Paranoiaren hozberoa (Nintendorena)

1

Izenburua: Paranoiaren hozberoa (Nintendorena)
Idazlea: Juan Izuzkiza Tartas
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2008

Esku artean duzun liburua irakurtzea erabaki baduzu, ipurdia, besapea edo mingain azpia prest izan haren mamiak bertan atsedena har dezan. Saiakerak, termometro gisa, paranoia noraino duzun barneratuta argituko dizu, bi salbuespenekin: erremediorik gabe gaixo bazaude, gaixotasunak berak nahi duena erakutsiko dizu termometroak eta, beraz, liburuak ez dizu merezi; eta gaixo ez bazaude, ez zenuke denbora alferrik galdu behar inolako saiakerarekin.
Halaber, profezia txiki bat ezkutatzen du liburuak, baina ez dago non ikusi, horrengatik hona hemen aurrerapena: sasi jakitun-oilagorrak altxatu behar dira nola oihukatzen duten ikusteko. Haserretzeko joera sutsua dutenez, profezia betetzeko, haien horzkadek nonbait azaldu beharko dute.
Azken ohartxoa, ia hermetikoa, iniziatuentzat: irakurtzea erabaki baduzu jakin «toooshack, toooshack, toooshack» gudu kantak inspiratu duela saiakera osoa.

Subscribe
Notify of
guest

1 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Alkiza 96.1

Oraingoan, zoritxarrez, dezepzio baten berri ematera nator. Izuzkizaren “Paranoiaren hozberoa”-k ez du ezta Nintendorena, hau da, joku/jolas bat eskeini ere egiten. Zein fenomenoari orokorrean edo, zehatzago, zein paranoiari hartu nahi dion tenperatura argitu gabe geratzen da, nire ustez behintzat. Esaten diren gauzak batere argudiatu gabe pilatzen dira bata bestearen atzetik, esan nahi duena eraiki gabe (edo eraikitzeko lanik hartu gabe). Hortaz gain akatsak, aipu okerrak eta autoreen ideien desitxuraketa nabarmenak daude. Bat aukeratzearren (nik ezagutzen dudan arlo batetik badaezpada, baina esanguratsua beste kasutan ere autoreak zer egiten duen imajinatzeko), 91. orrialdean Darwin aipatzen du “… politiko zuzena ez den azken aipamentxo bat … Darwin aitonari erasotzeko”, honakoa esanez: “Darwin gizajoak, bere zahartzaro heldu-helduan goragalea sentitzen zuen hegazterrenaren luma ikustean: hain zentzugabea zen!” eta osatzeko betiko leloa gehitzen dio: eboluzioaren teorian hutsuneak daudela oraindik eta zizkularra dela bere argudiatzeko eran. Ez naiz orain azken bi topiko hauek azaltzen hasiko, baina gutxienez bere aipamen zehatzari zerbait erantsi nahi nioke. Alde batetik, Darwini goragalea sortzen ziona bere Down-eko etxetik 40 urte ia irten gabe mantendu zion gaixotasun bat zela eta, bestetik, hegazterrenaren luma eta horrelako beste antzeko ezaugarri batzuk zerbait sortzen ba zioten jakinmina zela, eta nolakoa!. Hain zuzen ere, ezaugarri hauek argitzeko, hautespen naturaletik kanpo geratu daitezken neurrian (zentzuagabeak!), sexuarekiko hautespenaren ideia sortu zuen eta bere 1871eko liburuan argitara eman zuen, gizakiaren sorrerari buruzko bere ideiekin batera (“The Descent of Man and Selection in Relation to Sex”). Aristoteles eta logikari buruzkoak, atal horretan, erridikulu xamar iruditu zaizkit ere eta horrela beste hainbat kontu, esaldi eta ‘ateraldi’ sasi-graziosoak. Azken finean, “name-dropping” hutsal pilo bat, azaleko aurkikuntza itxuraz deigarriak barra barra eta “burgesa epatatzeko” zaharretik asko, baina funtsezko eta sakoneko azterketarik gutxi.