Arma, tiro, bammm!

1

Izenburua: Arma, tiro, bammm!
Idazlea: Joan Mari Irigoien
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2013

Hari bi nobela bakar berean: batetik, Bereibarko familia bat (Gipuzkoa eta Bizkaia arteko alegiazko herria), bizibidez eskopeta-lantegi bat daukana; bestetik, Balad al Xams-eko (Ekialde Hurbileko balizko herrialdea) beste familia bat, gerra ahaztu baten ondorioak nozitu beharko dituena; modu paraleloan kontatzen zaizkigu batzuen nahiz besteen pozak eta nekeak, eguneroko kontu xeheak eta Historia markatzen duten gertakari handiak, XX. mendeko bigarren erdian hasi eta gaur arte. Hari biek, halabeharrez, bat egiten duten arte.
Ez da ohikoa arma trafikoa gaitzat hartzea eleberri batean; irakurlearen gogo-bihotzak inarrosteko asmo osoz egin du Joan Mari Irigoienek, eta helburu horri begira erabili bere artearen tresna guztiak. Hiru ezaugarriok nabarmendu daitezke egilearen lanean: hizkuntzaren erabilera zaindu eta ederra, hainbat istorio sortu eta kateatzeko fabulazio-ahalmen itzela, eta gure gizarteko gai minberak ukitzeko kontzientzia etikoa.

Subscribe
Notify of
guest

1 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Bilbo 54.3

Oso liburu luzea da Joan Mari Irigoienen azken hau (eta azken-azkena izango dela ematen du, idazlearen egoera fisikoagatik) eta esan behar dut erdia edo soberan dagoela. Lehenengo erdian dago nire ustez soberan dagoena, idazleak xehetasun nimiñoekin kontatzen baitu aiton-amonen eta gurasoen bizitzetako hainbat pasadizo. Hala ere, liburuaren hari nagusiarekin bat datozenak bilobak/semeak (Pedro eta Hamza) dira, baina euren istorioa ezagutzeko (lehergailuen enpresa sortu baitu Pedrok eta lehergailu horien biktima baten anaia bikia da Hamza) interes gutxiko ehunka orri irakurri behar dira.
Beti iruditu zait horixe dela Irigoienen akatsa: oso liburukote mardulak idazten dituela, baina argudio nagusitik kanpo dauden makina bat orriz hornituak.
Liburu hau oso interesgarria izango zatekeen argumentu nagusitik (hots, hirugarren munduko herrialdeetan lehergailuak ekoizten dituzten euskal enpresek sortutako triskantzetatik) desbideratu ez balitz idazlea, baina desbideratu egin da. Ondorioz, liburu astuna eta, askotan, aspergarria atera zaio Irigoieni.
Dena den, ez dira ahaztu behar Joan Marik euskal literaturari egindako zerbitzu apartak. Horiengatik guztiengatik gomendatuko nuke bere azken-azken liburu hau erostea. Hori eta gehiago merezi du idazle honek.
Laster arte eta ohore Joan Mari!!!