Solteroen dantzalekuak

3

Izenburua: Solteroen dantzalekuak
Idazlea: Joxean Agirre
Argitaletxea: Elkarnarrat
Urtea: 2022

Gaztetan, Deustuko Unibertsitateko ikaslea zela, ikerketa bat egiten ibili zen nobelako protagonista, baserritarrak joan ohi diren diskoteketan ze ohitura zeuden eta horrek maiorazkoak mutilzahar geratzearekin zerikusirik ba ote zuen. Aldi berean, frankismoari kontra egiteko, Erakundean ere sartu zen, harik eta, atxiloaldi batean jasotako pasadaren ondoren, borroka-gogoak joan eta Iparraldera ihes egin zuen arte.
Urteak pasata, jubilaziotik gertu dagoen Soziologiako irakasle dibortziatua dela, Alderdiaren gonbidapena jasoko du Lehendakarigai izateko, baina, politikariek falta ohi duten xarma moduko bat aitortzen dioten arren, bere iragana nola edo hala apaindu beharra ere gogorarazten diote.
Olgetan-benetan, gai larriak arintasunez eta serioak umorez lantzeko dohain aparta erakusten du Joxean Agirrek, beste behin, irakurlea harritzeko gaitasunarekin batera luma airos eta jostariz daramala Zuberoako dantzalekuetatik Nafarroakoetara, Francoren azken salbuespen-egoeratik gaur egungo politika gatzgabera.

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Bilbo 54.3

Oso liburu ona eta bitxia Joxean Agirreren azkena. Garai batean puri-purian egon ziren diskoteken azterketa erdi soziologikoa egin du Joxeanek protagonistaren bidez, eta diskoteken bidez, euskal gizartearen zati baten azterketa ere bai.

Oso interesgarria eta gozagarria izan zait liburua ezagutzen ez nuen mundu bat ezagutu ahal izan dudalako eta Joxean Agirreren estiloa oso atsegina delako.

Beraz, Joxean Agirre eta argumentu on bat elkartzen badira, arrakasta etorriko da nahitaez.

Azkar eta gozatuz irakurtzen da liburua eta erabiltzen duen euskara bikaina da. Ondorioz, oso gomendagarria da liburu hau.

Mutiloa-Aranguren 34.1

Erretiratu berri den unibertsitateko soziologia irakasle bati Alderdiak proposatzen dio parte hartzea lehendakarigaia hautatzeko ireki den prozesuan. Honetan hautagaien biografia bildu, itxuratu, distira atera eta erakargarri bihurtu behar da. Bere kasuan bereziki antzaldatu beharra dago Erakundean parte hartu izana unibertsitateko ikasketak egiten ari zelarik, eta, ondorioz, bere ihesaldia. Biografiaren eraikuntzan ere azaltzen da maiorazkoari buruz egin behar izan zuen txostena, Euskal Herriko zenbait dantzalekutan bildutako elkarrizketak datu-iturri gisa erabiliz. Handik dator liburuaren izenburua. Biografia berriaren aholkulariak soslai salgarria asmatzen ari diren prozesuan agertzen da Joxean Agirreri eraikitzea hainbat gustatzen zaion protagonista: arlote samarra, koldarra hein batean, konplexuren batek jota, gehienetan bere emazte ohiaren aiherkundea jasan behar duena, baina aldi berean xaloa eta maitagarria dena, eta bertze emakumeendako erakargarritasuna eta xarma dituena. Ildo honetan, beraz, ukitzen ditu ere amodioa eta desamodioaren gorabeherak, ironia beti osagarri gisa hartuz edo egoera modu humoretsuan karikaturizatuz. Kontakizunean barna sumatzen da ere kritika politikoa: Erakundean aritu zirenak adoretsuak izanik, eta handik Alderdira iragan zirenak koldarrak agertu araziz. Bertze aldetik, agerian uzten du oroitzapenaren zokoetatik ateratzen ditugun iduriak bakarrik konta daitezkeela baldin eta itxuraldatu, distira atera edo zaharberritzen baditugu, haiekin batera dauden mamuak uxatuz, edo bederen ez azalaraziz. Baino baita agerian uzten du ere bakoitzak bere errealitateari buruz duen ideia, agian ez dena inoiz gertatu errealitatean, gutxienez, norberak gogoratzen duen bezala.

Zumitz horiekin ehundu du egileak kontakizuna, eta emaitza, nire iduriko, oso atsegingarria suertatu da, interesa inoiz ere galtzen ez den istorioa baita, eta idazteko estilo hain naturalaren bidez irakurketari erraztasuna ematen baitio . Beraz, oso gomendagarria irria marraztu, ongi pasa eta deskonektatzeko.

Alegia 41.1

Liburuaren izenburua ikusi nuenean bitxia eta erakargarria egin zitzaidan aldi berean, parmurria eragin zidalarik.
Ni ere belaunaldi horretakoa naiz, eta liburua irakurri ahala, oso ezagunak egiten zaizkidan egoerak eta momentuak bizi izan ditut; hala nola, igande arratsaldetan Malloak dantzalekuan bizi eta ikusten genuena, mota eta estilo askotako jendea bertan biltzea, bertaraino egiten genituen joan-etorriak… Pasarte horiek guztiak oso gustura irakurri ditut.
Aldiz, Jaurlaritzarako hautagaiaren kontuarekin hasi denean, dezepzio txiki bat hartu dut, ez niolako zentzu gehiegirik ikusten gaien arteko nahasketa horri.
Bestalde, beti bezala oso euskara eder eta ulergarrian idatzita dago.
Gomendatzeko modukoa.