Izenburua: Funanbulistaren beldurra
Idazlea: Karlos Gorrindo
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2020
“Norberaren egiak besteenekin osatzen dira; besteen ikuspegiak isilduz eta desitxuratuz ez dago gizarte osasunik”: Sarrionandiak liburuaren atarikoan dioenak argi eta garbi adierazten du gizarte jakin baten gaixotasunak sendatzeko bideak zeintzuk diren, sendabidean jarri nahi izanez gero. Gure iragan hurbilak zauri sakonak utzi dizkigu txertatuta haragian ez ezik, bihotzaren barruan ere. Gizartearen beraren porrota barik, gizakiarena izan da gehiago. Giza miseriak eta handitasunak gobernatu ezinik ibili gara. Izatearen keriak kamustuta ibili gara, ibilian, noiz geratu behar dugun jakin gabe, arnasa hartzeko edo beste bide bati ekiteko, gizartearen eraldaketa helburu eta xede, gizakiarena berarena bazter lagata. Gure herriak, geure txikian, zeresan asko eta handiak eman ditu historian zehar, onerako zein txarrerako; borrokalari sena duen herria da gurea. Baina borroka horretan itsu-itsuan dabilen herriak helmuga du amildegia. Eta gu amildegiaren hegian egon gara luzaroegian. Karlos Gorrindo Etxeandia Ez da erraza zauriak erakutsiz idaztea, ez da erraza ispiluaren aurrean jartzea, urteen iragaiteari aurre egitea eta gertakarietara orduko pentsaerarekin hurbiltzea. Gorrindok hamasei urteko bere kartzelaldiaren kronika egin du, material humanoa eta literarioa erabiliz, musika lagun; bere egia kontatzen digu, bere egia ikusten dugu eboluzionatzen, kapituluz kapitulu, urtez urte, amildegiaren ertzean. Entzun nahi duenik bada?
Interesgarria benetan Karlos Gorrindok idatzitako liburua. Presoek kartzeletan bizitako egoeraz askotan entzun eta irakurri izan dut, baina egoera hori zuzenean bizi izan duen pertsona baten testigantzak gauza asko argitzen laguntzen duela esango nuke. Kartzelako bizitza zein latza eta gogorra den oso modu gordinean eta errealean deskribatzeaz gain, ETAren barnean kide bakoitzak bizi izandako gatazka eta hausnarketen berri ere oso era egokian azaltzen dira.
Idazlea ausarta izan dela esango nuke eta eskertzekoa da hori. Aldi berean, idazkera ere oso atsegina egin zait. Zorionak idazleari. Liburu benetan gomendagarria.
Liburu honek beren herriaren emantzipazioarekin, barne-kontraesanekin eta kanpoko presio eta mehatxuekin konprometitu ziren pertsona askoren sufrimendua islatzen du. Horregatik, ‘Funanbulistaren beldurra’ ez zait iruditzen autobiografia bat bakarrik denik, kritikan nire aurretik dagoen pertsonak dioen bezala, baizik eta Euskal Herriko historiaren zati bat. Sarrionandiak bere hitzaurre zoragarrian dioenez: “Espaniako espazio publikoan ez da onartzen euskaldun errebeldeen egiarik”. Eta hori egiten du Karlos Gorrindok, haren eskarmentua erakustea komunikabide boteretsuenetan agertzen ez den ikuspegi batetik.
Atal bakoitzak protagonista egondako kartzelaren izenburua du, baita garai hartako bizipenekin lotutako abesti batena ere. Horrek, nire ustez, oso kutsu originala eta hunkigarria ematen dio testuari.
