Aitaren etxea

7

Izenburua: Aitaren etxea
Idazlea: Karmele Jaio
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2019

Blokeatuta dago Ismael, bere nobela berriarekin aurrera egin ezinik, argitaletxetik deika eta epea gogoratzen ari zaizkion arren. Gauzak okertu egingo dira, gainera, bere ama gaixotu egin dela-eta, aita zaharraz arduratu behar duenean. Jasone da senarraren idazlanen lehenengo irakurle eta zuzentzailea; gaztetan idazle izana, gero utzi ziona, baina azken urtean, gauetan ordenagailuaren aurrean, sekretuan berriz sortzen hasi dena. Emazteak idatzitako horretan topatuko ote du Ismaelek azkenaldian aurkitu ezin duen ahotsa? Ala bere baitan arakatu beharko du, ez dakien sekretu hori deskubritzeko? Maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez eta orokorrean generoak emakume eta gizonen bizitzetan duen eragin itzelaz ari da Karmele Jaioren eleberria. Baita familietan sortzen diren isiltasun esanguratsuez ere. Bere nobela anbiziotsu eta ausartena burutu du Jaiok, lurralde ezezagun batean barneratuz eta bertatik arrakastaz itzuliz.

Subscribe
Notify of
guest

7 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Roberto

Liburu ona, Jaiok oparitu diguna: pertsonaia ondo taxutuak, deskripzio poetiko eta ederrak, eta, honelako nobeletan askotan huts egiten duena, istorioa alegia, interesgarria da eta interesez irakurtzen da.
Nik ulertu dudanaren arabera, matxismoaren kalteei buruzko nobela bat da, bai emakume eta bai gizonengan duen eragin izugarriez. Hala ere, egilea ez da panfletoan erortzen, eta kontakizun orekatu eta interesgarria burutzen du.
Interesgarria iruditu zait Ismaelek bere aitarekin duen harreman zaila eta konplexuz betea, eta Jasonek editorearekin duena, azken batean bera ere matxismoak kutsaturiko ikuspuntu batetik hurbiltzen baitzaio gizon horri.
Ez da gogor engantxatzen zaituen nobela horietakoa, baina erraz irakurtzen da, estiloa ez delako zaila, eta gauzak modu argian daudelako azalduta (eta hori ez da gutxi!)

Urnieta 49.2

Ederra, borobila, bikaina! Besterik ezin da esan. Jokoz kanpo utzi nau Jaiok bere eleberri honekin, besterik itxaroten bainuen Aitaren etxea izenburuaren atzean… Zenbat eta zenbat familien ispilu itte liteke? Bilbea zein ondo garatua eta indar handiko irudi ugari: Mendi zakurrarena, gurutzegramarena… Hasi eta buka, irakurri ahala atsedenerako itxi orduko berriro ere deika daukazun horietakoa! Mila esker, Karmele!!

Andoain 25.4

Ismael protagonistak gizon askoren jokatzeko, pentsatzeko eta sentitzeko (edo sentimenduak anestesiatzeko) modua islatzen du . Beti aitaren itzalean, aitaren “gizontasun” eredu eta eskakizuna bete ezinean…
Haren emaztea, Jasone, berriz, idazle izan nahi duena (badena), senarraren idazle karreraren menpe jartzen dena.
Emakumezko eta gizonezkoen paperaren inguruan hausnarketa sakona eskaintzen eta eskatzen digu Karmele Jaiok liburu honetan. Bakoitzaren obsesioak eta kateatuta gaituzten zurrunbiloak ederki adierazten dituela, iruditu zait. Zaintzaren gaiak emakumezkoen barrunbean duen indar gaindiezinak, bereziki hunkitu nau.
Irakurtzeko liburua. Ez dut uste gizonezko batzuei asko gustatuko zaienik, baina…

Eibar 101.1

Asko gustatzen zait Karmele Jaioren estiloa, irakurterraza eta aberatsa aldi berean, elkarrizketak justuak eta bere momentuan. Gainera, aurreko liburuekin alderatuta, literatura heldutasunera iritsita aurkitu dut honako honetan.
Pertsonaien istorio pertsonalak oso ondo garatuta daude, pixkanaka eta zatika euren iragana eta oraingo egoera osoa islatzen du; hirugarren gizonezko batek markatutako min eta konplexuak abiapuntu.
Liburu eder honi zerbait kritikatzekotan, bi kontu, bikaintasunera iristeko: bat, narrazioa erreka batean lasai doa, baina bukaerako gertaerak ur-jausian azkarregi, agian. Bi, Ismael idazlearen pertsonaia egolatra antipatikoegia egiten da bere emaztearen jarrera ulertzeko. Ez da kapaza emakumearen buruan jarrita idazteko, eta apur bat Karmele Jaiori hori gertatzen zaio: bere pertsonaia femeninoak zoragarri daude; aldiz, gehiago kostatzen zaio gizonezkoen larruan sartzea.

