Jamaikako neska

2

Izenburua: Jamaikako neska
Idazlea: Joxemari Iturralde
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2019

Dafne Zorregieta Rondaall, horixe da ene izena, aita euskaldun erbesteratu baten alaba naiz eta Mexikon finkaturiko familia daukan holandar ama batena. Hortxe ezagutu zuten elkar nire gurasoek, Cuernavacan, amak garai abenturazale, hippy eta ero samarra izan zuenean eta aitak leku guztietatik ihes egiteko joera hartu zuen hartan, horixe izan baitzen eta baita munduan barrena ibiltzeko daukan joera, bere ezaugarri nagusietakoa, batetik bestera mugituz alde egitekoa, alegia.

Mexikotik alde egin beharrean aurkitu zen, berak aitortzen zuenez, une zehatz batean eta arrazoi jakin batengatik, eta Jamaikan pausatu zituen oinak. Amak atzetik jarraitu zion Luzea hiriraino, eta bertan jaio nintzen ni. Gero, zenbait urte pasatuta, banandu egin ziren.

Publizitatea

Luzea euskal hitza da, nire jaioterrikoek jakin ez arren. Aitak esaten zuen luzea euskaldunei ongi datorkien hitza dela, hauetarik asko, ia gehienak, luzeak direlako garaieran eta… sudur tamainan. Bera sudurluzea zen eta neu ere halakoxea naiz, nahiz eta sudur txikiagoa dudan, bistakoa baita Kirstin amak zertxobait lagundu zuela nire sudurraren tailua txikiagotzen, eskerrik asko, mam! Luzea, baita ere, hiri baten izena da. Baina ez dago Euskal Herrian, ez espainiar aldean ezta frantziarrekoan ere. Luzea Jamaikan dago. Hantxe jaio nintzen ni. Ez naiz luzaro bizi izan uharte hartan, baina denen aurrean beti izan naiz ni Jamaikako neska.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
2 Iruzkin
Berrienak
Zaharrenak Bozkatuenak
Inline Feedbacks
View all comments
Kureiski

Jimu Iturralderen liburu hau benetan terriblea da. Deskribatzen zaila da eta kalifikatzen latza. Idazle batek nobela bat idazteko erabaki on multzo bat hartu, dena ondo ateratzen bada eta zorte ona badu liburu on bat egin badezake maisulanez mukuru dagoen gure literatura unibertsalean. Bada, erabaki guztiak deliberatuki gaizki hartzen badira eta atalak kentzen badira -ezin jakin zergatia- inolako sekuentziazioari uko eginez; narrazioari abiadura bat eman nahi bazaio baina zinez norabiderik gabe; pertsonaiak bata bestearen atzean torrencialki agertzen badira baina inolako sakontasunik eta motibaziorik gabe; eszenatokiei dagokienez Lonely Planeteko goi kargu kokainomano batek soilik anabasan eman zezakeen platoen multzo bat badira; kultura ezberdinen ñabardurak -inolako sakontasunaz ahaztu- parentesi artean emango bazaizkigu erreportaje kutre batean bezala (chela [garagardo] Baina hau zer da!); protagonista Antoñita la Fantastica balitz kezkatzeko moduko agenda batekin balegoke; amaieran agertzen den Fincherren “The Game” itxurako trama sinesgaitza BIGOESGU izen kutre eta guzti (“BIzitzaz GOzatzeko ESperimentazio GUnea”… baina zer da hau, benetan!) eta, azkenik, guztia plastikozko abatar nerabe baten kontakizuna baten itxura badu… nola dago liburu hau argitaratuta?
Badakit asmo txarrez egindako komentario bat dirudiela hau, baina hori pentsatu aurretik, hartu liburu hau liburu-dendan zaudeten hurrengoan, bota bistadizo bat eta benetan esadazue esan dudan guztia ez den talcual eta gauza gehiago bururatzen zaizkizuen. Tira, esan nahi nuena: egileak badu honetan ardura ebidentea (are gehiago Iturralde bezalako idazle bat, bere ibilbidearekin), baina argitaletxe profesional batek ezin du hau horrela argitaratu, mesede eskasa egiten dio idazleari, argitaletxeari eta gu guztioi.

Bilbo 54.3

Astuna iruditu zait Joxemari Iturralderen azken eleberria. Dafne protagonistak lehen pertsonan kontatzen digu bere bizitza, baina trumilka, errepikatuta eta era astunean kontatzen dizkigu bere bizitzaren makina bat pasarte Jamaikan, Mexikon, Holandan, Espainian eta Euskal Herrian. Elkarrizketak oso gutxi dira liburuan eta paragrafoak oso luzeak. Ondorioz, nekagarria izan zait irakurketa eta ez dut batere gozatu.
Ez dakit Iturraldek nahita egin duen, Dafnek bere bizitza kontatzen duelako idazle ez garenok kontatuko bagenu bezala, baina ez zait iruditu liburua zaindua denik, azkar egindakoa baizik.
Beraz, ezin dut gomendatu. Ea hurrengoa!