Izenburua: Marina Suredaren amets urratuak
Idazlea: Joxe Belmonte
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2009
Marina Sureda 44 urteak betetzeaz batera nortasun-krisialdi batera heltzen da. Semea etxetik joan da, senarrak ez du jada asebetetzen, eta Mallorcako eguneroko monotoniak itotzen duela sentitzen du. Kinka larri horretan dagoela maitasun hitz batzuk jasoko ditu, hamalau urte atzerako ezagututako gizon baten maitasun-aitormenak.
Aitormen horiek egin zezakeen eta egin ez zuenagatiko arrangura ekarriko diote, baita irlatik alde egiteko adorea ere, gizon hark emakumeari ere axola ziola agertuz. Galdutako ustezko maitasun haren bila abiatzen da, baina gizon harekiko topaldia ez da erraz gertatuko, direnak ez baitira beti uste izan direnak, ezta uste direnak izan direnak ere.
Bilaketa horretan, egoera nahasgarri horretan, guztiz arrotz egiten zaion eszenategi batean agertzen da, Euskal Herrian. Lekuz kanpo dago, horrela sentitzen da. Hala ere, ustekabean, hor, etxetik ehundaka kilometrora, etorkizuna jorratu nahian, bere iragana irauliko dioten gertaera batzuk deskubrituko ditu, maitasun istorioa thriller bihurtuta.
Liburu interesgarria Joxe Belmonteren azken hau, baina hala ere ez nau guztiz bete, gauza batzuk faltan eta beste batzuk soberan dituelako, nire ustez. Izan ere, istorioak garatuago egotea eskatzen du eta pasarte batzuek (Iruñeako egonaldia, adibidez) ez diote ezer gehitzen eleberriari. Beraz, liburu ona da, baino hobea izan zezakeen. Dena den, nahiz eta ezagunenetarikoa ez izan, Joxek eleberrigile aparta izateko egurra baduela erakutsi du.