Jendaurrean hizlari

6

Izenburua: Jendaurrean hizlari
Idazlea: Joxerra Garzia
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2008

Hitza hartu, hitz eman, hitzeko izan… Hitzak egiten gaitu nor.

Komunikazioaren Gizartean, bestalde, hitza da arrakastaren giltza.

Hitzak, ordea, ezer gutxi balio du, hiztunak behar bezala erabiltzen ez badaki.

Hizlari, hitza egokiro erabiltzen ikasi duen hiztuna da liburu honetan: testu eraginkorrak sortzen ez ezik ahotsa eta gorputza behar bezala kudeatzen dakiena.

Hiztuna hizlari bihurtzeko bide amaigabe horretan lehen urratsa egiten laguntzea da liburu honen xede nagusia.

Horretarako, ezinbesteko azalpenez gain, zer landua ugari aurkituko du irakurleak:

· 63 ariketa

· 41 bibliografia-arrasto

· 88 ereduzko pieza
• 54 grafiko-taula

Subscribe
Notify of
guest

6 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Aia 97.2

Liburua hau aspalditxo dut irakurria; alegia, dagoeneko pasa dira hilabete batzuk irakurri nuenetik. Joxerrak bertan dioena ezaguna nuen gainera, berak eman zigun ikastaro batean azaldu zituelako liburuan esaten dituen gauza asko eta asko. Liburuak balio literario handia du, baina hori baino gehiago balio pedagogikoa ikusten diot nik. Nigatik balitz, derrigor irakurri eta landu beharreko liburutzat joko nuke euskaraz ikasten den edozein irakasle-eskolatan. Beste askotan ere ez letorke batere gaizki; esate baterako, kazetaritza- eta filologia-fakultateetan. Baina geroko irakasleei begira ez-ezik oraingo batxilerreko ikasleekin ere landu beharreko gaia dela iruditzen zait Garziak liburuan dakarkiguna.

Orain arte, oro har eta nire ustez, oso gutxi landutako gaia da jende aurrean hizketan jarduteko behar diren gaitasunak lantzea, eta liburu honetan hutsune horri erantzun borobila ematen zaio. Hitz egiten ikasteko ez ezik, idazten ikasteko ere oso baliagarria da Joserrak proposatzen duen metodoa.

Eta, jakina, apaiz batzuek eta beste hainbatek ere egiten dutena gerta ez dadin, alegia, norberak egiten ez duena besteei proposatu, ba, Joserrak modu bikainean idatziak ditu, ohi duen bezala, liburuko pasarte gehienak, bikain, liburuak harrapatu egiten du hizkuntzaren gaia gustukoa duen irakurlea eta erraz egiten da aurrera, liburua potolo samarra izan arren.

Gasteiz 9.5

Azalean azaltzen duen moduan ahozko komunikazio gaitasuna lantzeko liburua da. Eskuliburua, hain zuzen ere.Honek esan nahi du nahi dugun bezala irakur dezakegula. Noiz edo noiz jendeaurreko egoeraren bati aurre egin behar izaten dion jendearentzat da. Izan ere,komunikazioaz gozatzea da komunikazioa lantzeko modu bakarra. Komunikazioaz gozatzeko, aldiz, komunikazioa landu beste biderik ez dago. Helburu honekin idatzi du eskuliburu hau Garziak. Liburua 9 atal edo zati nagusitan banatuta dago, gehi sarrera gisako atal bat. Orrialde hauetan teoria, ereduak, taulak, grafikoak, ariketak, bibliografiak eta mapa kontzeptualak aurki daitezke. Zein baino zein baliogarriagoak! Hasiera poli-polita eta berebizikoa da, Stanley Kubricken “2001 Odisea Espazioan” filmarekin hasten baita. Ondoren, hainbat idazle, bertsolari eta hizlari aipatzen ditu, besteak beste Koldo Mitxelena, Kike Amonarriz, Andoni Egaña, Lazaro carreter, Anjel Lertxundi, Kant eta Carlos Bousoño. “Jendeaurren hizlari” esaldi azkarrez beteta dago. Adibide batzuk jartzearren honako hauek nabarmenduko nituzke: “Gramatika hutsa aizkora kamutsa da, ez du balio benetan merezi duen ezer egiteko: ez liluratu, ez kontsolatu, ez sumintzeko.” 38.orrialdean. Edo “Steinerrek arrazoi izan zein ez sintaxia ere arau-jokoa besterik ez da. Zenbat eta arauak hobeto ezagutu, orduan eta askeago gara” 167.orrialdean. Laburbilduz, oso liburu adimentsua, ulergarria eta didaktikoa da. Irakurtzea, aspimarratzea eta gero praktikan jartzea merezi du.