Egileak kartzelako bizitzara moldatzea zein zaila zaion kontatzen digu. Beste preso politiko batzuekiko adiskidetasunari, kirolari eta senide eta lagunen bisitei esker lortzen du egoera hori jasatea. Gose greba, isolamendu aldiak, beste presoekin izandako eztabaidak eta erakundearekin izandako desadostasunak ere esan dizkigu. Hori guztia modu argi eta didaktikoan, hiztegi oso zabalarekin eta sentimenduak adierazteko beldurrik gabe. Nabari da ez dela bere lehen liburua, ofizioa duela.
Baina gehien gustatzen zaidana eta nabarmendu nahi nukeena euskararekiko maitasuna da. Halako batean idazten du: “Harrapatua neukan euskarak, liluratuta, eta harro sentitu nintzen euskararen labirintoan sartu eta onik ateratzeko onik nintzela frogatutakoan”.
Lehen esandako guztiagatik, liburu hau irakurri behar da eta Karlos Gorrindoes arrastoa galdu behar ez zaion idazlea da.
Liburu interesgarria Karlos Gorrindoren azkena. Autobiografikoa da liburua, Gorrindo hamasei urtean egon zelako kartzelan, etakide gisa, eta urte horiek dira, hain zuzen, liburuan azaltzen dizkigunak. Hasieran preso ortodoxoa zena heterodoxo bihurtu zen, kalera irten arte. Gero bere herrian batzuen ezinikusia jasan izan behar zuen.
Nahiz eta batzuetan aspertu, orokorrean interesgarria da liburua. Izan ere, hainbeste kartzelarekin eta hainbeste kartzelakiderekin batzuetan interesa galdu dut, baina kontatutako guztia kontuan hartuta, onartu behar dut oso interesgarria izan dela Gorrindo etakidearen bizitza.
Idazketa, ordea, erdipurdikoa iruditu zait. Erderismo ugariaz gain, funtzionarioen esaldi guztiak gazteleraz egotea ez zait batere gustatzen. Kasu horietan beti pentsatzen dut Iparraldeko irakurleengan. Etakide erdaldunak euskaraz aritzen badira eleberrian, zergatik ez funtzionarioak?
Horretaz gain, azkar irakurtzen da eleberria eta pozgarria da kartzelatik ateratzen dena idazle bihurtu izana.
Ondorioz, oso gomendagarria da liburu hau.
Bilbo 54.3-ren iritziarekin bat egiten dut bere lehen lerroetan (interesgarria dela, autobiografikoa, 16 urteko ETA kide baten kartzelaldia azaltzen dela, preso ortodoxoa heterodoxoa bihurtzen dela…), baina ez nago ados “idazketa erdipurdikoa” dela dioenean, ezta ere “erderismo ugari” dituela dioenean. Euskara txukuna eta erraz irakurtzen delakoan nago; beste kontu bat da kartzela aldaketak eta preso askoren ezizenak nahaspilatu egiten zaituela.
Egia da kartzelako funtzionarioen hitzak gazteleraz ipini dituela, eta niretzat ere hori ez da egokia, ez bakarrik Iparraldeko irakurle askok ezingo luketelako ulertu, baizik eta eleberri euskaldunean euskaraz ez dena agertzen itzulita egon behar lukeelako: gazteleraz, ingelesez edo atzerriko beste hizkuntzaren batean idatzita dagoen edozer.
Liburuak gure azken urteetako historia ulertzeko egiaren zati bat azaleratzen du, presoen eta ezker abertzalearen bilakaera nahiko zintzo eta gordin azalduz, euskaldunon azken urteetako historia osatzeko puzzlearen beste pieza batzuk gehituz. Ez da egia osoa, edo batzuen begitik ikusita, hemen azaltzen dena ez da benetako egia izango. Beste batzuentzat ahotan ibili den “Patriak” bezainbesteko balioa duelakoan nago, nahiz eta haren oihartzunik ez duen izango.
Nik ez dut ez batarekin ez bestearekin erabat bat egiten, baina biak irakurri beharrekoak iruditu zaizkit.
Beraz liburu gomendagarria, esaten duenarekin ados egon ala ez.