Bi marra arrosa

3

Izenburua: Bi marra arrosa
Idazlea: Jasone Osoro
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2009

Haurdun-testean bi marra arrosek haurdun zaudela konfirmatzen dizutenetik, bizitza iraultzen dizun mendi errusiarrean sartzen zara. Gehiegizko informazioak kezkatu egiten zaitu, zure barruan hazten ari den haurrak denetik eragiten dizu: poza, beldurra, dudak, ilusioa, galderak… Hormonen gorabeherek egun batean munduko emakumerik ederrena eta indartsuena sentiarazten zaituzten bezala, hurrengoan txiki-txiki ikusten duzu zure burua ispiluan. Alaba izatetik ama izatera pasatzen zara eta badirudi hori helduen mundurako sarrera dela. Ezbairik gabe, amatasuna bizitza aldatzen duen esperientzia berdingabea da. Jasone Osorok, bere bizipenen bidez, ama guztiek bizi duten emozio-eztanda hori era hunkigarrian bildu du bere lehen haurdunaldiaren kronikatik abiatu duen kontakizun xamur honetan.

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Azpeitia 77.5

Irakaslea naiz eta liburu hau ikasle batek utzi zidan irakurtzeko, biok dugun irakurzaletasunari buruz hizketan ari ginen batean. Eleberria zela ustean hasi nintzen irakurtzen Jasoneren liburu-kronika hau, eta tamalez ez zait batere gustatu, agian irakurri bitartean haurdun egonik lagun zaitzake, baina neuri ez dit batere zirrara berezirik sortu, nahiz eta neu ere ama naizen.Egia da liburuan agertzen diren emozio eta sentipenak oso benetakotzat har daitezkeela, zer idazlearen esperientzia agertzen baita.Haurdun dagoen edo laburrean ama izan behar duen norbaiti aholkatuko nioke.
Bestetik , azken kapitulu edo zatiari ez diot inolako zentzurik aurkitzen, gizon baten ahotsetik kontatua, zer ote da? Liburu osoan ez delako gizonen ikuspunturik agertzen edo zer? Liburuari hori bera aurkitzen diot nik txarra, non dago aita? Bere bizipena?
Idazle honen tentazioak liburua gehiago atsegin dut,zalantzarik gabe.

Lesaka 30.1

Aspalditxo batean jarri nintzen Jasone Osororena irakurtzen. Kontakizun laburra bada ere, utzi egin nuen. Reverteren zutabe baten antza hartu nion, genioz idatzia, baina hemen geniorik gabe.
Orain berriro hartu dut, eta sentsazio berdina: biki/haurdun/aldia baten kronika. Bi marra arrosa. Marra bat: gazi. Beste marra: gozo…Eta bien artean, tarte haundiak: geza.
(Agian, seguraski, doike, neuk bizi izan banu, besterik sentitu izanen nuen. Baina, bakoitzak bere esperientziatik bizi eta ez-bizi ohi ditu gauzak).

Donostia 47.3

Goizean liburua erosi, egun bakarrean irakurri, eta haurdunaldiaz esaten dituenak behar besteko patxadaz asimilatzeko astirik gabe egindako iruzkina ari naiz idazten. Liburua dezente gustatu zait. Jakina, gizonok ezin izango dugu inondik ere bere osoan konprenitu emakume batek zer sentitzen duen 40 aste horietan. Baina niri behintzat emazteak sentitu zuena hobeto ulertzen lagundu dit, eta ez da gutxi. Badu, halere, liburu honek zerbait faltan, umea jaio ondorengo egunak, erditze-ostekoa edo postpartoa. Gogoan dut, gure bigarren haurñoa jaio baino lehen, emaztea nola joan zen anbulategira haurdunaldia prestatzeko bilera horietara, eta emaginak galdetu zuenean “umea jaioko da egunen batean, baina zein da egun horrek sortzen dizuen kezkarik nagusiena?”. Eta emazteak: “Egun horrek ez, niri postpartoak sortzen dizkit kezkarik handienak”. Eta kezka nagusitzat hankagorriari etxerakoan zein arropa jantziko zizkion ez zekiela esan zuenak, harriturik: “Nola postpartoak?”, esan omen zuen. Izan ere, lehen semearekin erditze-osteko hilabete latza-latza pasa behar izan zuen I-ren amak. Orduan ikusi nuen inpotentziaz negarrez. Eskerrak ama, amaginarreba eta koinata etorri zitzaizkion laguntzera, eta nik ere aitaren rolari zegokiona edo egin nuen, egin edo.
Bai. Hori da ondo aztertu beharreko kontu bat: umearekin etxera zatozenean izango duzue laguntzarik hirurok? Ze dena ondo joanez gero, ez dago horrenbesteko arazorik, baina okerren bat suertatuz gero, laguntza guztia gutxi irudituko zaizue. Eta gauzak ondo joanda ere bikiak badatoz ere bai. Beraz, liburuan horren falta nabaritu dut. Baina bada, lehen esandakoaz gain, gustatu zaidan beste zerbait, eta da aitari ere utzi zaiola hitz egiten. Eta Jasonek ere onartzen duela ez dela erraza aita izatea haurdunaldian, bestea izatea, hirugarrena. Zenbait alditan seigarrena ere esango nuke nik. Zeren gogoan dut Arantxa Iturbek Donostiako Udal Liburutegiko areto ederrean ‘Ai ama’ aurkeztu zuenean egin nion galdera: “Aitak liburua irakurri al du argitaratu aurretik?”. Eta Arantxa Iturbek zur eta lur utzi ninduela, erreakzionatzeko astirik gabe: “Ez, eta umeak ere ez”. Oraindik ez dut bere liburua irakurri. Eta irakurri ez dudanez ezin izango dut iruzkinik egin bi liburuak konparatuz.
Bai. Seguruen konparaketa izango da haurdunaldian ia gehientsuen egiten den ariketa-mota, batzuetan berdintasunaren bila, erreferentzia baleko bila “besteak bezalako” izan nahi lasaigarri horretan, zeren gurasogai guztiek nahi izaten dute, zera, aurretik ondo joandako beste haurdunaldiak bezalako haurdunaldia eurentzat ere. Beste batzuetan desberdintasuna bilatu nahi da konparaketan: “Ez dut ez dakit nork adina sufritu nahi”. Beti konparatzen, eta beti galderak egiten. Zenbat buru-jate! Horregatik oso egokiak iruditzen zaizkit 93-94-95 orrialdeak, maratoi gozoa gazi-gozo bihurtuko nukeen arren. Eta gazi-gozo bihurtuko nuke zeren liburua atzetik zein aurretik irekita orri beltzetan azaltzen diren tantak izerdiarenak dira inondik ere. Zeren, azken batean, izerditu hitzak ez al dirudi izerdi+erditu hitzekin sortutakoa?
Eta izerdia aipatu dudanez, bada beste zerbait ere faltan bota dudana liburu honetan. Hori ere postpartoan sartu beharko genuke agian. Paper-kontuak: osasun-txartelak, erroldak, umea izateagatik dauden diru-laguntzetarako epeak, amatasun-bajak, familia liburua. Paper horiek nola bete behar diren, aurrena zein egin behar den eta ondoren zein, hori dena umea jaio aurretik jakiteak ere alferrik botatako izerdi asko aurrezten du. Benetan.