Izenburua: Abertzaleak eta euskara
Idazlea: Joxe Manuel Odriozola
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2008
Hedabideetako kalaka gogaikarriak euskal nazioaren muin-muineko auziak argitu ordez nahastu egiten dituelakoan, sasia garbitzeari ekin dio egileak, abertzaleen artean euskarak zer leku hartzen duen aztertzeko, batik bat. Ohiko ezker-eskuin edo epel-gori banaketen ordez, beste bat jotzen du Odriozolak funtsezkotzat.
Bere hitzetan esanda: “sokaren mutur batekoak estatuaz eta burujabetasunaz mintzo zaizkigu liluraz gainezka, auzitan dagoen nazio-eredua, nazioaren izaera, batez ere nazio politikoa izan behar duela aldezteko. Beste muturrean tiraka dabiltzan euskaltzaleek, aldiz, nazioaren alde bakarreko definizio hori ez dute berretsi nahi inondik ere. Ez dute uste nazio politikoak gaurko testuinguru soziolinguistikoan eta kulturalean euskal nazio kulturala eta linguistikoa sortzeko berezko gaitasunik daukanik. Euskal nazio politikoari uko egin gabe, jakina, baina euskal nazio linguistikoa eta kulturala dute amets”.
Zorrotz aritu da egilea bere ikuspegiaren defentsan, euskal kultura eta politikako hainbat lekukoren hitzak jorratuz eta kritikatuz, batekoak eta bestekoak gupidarik gabe astinduz eta xaxatuz: “Eta zuek, eskuineko eta ezkerreko abertzaleok, uste zenuten ezetz, euskara ere nazio-identitatearen egituran gainerako osagaien pareko eta gisako zela. Nazio-identitatearen “beste” faktore bat zela. Ez zela gainerako ezaugarriak euskal bihurtzen zituena, ez zela guztien buru eta lema izan behar zuen goiburua. Euskarazko prozesurik gabe, ordea, ez dago euskal eraikuntza nazionalik. Ezinezkoa da. Hori izan da, zoritxarrez, zuen porrotaren arrazoia. Hori izan da nazio euskaldunaren gainbehera”. Dudarik gabe, euskaltzale nahiz abertzaleei oro har zer pentsatua eman beharko liekeen liburua.
Liburu honek hamaika zer esan jarriko du abertzalea edo ta euskaltzalea zein den eztabaidatzeko orduan, horixe baita Joxe Manuelek liburu honetan egiten duen bereizketa.
Gogoeta sakona eta mingarria egin du Joxe Manuel Odriozolak liburu honetan. Euskararen egoerari buruz galderak sortarazten du etengabe. Beste pertsonen –ia ehun ta hogeitahamar izen desberdinak- iritziak erabiltzen ditu geure hizkuntzaren egoera aztertzeko eta bere buruari hamaika galdera egiteko. Idazleen eta politikarien bereziki baina baita ere euskal kultur arloan mugitzen diren izen ezagunen iritzi eta izkribuak agertzen dira nonahi eta segidan Odriozolaren iruzkin eta gogoeta gogorrak. “Galderen sokak ez du ordea etenik nire burubidean” idatzi du une batean Odriozolak. Abertzale edo/eta euskaltzale. Aberria eta/edo hizkuntza, nazio-kultura eta/edo nazio-hizkuntza eta abar. Dikotomia horretan mugitzen da Odriozola bere liburua zatitzen dituen bost bidegurutzetan. Agian ezkorra, baina ondo argudiatua. Agian euskaldunok espezie mehatxatua bihurtu gara eta ez gara konturatzen hainbeste diskutsoetan galdurik. Oso ondo idatzita dudarik gabe, zoritxarrez gure politikoek (abertzale baina ez hain euskarazaleak) ez dute irakurriko. Liburuari –“historia tramautiko honi”- Jokin Zaitegiren hitzek eman dio amaiera: “Izkera baztertzen duen erria, ez da erria, eta euskera ukatzen duen abertzalea, ez da abertzalea, Euskalerriaren ondatzallea baizik”. Eskerrik asko, Joxe Manuel, gure kontzientziak astintzeagatik.