Izenburua: Biba Mina! Kontuak eta kantuak
Idazlea: Kepa Larrea
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2017
Xabier Mina Frantziako iraultzaren bezperan jaio zen Nafarroan (1789). Ikasia, euskalduna, Nafarroako gerrillarien burua Frantsesestean, Estatuko presoa Frantzian eta Mexikoko gudaroste insurjentearen jenerala independentzia gerrateetan.
Nafar gaztea legenda bilakatu zen. Ekintzak bata bestearen ondotik zetozkion. Minaren istorioak eta gertaerak ahoz ahoz zabaldu ziren, egiazkoak zein gezurrezkoak. Nafarroan mila gizoneko gerrillari taldea zuzendu zuen, Nafarroako Dibisioaren ernaimuna izango zena.
Mexikora gudaroste txiki bat eraman zuen, Europako eta Ameriketako 300 ofizial prestuez osatua; horietatik gutxi batzuk baino ez ziren bizirik irtengo.
1817an, 28 urte zituela, Mexikon Borboi erregearen gudarosteak atxilotu eta atzetik fusilarazi zuten, traidoreen antzera.
Mexikon, berriz, maila goreneko heroi bilakatu zen. Askatasunaren eta independentziaren alde borrokatu zuen beti. Xabier Mina hil eta lau urtera Mexikok independentzia erdietsi zuen.
Biba Mina!
Egile honen aurreko liburuan (Mina edo libertatea!) gertaerak arrapaladan badoaz ere, hemen gauzak astiroago doaz. Hark, liburu biografiko bezala, ezin zituen bere gain hartu ustezko posizioak ez lagunarteko ustezko elkarrizketak. Honek bai.
Hemen, Mina eta mugimendu matxinatuen inguruan sortu ziren abesti herrikoiak eta kontakizunak ere jasotzen dira. Berton, aipatzeagatik, Pablo Nerudaren poema bat Mina deskribatuz: “… iritsi zinen ur gogor hari bat bezala … ”
Vamos a Mina!