Izenburua: Aitona Floren
Idazlea: Karmele Mitxelena
Ilustratzailea: Jokin Mitxelena
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2024
Gomendatutako adina: 10 urtetik aurrera
Danel aitonaren zain dago eskolako atarian, egunero bezala; bera joaten zaio bila, Danelek bere kabuz moldatzeko gauza dela uste duen arren. Txurirekin joan ohi da; txakurrak haur guztiek entzuteko moduko zaunkak eginez agurtzen du beti. Gaur, ordea, aitona asko berandutzen ari da, eta bakarrik abiatzea erabaki du. Etxera iristean jakingo du aitona zorabiatu egin dela eta ospitalera eraman dutela. Haurrei norbait betiko lo geratu dela esaten zaienean, badakite norbait hori hil egin dela, izarretara joan dela esaten zaienean bezala. Danelek ondo daki aitona ez dagoela lo, bazkalostean telebistaren aurrean geratzen denean bezala. Eta amari galdetu dio erantzun zehatz baten bila: Aitona hil egin da, ama?