Izenburua: Berandu baino lehen
Idazlea: Joseba Azkarraga Etxegibel
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2009
Azkarragak XXI. mende hasierako bizitzari erretratuak atera dizkio liburu honetan. Gizartean gertatzen ari diren aldaketei usnan ari zaigu. Ikuspegi zabala eskaintzen digu, hainbat baitira begipean hartu dituen gizarte arloak: krisi ekologikoa; depresioa eta bere kausa sozialak; euskal subiranismoa; gay kultura; Mendebaldearen garapen eredua; ego indibidualaren inflazioa; euskal gatazka; maitasuna eta gaurko harreman afektiboak; gorputzari diogun lilura; emakumeen mendekotasuna; pobrezia; korporazio globalak; espainiartasuna; familia eta umeen hazkuntza; identitate kontsumistak; krisi energetikoa; edo patologia psikiko berriak.
Zooma orain zabalduz orain estutuz, gizarte-analisiaren zorroztasuna eguneroko bizitzarekin txirikordatu du, anekdota eta pasadizo esanguratsuekin, kolorez zipriztinduz erretratu bakoitza.
Jon Sarasuak hitzaurrean dioen legez, “psikologiaren bariazioekin jotzen du doinu soziologikoa”. Gehienetan tonu kritikoa darabil, eta pistak eskaini nahi ditu bizi gaituen mundua ulertzeko, astintzeko, baita eraldatzeko ere.
Aspaldian saiakerarik irakurri gabe nengoen, eta liburu hau irakurritakoan, nire kalterako izan dela konturatu naiz. Ez du gai bakarra jorratzen, baina euskalgintza eta kooperatibismoaren inguruko gai asko lantzen ditu, asko erakarri nautenak.
Liburu honetan Josebak ez du bakarrik dagoena kritikatzen, nahiko argazki erreala egiten duela iruditzen zait, baina hortik haratago irtenbidearen zantzuak azaltzen ditu. Askok gaur egungo gizartearen kritika merkea besterik ez dutenean egiten, gustura irakurtzen da eredu irekiak zabaltzen dituen ikuspegia ikustea.