Maitasun kapitala

3

Izenburua: Maitasun kapitala
Idazlea: Karmele Jaio
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2023

Bere maitalea izandako Martinen hiletan dago Olga. Bertan gogoratzen du berarekin bizi izandako pasio sutsua, gizonak duela urtebete utzi zuen arte. Oroitzapenetan murgilduta, Martinekiko bere mendekotasun emozionalaz ohartzen da, eta horrek agerian uzten dio, bere burua emakume aske eta ahaldundutzat bazuen ere, maitasunarekin beti izan duen kontraesana.
Aldi berean, tesi bat zuzentzen dabil Olga irakaslea, emakumeei maitasuna euren bizitzako erdigunea izaten erakutsi zaien moduan sakontzen duena, horretarako Artearen eta Literaturaren historiako zenbait lanetan oinarrituz.
Pertsonaiek bizitako esperientziak eta bateko nahiz besteko artistek piztutako gogoetak tartekatuz, nobela anbiziotsu bat osatu du Karmele Jaiok, arin irakurtzen dena baina arrasto sakona uzten duena, nor bere buruari begira hausnarketara bultzatuz.

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Getxo 50.1

Lehenengo momentutik engantxatu nauen eleberria. Beste liburuak bezala, maisuki idatzi du Karmele Jaiok bere azken eleberria.

Olga eta Martinen arteko harremana kontatzen du. Bakarne eta Laiak garrantzia handia daukate istorioan. Ezinezko maitasuna, doktore tesi bat, botere harremanak.

Baditu aipu pila bat hausnarketarako ematen dutenak.

Zinez, gomendagarria.

Bilbo 54.3

Beste eleberri erraldoi bat ekarri digu Karmele Jaiok. Maitasunari buruz eta emakumeengan maitasunak sortzen dituzten arazoei buruz idazten digu Karmelek. Olga pertsonaiak Martin maitalearekin bizi duenarekin eta Laia ikasleak doktore-tesiarekin harilkatzen du idazleak bere teoria sendoa eta interesgarria. Gainera, idazle eta margolari batzuen aipu eta pasadizo interesgarriak tartekatzen ditu eleberrian, teoria hori argigarriagoa egiteko.

Azkar irakurtzen da bikain idatzita dagoen liburu hau eta ezin da irakurketa utzi liburua amaitu arte, oso gozagarria izan baita.

Karmelek, beste behin, eleberri esanguratsu bat idatzi du, zeresan asko sortuko duena, eta jarraitzen du erakusten euskal literaturako izarretako bat dela.

Ondorioz, biziki gomendagarria da eleberri hau.

Gasteiz 9.5

Karmele Jaiori irakurtzen diodan zortzigarren liburua da honakoa, eta ez dit hutsik egin. Are gehiago, bere nobelarik onena dela uste dut. Maitasun erromantikoaren salaketa da. Testu honetan, Gasteizko egileak maitasunean kaltetutakoa emakumea dela deskribatzen du.”Emakumeen opioa izan dela maitasuna Kate milletek adierazi zuen bezala” (…) “gu maitatzen geunden bitartean, gizonak gobernatzen ari ziren”, 96.orrialdean.

Eleberria oso modu originalean hasten da: Martinen hileta da, protagonista, lehenengo lerroan emaztea eta seme-alabak daude. Atzean bere maitale ohi guztiak.

Hiru emakume pertsonaiak nagusiak dira: Olga, Bakarne eta Laia.Olga Martinen amodioa izan da, Bakarne haren laguna eta Laia ikasle bat, zeinak Olgak bere tesia zuzentzea nahi baitu. Tesia amodio erromantiokaren gainekoa da.

Esango nuke Karmele Jaioren literatura- eta pintura-gustuak oso egokiak direla. Hala, kapitulu batzuen amaieran, Camille Claudel eskultorea, Artemisia Gentileschi, Frida Kahlo, Edward Munch eta Idea Vilariño, Julian Barnes, Lorrie Moore, Carson McCullers, Margerite Duras, Aleksandra Kollontai, Gustave Flaubert idazleak aipatzen dira.

Eleberrian batzuetan agertzen den umorezko tonua nabarmenduko nuke. Horrela, 46. orrialdean honako hau irakur dezakegu: “Mende honetan hiru izan dira asmakizun onenak dudarik gabe: tinder, satisfyer-a eta itzultzaile neuronala. Zenbat denbora aurreztu diguten hirurek…”.

Amaitzeko, esango nuke Karmele Jaioren liburu hau irakurtzea merezi duela, ez bakarrik bere gai eta edukiagatik, baita bere formagatik ere. Oso ondo idatzita dago eta irakurtzeak hasiera-hasieratik erakartzen zaitu.