Hotz industriala

3

Izenburua: Hotz industriala
Idazlea: Julen Belamuno
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2020

Lezetak hozkailu industrialak konpontzen egiten du lan, nahiko nekatuta dago eguneroko martxarekin, eta lankide antojagarri baten adarjotzeak aguantatu behar ditu gainera, emakume gazteago batekin duen harremanagatik. Euskal Herritik Berlinera egin zuen ihes Martinek 80ko hamarkadan, desagertzeko bulkada bati jarraituz, eta, denek ahaztu dutela uste duenean, euskaraz idatzitako gutun bat jasoko du. Belarriko minez farmazia irekitzeko zain dago artista bat, eta bere antz handia duen gizon dotoreago batekin egingo du topo, Isabelekin izan zuen harremana zelan hondatu zen gogoratzen duen bitartean. Bikote batek Errioxan erositako etxera hurbilduko da jabe ohien semea, zuhaitz bat ez botatzeko eskatzera. Italian koadro berezi batzuk agertu ostean, aspaldi ahaztutako pintore baten gaineko ikerketan murgilduko da Ander.
Bost ipuinez osatuta dago Julen Belamunoren Hotz industriala. Izoztutako txori baten begirada, paseo bat ontzi turistikoan laku hutsean, igelak koadro desitxuratuetan. Egunerokotasunaren zama astunegia bihurtzen denean, lanegunaren amaieran hartutako tragoa ere izan daiteke itxaropena.

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Azkoitia 76.1

Bikaina iruditu zait Julen Belamunoren hirugarren ipuin liburua. Bost ipuinek osatzen dute, eta horietatik gehienak (laugarrena izan ezik) eleberri laburtzat har daitezke.
Bereziki gustatu zaizkit lehena, liburuari izena ematen diona, eta laugarrena. Bigarrenak eta bosgarrena hasiera bikainak dituzten arren, luzeegia eta errepikakorra dute bukaera. Hirugarrena, xelebrea: ez diot antzeman zer azaldu nahi duen.
Ikusirik nolako mailako ipuinak diren, bere lehen bi liburuak irakurri beharko ditut.

Julen Garate Azpitarte

Nahastu egin naiz: eleberri laburtzak ez daukadana hirugarren ipuina da

Bilbo 54.3

Oso liburu interesgarria Julen Belamunoren hirugarren hau. Julen Belamunok ez du izen handirik euskal literaturan baina niri asko gustatu zaizkit bere hiru liburuak (“Ukabilak eta loreak” eta “Gaueko zaintzailea”)
Bost ipuinek osatzen dute liburu hau eta haietako bi asko gustatu zaizkit (“Desagertuaren oroi-grina” eta “Ahaztutako pintoreak”) eta beste hirurak atseginez irakurri ditut.
Oso ondo idatzita daude, euskara polita erabilita eta erderismorik gabe. Azkar eta gustura irakurtzen da eta oso zapore ona utzi dit irakurketa amaitzean, “Ahaztutako pintoreak” izenburuko ipuin luzea azkena izan delako, batez ere.
Beraz, oso gomendagarria da liburu hau. Honekin Julenek aldarrikatu du leku hobea behar duela euskal literaturan.