Izenburua: Dortokaren begirada
Idazlea: Jon Arretxe
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2021
Bilboko San Frantzisko izan zitekeen, baina Madrilgo LavapiƩs auzoa da. Bertako apartamentu batean bizi da bakar-bakarrik Toure, gure sasi detektibe ezaguna, Nafar Pirinioetako herrixka batean eta Parisen ihesi ibili ondoren.
Frantziako hiriburuan lapurtutako harribitxi batzuk ezkutatu ditu Retiro parkean, toki segurua delakoan, baina norbaitek ostu ditu. Ezkutalekuan, bitxiak ordezkatuz, dortoka bat utzi dute lapurrek, inskripzio misteriotsu batekin. Hori da Tourek duen arrasto bakarra, eta hortik tiraka saiatuko da altxorra berreskuratzen.
Ikerketa honetan ez da bakarrik egongo, baina. Sa Kene, San Frantziskoko bere lagun eta amorantea, izango du bidelagun oztopoz eta arriskuz beteriko bilaketan.
Jon Arretxek, bere ohiko estilo dinamiko eta bizia baliaturik, Toureren sagako lehenengo liburuetara garamatza, umorea berreskuratuta. Edonola ere, kontakizun poliziakotik harago, zortzigarren entrega honetan, egun ikusten diren bidegabekeriak eta gizarteko baztertuen egoera lazgarria salatuko ditu zorroztasunez.
Berrehun orri eskaseko liburu bat da, baina baditu, gainera, bertze bi dohain gehiago: bata, bilbea oso ongi eraikia dagoela, bertzea, idazleak pizgarria den bide bat irekitzen diola behin eta berriz irakurleari haren interesa bizi-bizirik eusteko helburuarekin. Eta nire kasuan, bederen, erdiesten du. Bertzaldetik, egileak lortzen du irakurlea protagonistaren alde lerratzea kontakizunan zehar, harik eta mozolo astakirten hiltzailea dela kontu ematen den arte. Madrileko LavapiƩs eta La Latina alderdiko deskribatzen duen giro Ʊabarrak sinisgarritasuna ematen dio kontakizunari, baita etorkinek izaten dituzten arazoek, trabek, bizimodu kaskarrak eta jasaten duten bazterkerien azalpenek ere. Beraz, aisa irakurtzen den liburua da, editore akatsen bat gorabehera, eta entretenigarria; hortaz, gomendagarria.
Zortzigarren aldiz etorri zaigu Toure eta beti bezala thriller bizia ekarri digu.
Parisen lapurtutako bitxiak saltzen irabazten duenarekin Madrilen eroso bizi den Tourek ezusteko bat jasango du eta orain bera, lapurra izan beharrean, lapurtua izango da. Bitxiak berreskuratzeko bost eguneko abentura biziko du Sa Kene maitalearekin batera.
Beti bezala thrilerren generoaren ezaugarri guztiak ditu eleberria: erritmo bizia, ezustekoz ezusteko doan argumentua eta ustekabeko amaiera. Une batean irakurlea ezin da inortaz fidatu, pertsonaia guztiak errudunak izan daitezkeelako. Hori guztia, umore ukitu batzuekin zipriztinduta.
Ondorioz, liburu hau nahitaez irakurri behar dute Toureren zaleek, eta oraindik Toure ezagutzen ez dutenek lehenengo liburua irakurri behar dute lehenbailehen. Eta handik zortzigarrenera heldu arrapaladan.
Beraz, oso gomendagarria da liburu hau, Jon Arrtexeren ia guztiak bezala.