Izenburua: Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako
Idazlea: Joseba Sarrionandia
Argitaletxea: Hik Hasi
Urtea: 2010
Itsusiak eta ederrak, irekiak eta
Burugogorrak, alferrak eta
Kementsuak, zuzenak eta
Bihurriak, gupidagabeak eta
Onberak, argiak eta mozoloak,
Egoistak eta emankorrak,
Egiazaleak eta gezurtiak,
Maitagarriak eta higuingarriak izan gara luzaroan.
Orain, aldatzen ari gara.
Trebetasun hartzailetzat hartzen dira irakurmena eta entzumena, sortzailetzat mintzamena eta idazmena. Iritzi hori haustera dator izenburua. Izan ere, mezu bat irakurtzen duzunean, edo entzuten, interpretatu egiten duzu, eta horren arabera zeure testua edo mezua berreraikitzen. Beraz, esan dezaket liburu honekin asko idatzi dudala, eta gehiago idatziko nukeen Pako Aristik bere liburu batean dakarren gomendio-mehatxua jarraitu izan banu, aldian poema bakarra irakurtzea. Batzuetan tonto aurpegia geratu zait ez nuelako ezer ulertzen, barre ere egin dut, gutxitan, ikasi asko, harritu ere bai… Liburu honek duen ezaugarririk erakargarrienetako bat da oso jende desberdinarentzako moduko testuak daudela: badira haurrei kontatzeko moduko ipuinak, edo gazteentzako testuak, edo helduentzakoak. Modan dauden edo egon diren iragarki horien anztekoa da: pozik daudenentzat, goibel daudenentzat, argientzat, mozoloentzat, ikasleentzat, irakasleentzat… Bakoitzak aurkitu behar du bere liburua, hori bai, patxadan hartuta egiteko hori.
Idazlea neu banaiz, irakurtzen dudalako (liburuaren titulua)…
…orduan, esan beharra dut ez naizela, ez, oso idazle “burutua”, liburu hau “burutu gabe” utzi nuelako.
Uda honetan izan zen hori; Joseba Sarrionandiaren liburu hau irakurtzeko garai aproposa, nire idurkoz; oso “udatiarra” dela esanen nuke nik, oraintxe etxean, geroxeago hondartzan, tarteka eta saltoka (ere) irakurtzekoa.
Azala, txuri txuria, “lehenengo jaunartzea” dit oroitu (edo Elvis Presley ?).
Mamia, ordea, motela iduritu zait. Agian, Sarrirena izaki, igurikapen/espektiba haundia, haundiegia nuelako, agian. Baina hausnarketa mottelak, zozo samarrak. Gizon nekatu batenak, hala iduritu zaizkit.
(Gustatu ala ez gustatu: hori bakoitzaren animoaren ariora doa. Ezagutzen dudan lagun bati –bera oso Sarri-zalea, hori bai–, aski gustagarri eta aski mamitsu egin omen zaio liburua. Hara bada !.).
Berriz ere eskutan hartuko dudalakoan.
Nork eta noiz irakurtzen duen, kontu bat edo beste bat ikusiko du ipuin labur hauetan. Hezitzaileak dira, zer pentsatua ematen dutenak. Haurrei irakurtzekoak, harritzekoak batzuk, nondik heldu pentsatzeko modukoak beste batzuk. Denetik dago. Baina, oro har, liburu duina iruditu zait, harribitxiz betetakoa.
Lierni Altuberen ilustrazioek, gainera, areago edertzen dute, eta edizioa benetan zaindutakoa da.
Bi txandatan irakurri dut, baina asko gozatu dut.
Esan beharra daukat, hasieran ez ninduela erakarri, uste bainuen umeentzat eginiko liburu bat zela. Baina irakasle batek erakutsi, eta irudiek gatibatu ninduten. Askotan ez diegu ilustrazioei garrantzirik ematen, baina oraingoan oso inportanteak dira.
Umeei zuzendutako ipuinak, nagusiei, gazteei,… Hausnartzeko liburua, “moraleja” askorekin.