Izenburua: 6012
Idazlea: Karlos Linazasoro
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2018
1978ko martxoaren 28a. Gau erdian, T.-tik pasatzen den 6012 zenbakidun merkantzia trenak, errailetatik irten, eta lehergailu bat utzi du trenbidearen erdian: 55 tona azido zianhidriko daramatzan zisterna bat. Ia probintzia osoa desagerrarazteko indarra duen bonba bat. Lehen azterketen arabera, zisternak lehertzeko arrisku handiak ditu. Ezin liteke bertatik milimetro bat ere mugitu. T.-ko presidentearen agindupean, segituan jartzen dira martxan larrialdietarako gizatalde eta protokolo guztiak. Era berean, T.-ko biztanleriak laster jakiten baitu istripuaren berri, beldurra eta psikosia pizten dira herrian, kaos ezin esan ahalako bat. Agintari zein teknikoek lanean diharduten bitartean, T.-ko biztanle askok eta askok, izuak hartaraturik, beren etxeak uzteko erabakia hartzen dute. Egun osoa pasako dute trenbidean lanean, eta ilunabar arte inork ez du jakingo zisternarekin zer gertatuko den.
Garaiko giro politiko-sozial nahasi eta izugarriak ere berea jartzen du suspentseko nouvelle txundigarri honetan, pertsonaien arteko harremanak zipristinduz, batzuen makurrak eta besteen elkartasun sentimenduak bistaratuz.
Urte haietako fresko ederra.
Oso interesgarria da Karlos Linazasororen azken liburua. Bere liburu gehienen aurkakoa izan naiz, baina azken hau guztiz desberdina iruditu zait.
Tolosan (agi danez) gertatu zen istripu larri baten kronika laburra egin digu idazleak, alkatea izanik protagonista. Izan ere, alkatea bakarrik uzten dute larrialdia kudeatzeko, RENFEko ikuskariaren laguntza bakarrarekin. Oso ondo deskribatu digu gizon horren estualdia, geureganatzen duguna irakurketarekin aurrera joatean. Amaiera guztiz ustekabea izan zait.
Oso azkar irakurtzen da liburua, hasi eta buka, eta inoiz ez da interesa galtzen.
Beraz, oso gomendagarria da liburu hau. Ea hurrengoak hau bezain interesagarriak diren!
Orain arte gehien gustatu zaidan idazlearen liburua. Gertaera jakin batetik Gary Cooper bezala arriskuaren aurrean bakarrik dagoen agintariarekin eta hainbat pertsonaiekin antzerki mundu bat eratzen du, baina antzerkiko arauak errespetatu gabe. Aspaldi gertatutako pasadizo bat gaur egungo idazmoldearen freskotasunez kontatuta. Azkar irakurtzen da eta bukaera duin batekin.