Izenburua: Azken tranbiaren itzala
Idazlea: Jose Inazio Basterretxea
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2011
1938ko uztailaren 30ean, faxistek Bilbo hartu zutenetik urtebetera, hiriburutik hurbil den herri batean, hari bi gurutzatuko dira. Batetik, auto ofizial batean zenbait frankista nabarmen datoz: Augusto Beitia armadore eta estraperlista eskrupulu gutxikoa, eta Miguel MarÃa Sasnar, kazetari militar barren ustelekoa; misio ezkutu bat izan berri dute Bordelen, bizirik dirauen gerrak horrelako lan beltzak ere eskatzen baititu oraindik
Irakurri dudan Basterretxearen bigarren obra izan da hau eta lehenengoa (Mandatariaren gerra) bezain gustora irakurri dut, gaiak bete-betean erakarri nau; oso ongi idazten du Basterretxeak, literatur estilo oso neurritsu eta doi batean, baina egia da, besteren bati irakurri diodan bezala, apur bat katramilatsua gertatzen dela bi istorioen loturaz osatu duen bilbea, trinkotuegia, agian, hainbeste pertsonaia jantzi nahi izatea. Luzeago jo behar zuen eta pertsonaiei hauspo gehiago eman? Nork bere gogoan gordeko duen emaitza ez da oso garbia eta, horrenbestez, ezta utziko duen arrastoa ere.
Gerra Zibilak hainbat euskal idazleei liburu baten gaia ekartzen die burura. Nobela honetan Jose Inazio Basterretxean 1938an gertatutako pasadizo bat azaltzen du. Istorioa bi hariz josten du: Gerra Zibilaren gertaerak eta hauei buruz gudari baten senideak gaur egun egiten duen bilaketa. Idazleak hurbil hurbiletik azaltzen du lehenengo gertakari hori, lupa pean emango balu bezala. Oso idazkera errealista erabiltzea aukeratu du, xehetasunetan murgilduta gaude. Badirudi idazleak errealismo horren bidez kontaketa argiago agerrarazi nahi zuela, baina nire ustez aurkakoa lortu du: korapilatsua geratu da, eta batzuetan astuna iduri zait. Ezin izan diot haria behar bezala jarraitu.
Baikorragoa izango naiz hizkuntzari buruz: gustukoa dut nobela batean euskara batuak noizean behin euskalki bati tokia uztea, bizkaierari kasu honetan;euskalki baten erabilera bizi gehiago eta egiatasun azkarragoa ekartzen baitizkie idazkerari eta liburu osoari.
Eleberri historiko honek harrapatu egin nau. Irakurterraza da eta lehengo eta oraingo istorioak tartekatuz arintasuna ematen dio. Jakinmina sortzen du hasieratik bukaeraraino eta arreta matenarazten du pasarte guztian; zenbaitetan informazioa gehitxo izatea ere gertatuz. Pista ezin hobeak dira liburu haiseran eranskin moduan agertzen diren familien zuhaitz genealogikoak. Gomendatuko ez nukeen arren, gustura irakurri dut liburu hau.
Idazle berria zen niretzat Jose Inazio Basterretxea, eta gustura irakurri dudala aitortzen dut. Lantzen duen gaia berria ez bada ere, normalean gutxiagotan agertzen diren aspektu batzuei buruz hitz egiten du. Atzerriko herrialdeek gerra batean izaten duten eragina eta, bide batez, gerrak gizarte zibilean izaten dituen ondorioak begirune handiz eta modu xamurrean azaldu ditu, ikuspegi berri bat eskainiz. Gomendagarria.
Historia gogorra baina polita. Biak nahasteko modua erraza egiten da. Eta garai horri buruzko inofrmazio gehiago ezagutzeko modua da. Erraz irakurtzen da.
Jose Inazio Basterretxea itzuli da euskal literaturara liburu honekin eta zapore gazi-gozoa utzi dit liburuak. Izan ere, aukeratutako gaia polita eta erakargarria izan da: Gerra Zibilaren bi pasadizo, liburuaren amaieran lotzen direnak, gehi pasadizo horiek ikertzen ari denaren istorioa. Baina horiek kontatzeko era oso katramilatsua iruditu zait. Ni askotan aspertu eta galdu naiz hainbeste pertsonaiarekin. Etengabe begiratu behar izan diot liburuaren hasieran agertzen den zuhaitz genealogikoari, haria berreskuratzeko. Beharbada, nirea izan da errua, eta ez idazlearena, baina nahiago nukeen beste modu batean antolatuta egotea kontakizuna. Beraz, nire iritziz, liburu bikaina izan zitekeen Basterretxearen azken hau, eta erdibidean geratu da.