Donostia 47.3

Hasteko esan dezadan testu hau idazteko ez dudala Joxerra Gartziak liburu honetan testugintzarako edo komunikazio gaitasuna lantzeko ematen dituen aholkuak guztiz jarraitu. Ez dut testu egituraturik sortzeko asmorik. Liburua aspaldi irakurri nuen, irentsi, ia argitaratu berritan, eta beraz, ez naiz gauza liburua bere osotasunean kritikatzeko, ezta iruzkin beterik egiteko ere. Neure asmoa ez zen liburua gure plaza honetara ekartzea. Beraz, bote lasterrean esaldi batzuk botako ditut. Liburua eskuliburu bezala erabiltzeko modukoa iruditu zitzaidala. Eta hasia naizela baliagarriak iruditu zitzaizkidan zenbait pauso, aholku eta abar neure egiten, eta neure lan-esparrura ekartzen. Orain gutxi esan didatela nire antzera dabiltzala hainbat euskaltegitako irakasle ere. Astia hartu nahi dudala liburua berriz irakurtzeko, eta oraingoan ariketaren bat edo beste egiten saiatu nahi dudala. Orain gutxi neure begiez ikusi dudala beldur izugarria diogula/diola jendeak, baina ez sinesteko modukoa, jendaurrean hitz egiteari. Eta jende hori irakasleak ziren, katedradunak, hizkuntza-irakasleak, teknikariak… Beraz, jendaurrean lotsagarri gelditzeari diogun ikara akabatu ezean, ez dugula inondik ere komunikatzen ikasiko. Poztu egin naizela liburuaren 389. orrialdean, bukaera aldean, irakurritakoak irakurrita, poztu eta goibeldu, ez dudalako ia inor ezagutzen horrela pentsatzen duenik. Nik jendea ingelesa ikasteaz ikusten dut arduratua. Eta ondo da ingelesa jakitea. Nik ordea beste kezka bat ere badut: liburuko esaera zaharren zerrendatik mordo bat ez dut ulertzen, ez dakit zein testuingurutan baliatu. Eta zerbait preziatua galtzen ari naizela, horrek ematen dit min. Baina oro har apenas dagoen horrelako minik: ez preziso esaera zaharrak ez ezagutzearekin lotutako mina, baizik eta tradizioa ez ezagutzearekin lotutakoa. Euskaldun zahar asko dago euskara etxetik ikasia dakarrena, eta horrenbestez, euskararen senaren araberako euskara jatorra egiteko gauza dena edo. Baina horrek ez du nahitaez esan nahi tradizioa ezagutzen duenik, tradizioa literaturarekin zerikusia duena bada behintzat. Jendea ez dago tradizioaz kezkatua, ingelesak kezkatzen du eta asebetetzen. Belarri hauekin entzun nuen orain gutxi: “Esaera zaharrak irakastea alferreko lana duk. Inork ez dizkik erabiltzen”. Hori esan zidanak ez du uste diskurtsogintzarako lanabes ezin hobea arbuiatzen ari denik. Eta aditu da euskara kontuetan. Ari da behintzat. Horrelaxe kontuak!

Irun 67.1

Ez da inolaz ere ez irakurtzeko liburu bat, lantzeko, ideiak hartzeko… baizik, Joxerrak berak hasieran hain ondo aditzeran ematen duen moduan. Baina bere idazteko moduak eta doinuak arin bihurtzen dute pisutsua dirudien gaia. Oso erabilgarria.

Getxo 50.1

Kontsultarako liburua, baina eskoletan ahozkotasuna lantzen dugunontzat oso baliagarria. Adibide eta gako asko ematen ditu Joserra Garziak jendaurreko jardunerako.

Tolosa 40.4

Mardula izanda ere, erraz irakurtzen den liburua da. Hizkuntza maisuki erabiltzen du Garziak eta horrek arintzen du gaiak izan zezakeen zama. Gaia jorratzeko erabiltzen duen egitura argia, proposatzen dituen ariketak eta taulak eta eskaintzen dituen hizkuntzaren inguruko ereduak eta bibliografia osagarriak lagungarri dira liburua gustura irakurtzeko. Jendaurrean hizlari da liburuaren izenburua, jendaurrean azaltzeko eta hitz egiteko ditudan zailtasunak gainditzen hasteko jo dut liburu honetara. Eta, iruditzen zait, jendaurrean hitz egiteko landu eta ezinbestekoa den atal bat, idatzizkoa, landu duela, batez ere, Garziak. Bai zabalkuntzan, bai sakontasunean, idatzizko atala da gehien jorratzen duena. Jendaurrekoa ez du sakontasun berdinarekin aztertu eta, batez ere, jendaurreko egoera egituratuetan jartzen du arreta (irrati saioak, bertso saioak, multzo handi baten aurrean egin beharreko lanak). Hala eta guztiz ere, ziur nago irakurle guztiak, praktikotasun handiko gauza bat edo bestea aurkituko duela liburu honetan. Nik gauza asko ikasi ditut behintzat.