Izenburua: Hauts bihurtu zineten
Idazlea: Juan Kruz Igerabide
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2005
Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena 2005
Euskal Herriko auzo txiki batean, frankismoaren azken urteetan eta trantsizio garaian kokatuta dago Igerabideren lehen eleberri hau. Autoreak ongi ezagutzen duen garai eta leku gatazkatsu nahasia, beraz. Garai hartan nerabe eta gazte sasoiko izandako bat da narratzailea. Pertsonaia asko eta ongi taxutuak agertzen badira ere, bada bat narratzaileak begiz jotakoa eta ongi begikoa duena: Adela, auzoko maistra aurrerakoia. Emakume maitagarri haren drama humanoak josten du osoagoa izan nahi duen kontakizunaren ehuna. Eleberria oihartzunez beterik dago. Esan liteke oihartzunen sare batek osatzen duela nobelaren egitura, denbora kronologikoari denbora psikologikoa gailenduz. Ez da garai historiko baten azterketa objektiboa, irakurketa sentikor bat baizik, sufrikariotik eta gozamenetik sorturiko lekukotza bat, hauts bihurtu zirenen errautsekin idatzitakoa.
Nobela honetan idazleak herri txiki bateko gazte baten heldutasunera iritsi arteko bidea kontatzen ditu. Bertan, hiru pertsonaia nagusi daude: lehen aipaturiko gaztea, Joantxo edo ‘Herrenko’ (hori baita ume garaian jarri zioten izengoitia) narratzailearen paperean, Adela, herrira iristen den maistra aurrerakoia, benetako protagonista eta Joantxoren bizitza ‘gidatuko’ duena, eta hirugarrenik, Marro, gaizkilea, maistrak ez bezala, batere onik ez duena. Joantxoren heldutasunaren prozesu horretan sakontasun handiko gaiak jorratzen dira (hala nola, biolentziaren erabileraren zilegitasuna), bizitzari buruzko gogoeta egiten,… Hiztegi aberatsa, oso landua, idazkera bizia, irakurterraza, hunkigarria… Irakurri beharrekoa, nire ustez.
Norberaren memoria historikoa birpasatzeko aukera egokia eskaintzen duen liburua.