Ea 83.1

Idazle gehienek diote ez dietela kritikei jaramonik egiten edo ez dituztela irakurtzen. Ez da hau Ismaelen kasua, pertsonaietako bat eta idazlea, ezin baititu burutik kendu kritikari jakin batek egiten dizkion iruzkinak. Bere emaztea den Jasonek liburutegian egiten du lan eta emanak ere ditu bere lehen pausoak letren munduan. Libe, Jasoneren lagun mina eta Ismaelen arreba da. Berlinera ihes egin zuen herri honetako gatazka politikoaren ondorioz. Eta denen artean, bi neba-arreben aita. Erabaki eta egintza guztietan presente dagoen aita. Fisikoki ez dagoenean, oroimenean egongo da.
Ismael obsesioz beterik dago: bere obra harroa idaztea, kritikaria baretzea, bere burua justifikatzeko beharra besteen exijentzia mailan egoteko gai izan gabe … Gela propio baten falta nabari zaio Jasoneri … Libe ez da ausartzen Belgikatik Kristin bere bikotekidea ekartzera … Ea zer asmo duen Jauregi editoreak …
Bai aitak, bai Ismaelek, edo Jasonek, edo Libek, eta baita Jauregik ere, atzealde bat dute, dendoste bat. Lekuz kanpo sentitzen dira euren bizitzen errealitatean. Transmisio-kate bati erantzuten diote haien ekintzek. Bizitzak uko-egite batean harrapatu ditu.
Batzuetan, besteen akatsak geure baitan ikustean, ez dugu ulertzen nola ez garen gai izan lehenago kontuan jausteko. Inor ez dago zalantzetatik eta arazoetatik salbuetsita; beste kontu bat da aukerekin asmatzea.
“Aitaren etxea” izenburuko kontakizun batean ama bat egon behar da, eta badago, ospitaleratuta badago ere. Ez du kontakizunean jarduten baina esaten duen gutxia asko da, eta agerian uzten ditu senarraren prestazio eskasak (egia esan, ni neu harrituta uzten nau bere ehiza-txakurra saltzen duenean; ez dut inoiz antzekorik entzun).
Baliteke garai batean zenbait pribilegio sumagaitzak izatea, baina gaur egun jokoz kanpo daude.
Liburu honetan Aitaren etxeak horma lodiak eta leihoak murriztuta ditu. Leihoak handitzea eta etxea soilik aitarena ez izatea dagokigu.

Bilbo 54.3

Izugarri gustatu zait Karmele Jaioren azken liburua. Ismael, bere azken eleberria idazteko ezintasuna sufritzen duen idazlea, eta Jasone emaztea dira protagonistak. Libe arreba eta haien ama eta aita ere sarritan agertzen dira kontakizunean. Hari asko nahasten dira eleberrian, orainaldia eta, batez ere, lehenaldia, eta nahasketa horren emaitza paregabea izan da. Benetan, gozamena izan da liburu hau irakurri izana.
Gainera, bikain idatzita dago: Ismael eta Liberen pasarteak, bigarren pertsonan azaltzen zaizkigu (oso dotore iruditu zait beti bigarren pertsonan istorio bat kontatzea); Jasonerena, lehen pertsonan. Erabiltzen den euskera erraza eta, aldi berean, jasoa eta txukuna izan da.
Liburu honekin Karmele Jaiok erakutsi du euskal literaturaren izarretako bat dela eta izaten jarraituko duela.
Beraz, guztiz gomendagarria da liburu hau.

Gasteiz 9.5

Erabat ados nago aurreko kritikarekin, liburu hau balekoa da.
“Hamabost zauri”, “Amaren eskuak”, “Zu bezain ahul” eta Musika airean atsegin izan bazenituen, eleberri honekin ere gozatu egingo duzu. Nire ustez, borobilena. Izan ere, oso eleberri ona eta sakona idatzi du Karmele Jaiok.
Hiru pertsonaia nagusiak ditu liburuak: Ismael, Jasone bere emaztea eta Libe bere arreba. Kapitulu bakoitzak amaieran testuaren hasieran edo erdian aurkitzen dugun esaldi bat du izenburu. Hau oso originala iruditu zait. Pertsonaia bakoitza bigarren pertsonan idatzitako atal bateko protagonista da. Liburua esaldi enigmatiko honekin hasten eta bukatzen da:”Tiro hutsak mendian”.
Ismael zein Jasone idazleak dira. Jasonek testu guztiak zuzentzen dizkion arren, Ismael egilea bezala agertzen da beti. Usurpazio kasu hau ez da berria literaturan. Gogora dezagun María de Lejarragaren irudia. Haren lanak Gregorio Martínez Sierra senarrak sinatu zituen, baina ez zituen idatzi.
Libek, Ismaelen arrebak, Berlinera egin zuen ihes, eta han Kristine bikotekidearekin bizi da, arrazoi politikoengatik. Gobernuz kanpoko erakunde batean egiten du lan. Orain aitaren etxera itzuli da, ama ospitalean baitago eta aita burua galtzen ari baita.
Igartzen da egilea Gasteizkoa dela, eta ondo ezagutzen duela. Horrela, 15. orrialdean honako hau irakur dezakegu.” Gasteiz zabaldu egin da, tinta orbana paperean bezala”
Hasieran idatzi dudan bezala, ez da azaleko liburua, bortxaketa bezalako gaiak jorratzen baititu (behin baino gehiagotan aipatu da Iruñeko kasua), tratu txarrak, lesbianismoa, konpromiso politikoa…
Pertsonaia nagusia gizona bada ere, Ismael; istorioa emakumeen alde dago. Une jakin batean, Jasonek honako hau Ismaeli aurpegiratu zion: “Ez da inoiz sentitu emakume baten azalean. Ezta ametsetan ere”. Aldi berean, pertsonaia maskulinoa honela dago deskribatuta: “Ismaelek ez zuen hori ikusi. Hain zegoen itsu, bere estudioan sartuta, bere Obra Handia idazten”, 67.orrialdean.
Jasone ere kexatzen da Ismaelen jokabideaz.
Hainbeste gustatu zait nobela hau, laster ikusi nahiko bainuke zineman. ‘Handia’ filmaren zuzendariak animatzen ditut. Film ona egingo lukete.