Nor bere bidean (Orbetarrak III)

4

Izenburua: Nor bere bidean (Orbetarrak III)
Idazlea: Joan Mari Irigoien
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2010

Damaso eta Gabino, orbetarren sagako azken ordezkariak, txikitatik norgehiagoka isil eta itsua bizi izan dutenak, izateko, sentitzeko eta pentsatzeko bi era kontrajarri hezur-mamitzen dituztelako: Damaso razionala, eszeptikoa, munduaren minek mindua eta jendailak nardatua, engainu eta lilura besterik ez diren ametsak arbuiatzen dituena, dela erlijioa, dela aberria; Gabino, berriz, sentikor eta sentibera, xaloa eta ameslaria, izadia eta izakiak pasioz maite dituena, bere kontraesan guztiekin haraindi baten sinesmena gorde eta honaindiko Euskal Herria aldeztu nahi lukeena.

Subscribe
Notify of
guest

4 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Portugalete 62.1

Liburu honekin bukatutzat ematen du Joan Mari Iriogienek Orbetarrak izeneko trilogia. Aurreko biekin (Bestea da mundua eta Haragiaren gauak eta egunak) Orbe familiaren berri zabala eta zehaztua ematen digu, XIX mendearen bukaeran hasi eta joan den mendeko 80. hamarkadan bukatzen dena. Historia luzea eta gorabeheratsua, bai urteak (aipaturiko tartea), bai idatzitako orrialdeak (hiru liburukien artean IA 2.000 orrialdera heltzen dena) kontuan hartzen baditugu, Nazario Orbek eta bere emazte Reginak osaturiko familiak bizi izan duena.

Nor bere bidean du izenburu azken liburuki honek, eta bere horretan Orbetarren zazpi seme-alabek (zortzigarrena, deformazio askorekin jaio zena, ume-umetan hil zen) bizitzan hartutako norabide ezberdinak islatzen ditu, kasu batzuetan mutur-muturrekoak, bigarren liburukian girotutako Espainiako Gerra Zibilean aurkako bandoen alde egitera iritzi baitziren. Hala ere, hautu eta apustu ezberdinak hobekien islatzen dute hirugarren liburuki honetako bi protagonistek, Gabinok eta Damasok: bata, Damaso, arrazionala, eszeptikoa, munduko zoritxarrek eta pertsona gaiztoek nazkatua; bestea, Gabino, Elorrietan (Arantzazun?) fraide, sentikorra eta sentibera, baikorra, ameslaria; krisialdi gogor batean amiltzear egon arren, bizitzara berriro jaio zena fedeari esker, eta bizitza eta gizakiak maitatzera eraman zuena. Bien arteko gutun trukaketa bat dugu Nor bere bidean; egia esan, ustezko gutun trukaketa; izan ere, Gabino idazten hasten denerako Damaso hila dago, eta bere ahalegina izango da bere eskuetara heldu diren Damasoren gutunei erantzutea.

Gutunotan, hausnarketa pertsonalekin batera, iraganeko hainbat jazoera klabe birbizituko dituzte bi anaiek, gehienak, nola edo hala, aurreko bi liburukietan azaldu, aipatu edo kontatu direnak. Edozein kasutan, eta horrexegatik dakargu liburu honen aipamena aldizkari honetara, berebiziko garrantzia eta pisua izango du Damasok eta Gabino, nork bere aldetik, zehaztea, hitzetara ekartzea, beren bizitzako oinarri eta motor izan diren pentsaera eta sineskera; bizitzako gorabeherei aurre egiten lagundu eta bizitzako gorabeherek beraiek bideratu dituzten uste, pentsamendu eta sineskizunak. Gutxitan irakurri ahal izan ditugu, beti ere fikziozko historia baten testuinguruan, bizitza, gizaki eta Jainkoaren aurreko bi jokaera hain ezberdin eta hain ongi arrazoituak. Irakurle fededunak zein fedegabeak oso ongi erretratatua eta arrazoituta aurkituko du bere barneko mundu hori, Damaso zein Gabinoren azalean, gogoan eta bihotzean.

Tartean aurkituko dira, familiako beste kideengan haragituta, bitarteko beste jarrera eta pentsaera batzuk: sinestedun tradizionala, sinestedun azalekoa, Estatuaren aparatuak sustatuko fedeari atxikia, bizitzara eta konpromisora daraman fedean oinarritutako sinesteduna, Jainkorik eta kezkarik gabeko sinesgabea, bere zalantzek eta barruko gorabeherek sufriarazten duten agnostikoa…

Azkenik bi ohar praktiko: lehenengoa, ez dela beharrezkoa aurreko bi liburukiak irakurri izana hirugarren hau ulertzeko (nahiz eta irakurriak izanak hobeto ulertzen laguduko duten); bestetik, nolabaiteko esfortzua eta ahalegina eskatzen duen irakurketa dugu; eta ez euskara zaila edo historia jarraitua izateko korapilatsua delako; baizik eta liburu luzea eta trinkoa delako (682 orrialde); euskaraz irakurtzeko aldez aurretiko nolabaiteko ohitura eskatzen du. Joan Mari Irigoienen euskarak bestalde, bidelagun atsegina izango du, hain baita dotorea eta erraza, aldi berean.

Azkoitia 76.1

Orbetarren trilogiaren azken liburu hau ere asko kostata irakurri dut. irigoien nire idazle kutunenetakoa den arren, Orbetarren historiak hiru liburu mardul idazteko adina ez duela ematen iruditzen zait. Hiruretatik lehena bakarrik gomendatuko nuke, beste biak oso-oso astunak egin zaizkit, Orbetarren gorabeherak behin eta berriz errepikatuz. Hala ere, oso ondo idatzia dago, Joan Mariren edozein liburu bezala. Horregatik, gomendatzekotan, idazle izan nahi dutenei gomendatuko nieke.

Urretxu 100.1

Joan Marik bikain borobildu du trilogia, nire ustez. Agian saiakeratik hurbilago dago, azken liburua, nobela narratibotik baino. Edo hala eman dezake. Idazkera bikaina du, esaldi luze baina ez irakurtezinak. Lan itzela egin du, eta azken liburu honetarako dokumentazio lan handia egin duela ere nabarmena da, hainbat eta hainbat erreferentzia txertatzen dituelako liburuaren joanean. Zorionak, Joan Mari.

Bilbo 54.3

Amaitu da Joan Mari Irigoienek idatzi duen Orbetarren saga luzea. Hirugarren liburu honek, beste biek bezala, alboan uzteko zati luze batzuk ditu (Meyer jaunaren bizitza, adibidez, interesgarria izan zaidana, baina istorio nagusitik guztiz kanpo dagoena). Hori gertatu balitz irakurketa askoz atseginagoa izango zatekeen. Izan ere, ez da batere samurra berrehun bat orrialde irakurri behar izatea, nahiz eta istorio nagusiari ezer ez gehitu. Soberan ez dagoena, ordea, asko gustatu zait, bigarren liburuan argitu ez zena hirugarrenean argitu delako.

Irigoienen idazkera, beti bezala, landua eta gozagarria izan da (istorioak gozatzen utzi didanean, noski). Alde horretatik, ez dago ezer aurpegiratzeko, gure idazlerik onenetarikoa baita berau.
Beraz, oso liburu ona izango litzeteke laburragoa izango balitz eta bakarrik gomendatuko diet horrelako liburukoteak atsegin dituztenei. Irakurketa arina gustuko dutenak hobe es saiatzea!