zer gertatzen zaion ez dakiela. Nahiz eta mutilak lagundu, nahiz eta -ahalegin handi bat eginda- psikologoarengana joan, amildegiaren ertzetik gero eta gertuago dago, eta zuloak bertara erakartzen duela nabari du.
Dar, dar, dar… oso liburu sarkorra, dardarizoa sortzen duena. Azkar batean harrapatzen zaituena, gainera.
Erraietan, buruko makinak nola funtziona dezakeen argi azaltzen du. Norberak bere buruari barkatzen ez dionean eta zigor eta kulpa sentimenduak gehiegizkoak direnean, geure buruak nola funtzionatzen duen azaltzen digu. Norberaren kalterako ere zein indarrekin jokatzea irits gaitezkeen agertzen digu barru-barrutik, barne borrokari hitza jarriz.
Pertsonaren psikean sartzen da eta, era berean, familiaren psikean, konpondu edota argitu gabeko arazoen transmisioan, oso joko polita eginez. Horretarako bi mundu azaltzen ditu, bi garai ezberdin, batez ere psikiatrikoa bere gordintasunean deskribatuz
Hasieran oso ondo adierazten ditun bere bizipenak, mutu dago, ez dio erantzuten baina oso ondo transmititzen du sentitzen duena. Interesgarria bere bi letra mota erabiltzearen kontua.
Oinaze gordinetatik ihes egiteko psikologoarenera joango da Martina. Bidean bururatzen atsegingo litzaiokeela jakitea, benetan, bere buruarekin zer gertatzen den. Ataka horretatik lehenbailehen irten nahi du, badirudielako eromenaren bide suntsitzaileak harrapa dezakeela. Era berean, oldozten du psikiatriko batera joan daitekeela erne ibiltzen ez bada. Beraz, arreta guztiarekin biziko da, une oro.
Buruan dabilkion joera kezkagarri hori Martinak ez daki nondik datorkion, ezta bera “aukeratua” zergatik izan den ere. Azaldu diotenaren arabera, ordea, genetikan ere azalpen bat baino gehiago aurki ditzake. Hor agertuko da liburuko beste protagonista, birramama (Vera izenekoa), psikiatrikoan bahituta denbora luze egon zena.
Pairatzen duen barruko bihozmin hori oso ondo ezagutarazi digu idazleak, eta berarekin batera ibiliko gara emozio batetik bestera, ihes egin nahian, gero eta errealistagoa iruditzen zaigun heinean.
Berak bezala, gatibu, guk ere sintoma guztiak ditugula senti dezakegu. Teknika narratiboa maisuki erabilita, lehenengo zatian batez ere, jakinmin morbosoa piztuko digu eleberri honek, kontua zertan datzan jakiteko, protagonista zein neurritaraino erotuko den, edota bidean irtenbiderik aurkituko ote duen.
Oso liburu interesgarri eta desberdina ekarri digu Itxaso Martinek. Izan ere, Itxasoren lehen liburua da hau eta idazle konsagraturen baten liburua dela ematen du. Maisuki azaldu digu zer sentitzen duen Martinak, neskaren sufrimendua geurea ere badela sineztarazi arte. Veraren istorioa ere oso interesgarri eta hunkigarria izan da, nahiz eta pasarte batzuk faltan bota (non daude Martinaren aitak kontatutako bisitak?).
Laburbilduz, oso liburu gomendagarria “Ni, Vera” hau eta jakiteko irrikan nago ea Itxasok bere bigarren liburuan sendotzen duen lehenengo honetan hasitako bidea.
Liburuak bi zati nabarmen ditu, bata Martinari buruzkoa eta bestea Verari buruzkoa. Martinaren zatia maisulana iruditu zait, baina Verarena ez dela maila horretara iristen esango nuke. Dena dela, erabat liburu gomendagarria. Egile honen hurrengo liburuaren zain geratzen naiz.