Izenburua: Disoluzio agiriak
Idazlea: Jose Luis Otamendi
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2019
“Beste poesia molde bat behar du une honek”, diosku Jose Luis Otamendik. Bizi ditugun garai aldakorrek sortutako galderak plazaratu ditu liburu honetan, eta galdera horiek egiteko, poesia molde berri bat bilatu du. Zahartzen ari den gorputz baten kezkak, minak eta grinak ageri zaizkigu poemotan, giro politiko eta sozialari erreparatzen dion gorputz bat, bera baino lehenago zahartutakoen zaintzaren bidez etorriko zaiona ikusten duena. Aurreko liburutik bost urte igaro diren honetan, idazlearen hasierako poemetako samurtasuna eta surrealismoa aurkituko ditu irakurleak liburuan, urteek eman dioten aberastasun teknikoarekin.
Disoluzio agiriak
Jose Luis Otamendi, 2019.
Poema-liburu hau irakurtzea Otamendirekin parkeko banku batean hitzordua izan dudala sentitzea izan da, eta berak, eguzkiaren jaitsierari begira geunden bitartean, barruan daramana kontatuko lidake. Bizitzan zehar ibiliak eman dion abagunetik hitz eginez. Orainaldian agertzen den eta biharko eguna ezagutzen ez duen bizitzaren ahuleziaz mintzo zait.
Berari gustatuko litzaioke perfekzioa poesiatzea baina… ez zaio posible eta poeta minduta sentitzen da. Berak hitz egiten zidan, hitz egiten dit, eta nik, gutxiago horniturik barne hausnarketan, batzuetan geldiarazi egin behar izaten dut, zertaz ari den astiroago azaltzeko; hain da sakona bere poesia…
Damu da azken opor hauek alferrik galdu izana. Ez du espero zuen etekinik atera. Bizitzeko dirua, besteren hitzaz jabetzen den dirua, behar izateak, bilatzeak, horrek jaten gaitu, gorputza zahartzen du. Horrekin batera, denboraren igarotzeak, egunari aurre egiteak eta gaua sehaskatzeak.
Hilzorian dagoen herri honek beste proposamen batzuk behar ditu. Planeta giltzurrunetan harri batzugatik baino ez da operatzen, eta ebakuntza-gelan hiltzen da pilatutako konplikazio ondorioz. Gureak egin du.
Molde mantso batean okupa-eginkizunetan ari da. Bere gorputzaren karkasa behar duenari, espazioak ukatu zaizkionari, uzteko prest, berak baino etekin handiagoa atera dezan. Bere gorputza desokupatu nahi du, berak kolonizatua duela jakinik, eta ez daki beste leku batzuetan, zuloetan, deskolonizaziorik egon den, posible izan den. Bere siluetatik irten gabe, bere gorputza LEGO, giza-LEGO, bat bezala desmuntatzeko beharra du, mentalki bere buruaz beste egiteraino.
Gauzak bere osotasunean aldatzearen nahia du. Ez du zoriontsu izan nahi heredatutako paradisu honetan, hori adostasunaren erakusgarri bailitzateke, eta bera ez dago ados.
Unibertso finituan maitasun-keinu bat, hosto bat laztantzea, ulertezina da, eta mundua damutu egingo da hori baloratzen ez jakiteaz bere igarobide azkarrean etenaldi bat ez egiteagatik.
Ibilitakoaren ondoren, bizitzaren malda argi ikusten du eta bakardadearen soka finagatik bada ere mundu honi lotuta jarraitzea lortu du, orekarik gabeko oinarrien gainean jauregiak sortuz. Bere bakardadean autoestimulatzen da baina ez du aldarrikapen nabarmenik aurkitzen jendaurrean agertzeko. Besteren babesgabetasunak sortutako errezeloak fisikoki existitzen ez den jendez inguratuta imajinatzera eramaten du. Kontzientziarik gabe geratzeko eta zulo beltz bihurtzeko arriskua sumatzen du.
Uste du munduak ez duela berdin jarraituko gu bertan ez gaudenean, bai sarraskiaren indarragatik, bai karrera atomikoagatik … Planeta honengan duen konfiantza amaitu denez, boluntario aurkezten da beste planeta batera bidaiatzeko eta bere kolonizazioari ekiteko.
Ez dakigu zer egin soinean daramagun hilerri ibiltari honekin; bertatik deituko digute odol hotzagoko jendea bezala etzateko. Hainbeste denboratan zelatatuz bizi izatea eta gero hemendik hain laburki pasatzea… iruzurgilea gertatzen da oso. Nahiz eta zoriontsu izateko hilda egon behar genuela ikasi, ziurgabetasunari atsekabea gehitzen zaionean dolua areagotu egiten da.
Sentitzen ditut bere atzamarrak talde argazki zaharren gainean irristatzen oroimenarentzako aukera baten bila.
Garai batean, bizitzea, irautea, helburua zen; orain, berriz, zoriontsu izateko beharra erantsitzen da. Izakiak ez du premisa berri hori ezagutzen, eta jaio, hazi, heldu eta hil egiten da.
Munduak bere ohiko bira-biran jarraitzen du giza sakrifizioak alde batera utziz. Eta Otamendik ulertzen du ezinezkoa dela galdutako denboraren bila joatea, aurreranzko ihesaldi batean etengabe ekitzea.
Eta bere isiluneetan, poema tartean, bere beldurren konplize egiten nau. Konfidentzia-une bat. Babestu ditzagun gure oroitzapenak. Geratzen zaigun guztia dira.
Otamendiren hitzak erretenera bideratzen diren orrien gainean doaz eta handik liburu iradokitzaile honetara jausiko dira.
DENA DEN, NIRE ESTIMAZIO BAT BESTERIK EZ DA ETA BEHARBADA EZ DA HONETAZ ARI.
Bai ziurtatu dezakedana da “Oto” oso hurbil nabarituko dugula.